Assange etxean, eta galderak airean
Julian Assange libre geratu da. Zergatik orain? Zerk bultzatu du Washington auziari amaiera ematen dion akordio honetara? Zergatik tematu da hainbeste Assangek trukean bere burua erruduntzat jo behar horretan? Denboran gehiegi luzatu den eta gauzak gehiago okertuz gero are gehiago katramilatzeko arriskua zuen figura zen Assange.
Julian Assange aske da. Hamarkada bat baino gehiago iraun duen amesgaiztoa amaitu berri da australiar Wikileaks webgunearen sortzailearentzat, eta etxean da dagoeneko, Australian. Hori da garrantzitsuena arlo pertsonalean, baina atzean galdera asko geratzen dira.
Galde liteke, besteak beste, zergatik orain? Zerk bultzatu du Washington auzia amaitzen duen akordio honetara? Zergatik tematu da hainbeste Assangek trukean bere burua erruduntzat jo behar horretan? Badu loturarik AEBetako hauteskundeekin, eta herrialdean bizi den polarizazioarekin?
Estatu Batuek herrialde gisa dauzkaten hutsune nabarmenen ondoan (armen kulturatik arrazismora, etxe barruko gaitzei soilik erreparatuta), beste muturrean osasuntsuen ageri den printzipioetako bat adierazpen askatasuna da. Herritar gehienek oso barneratuta daukate eta indartsu eusten diote, baita protestarik polarizatuenetan ere: nahi duzuna esateko eskubidea daukazu, baita ni guztiz aurka banago, baita oso mingarria bada ere. Ohiko adibidea: AEBetako banderari su ematea, erretzea, ez da delitu. Ez dizute txalo egingo, bistan da, sozialki gutxiespena, are bazterketa jasan ditzakezu, baina ez duzu ondorio judizialik izango. Konstituzioaren lehen emendakinak babesten du adierazpen askatasuna.
Horrek are nabarmenago uzten du AEBetako espioitza-legea. Urteotan gogora ekarri den bezala, lege horren aplikazioak heriotza-zigorra ere izan dezake ondorio.
Saipaneko auzitegian hori bera adierazi berri du Assangek, epaileak zein delitu egin duen galdetu dionean: «Kazetari gisa lanean, nire iturria bultzatu nuen sekretua zen informazioa ematera, informazio hori argitaratzeko. Nik uste dut [AEBetako Konstituzioaren] Lehen Emendakinak babesten duela hala jardutea. Uste dut Lehen Emendakina eta Espioitza Legea elkarrekiko kontraesanean daudela, baina onartzen dut zaila izango litzatekeela baldintza horietan kasua irabaztea». 2010ean Wikileaks-ek agerian utzi zituen AEBetako Armadak Iraken eta Afganistanen egindako gerra-krimenak, eta horretan, ezinbesteko erresonantzia-kaxa izan ziren Assangeren webguneak argitaratutako paperak zabaldu zituzten hedabide entzutetsuak -gero, “The Guardian” izan da haren aldamenean jarraitu duen ia bakarra-. Izatekotan, krimen horiek izan beharko lukete balizko delitu, ikertu eta auzipetu beharrekoak -gogoan izan behar da AEBek ez dutela aintzatesten Nazioarteko Zigor Auzitegia; zinikoki argudiatzen du herrialdeko legeak aski direla balizko krimenak auzipetzeko-.
KONTUAK KONTU, ENBAXADAKO ITXIALDIKO ZAZPI URTEAK ETA BELMARSHEKO ESPETXEKO BESTE BOSTAK
ere ez dira alferrik igaro. Memoria laburra izatearen abantailetako bat da AEBek urte gutxiren buruan argitaratzea mundu zabalean egindako txikizioen berri, bai Gobernuak paper ofizialak desklasifikatuta, bai hedabideen ikerketen ondorioz.
Joe Biden Irakeko gerraren alde egon zen, baina ez du erreparorik okerra izan zela onartzeko; Trump are argiagoa da mundu guztiak uste duen horretan; George Bush historia da zentzu horretan. Move on, orrialdea pasatzea, aurrera egitea, denen intereserako zen; denboran gehiegi luzatu den eta gauzak gehiago okertuz gero are gehiago katramilatzeko arriskua zuen figura zen Assange. Bidenek hiru urte izan ditu akusazioa bertan behera uzteko. Eta ia agintaldi osoan tematu da Erresuma Batutik estradizioa lortzen. Assangerentzat eta, Bidenentzat ere zorionez, ez da estradiziorik gertatu. Iraganeko korapiloan are gehiago lotuko litzateke.
Besteontzat, kazetariontzat batez ere, izan zezakeen kontsolamendua: parez pare jartzea Espioitza Legea eta adierazpen askatasuna AEBetako auzitegietan. Assange bere burua erruduntzat jotzera derrigortuta, eztabaida hori ere eragotzi du. Assangeren abokatuak martxo inguruan hasi omen ziren akordio bila. Apirilean Bidenek berak iradoki zuen kasua ixteko gogoa. Eta maiatzean iritsi zen Londresen AEBen eskaera oztopatzen zuen eta akordioa errazten zuen ebazpena: helegitea onartzen zitzaion Assangeri, eta berehalako estradizio arriskua urruntzen zen.
Testuinguru horretan, Bidenentzat ere ez zen komeni itxi gabeko auzi bat zabalik izatea hauteskunde kanpainan. Wikileaks-ek argitaratutako gerra-krimenak ez dituzte gogorarazi nahi estatubatuarrek, baina demokrata guztiek dute gogoan Trumpen garaipena eta Hillary Clintonen porrota, neurri batean, 2016ko hauteskundeen bezperatan irtendako paperen ondorio izan zela.
Auzi hau hauteskundeak baino lau hilabete lehenago itxita -eta ez irailean edo urrian, kanpaina betean - tartea dago gaiaz ahazten joateko. Eta ofizialki adostu eta aitortu gabe ere, Australiako Gobernuaren bermeen artean egongo da berriz ere 2016koa bezalako ezustekorik ez egotea aurtengo hauteskundeen atarian.