Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Arraun Lagunak eta Bermeo, 100. bandera astinduz, poz-pozik etxera

Euskotren eta Eusko Label ligetako egungo txapeldunak bakoitzak bi bandera astinduta eta lidergoa sendotuta bueltatuko dira Euskal Herrira. Asteburuan Galizian ikusitakoak zerbait iragar dezake.

Arraun Lagunaken trainerua, Bueun arraunean.
Arraun Lagunaken trainerua, Bueun arraunean. (Aitor ARRIZABALAGA | ACT)

Bueuko urek itxi zuten Galiziako «stage»-a. Larunbatean Coruñak hartu zuen denboraldiaren estreinakoa, eta atzo Bueu izan zen antolatzailea euskal traineruak etxera itzuli baino lehen. Eusko Label eta Euskotren ligetako lehenengo bi estropada horiek askorako eman dute, gehienbat gauzak nondik nora joan daitezkeen arrasto bat hartzeko.

Ligak irabazteko hautagai nagusiak Bermeo Urdaibai, gizonetan, eta Arraun Lagunak, emakumezkoetan, dira. Egungo txapeldunak dira biak eta Galizian bi bandera lortu dituzte; bermeotarren kasuan, gainera, beren historiako 100. bandera astintzea lortu zuten.

Bertako uretan Bermeok nahi zuena egin zuen. Hasieran Zierbenari eman zion lekukoa, baina bigarren luzean Gorka Aranberriren gizonek estropadako lidergoa hartu eta amaierara arte iraun zuten lehen postuan. Ez zuen arriskurik batere izan garaipena galtzeko eta etxera poz-pozik bueltatuko dira; horietatik bat, gehienbat: debuta egin zuen harrobiko Michel Ciznero.

Zierbenak ere pozik egoteko moduko proba egin zuen. Bizkaitarrak bigarren ipini dira sailkapen nagusian eta dudak sartu dizkiete Hondarribiari, atzo bosgarren izan zenari, eta Donostiarrari, indarra galtzen joan eta seigarren geratu zenari. Gipuzkoako hiriburukoek ezin izan zioten emaitza hoberik eskaini Ioritz Orbegozo taldekideari eta egun hauetan zendutako haren anaia txiki Egoitzi. Baina harro egoteko moduan daude pasatutakoak ikusita.

BIGARREN TXANDA: BEROA, HASI ETA BUKA

Emozioa bor-bor egon zen txanda horretan. Alde batetik, Orio eta Getaria txanda irabazteko lehian aritu ziren; bestetik, Ondarroak eta Lekittarrak aurreko txandako Cabo eta Kaiku izan zituzten aurkari. Txanda eramateko lehia horretan, Orio izan zen garaile, baina Getariak azken unera arte izan zituen arnasa eta indarra. Azkenean, segundo bateko aldea egon zen bi traineruen artean. Eta sari potoloa jaso zuten ondoren, ohorezko txandan aritu ziren Hondarribia eta Donostiarraren aurretik sailkatu baitziren azkenean.

Emozioa atzetik ere etorri zen. Izan ere, Ondarroaren aurkaria Cabo izan zen. Galiziarrak aurreko txandan aritu ziren, eta beren denbora hobetzea izan zuten erronka gipuzkoarrek. Une askotan atzetik aritu ziren. Baina helmugan helburua bete zuten lau segundoko aldearekin. Lekittarrak gauza bera egin zuen Kaikurekin eta sestaoarren aurretik amaitzea lortu zuen.

Lehen txandan, Cabok bere maila eman eta txanda irabazi zuen -gero, gainera, ikusi zen Lekittarra baino hobeto aritu zela-, agian pixka bat gorago egon daitekeen Kaikuren aurretik. Baliteke bi ontzi hauek bigarren txandakoekin aritzeko lehian izatea urtean zehar.

Atzetik, igo berri den San Pedrok beste bi puntutxo lortu zituen eta, garrantzitsuena dena, Bueu aurkari zuzenaren aurretik amaitu zuen. Hala, asteburuko kontuak eginda, beste bi puntu atera dizkie “Libia”-k galiziarrei eta horrek, urte amaierarako, garrantzi handia izan lezake.

ARRAUN, SENDO

Euskotren Ligan ere arrauna egiteko baldintzak zeharo ezberdinak izan baziren ere, garailea larunbateko bera izan zen. Asteburua biribildu zuen Arraun Lagunakek bigarren banderarekin eta argi eta ozen esan dute aurten ere Liga irabazteko hautagai nagusiak direla.

Ohorezko txandan aritu zen Andrea Astudillo patroiak gidatzen duen ontzia, aurreko eguneko sailkapena kontuan hartuta, eta ez zuen inongo oztoporik izan irabazteko. Tolosaldeak atzetik aurrera egin zuen eta bigarren izan zen, asteburu ona ere biribilduz, larunbatean hirugarren izan baitzen. Bestalde, Hibaikak, Coruñako arantza kendu, eta bosgarren izan zen.