Jon GARMENDIA
Idazlea

Dabiltza

Ez gaudela gizarte beraren aurrean esan dit Josebak, aldatu egin dela, oso denbora gutxian gainera. Ez dakit, pentsakor gelditu naiz. Gizartea, gure komunitatea, kohabitazio eremua aztertzeko gaitasunik ba ote dugun, horri eman dizkiot buelta batzuk. Josebak ondorioztatu du covid pandemia eta gero zerbaitek klik egin duela askoren buruan, etorkizuna zedarritzeko garaian.

Aitzakia aproposa izan daitekeela iradoki diot hori, nahi modura funtzionatzen hasteko, orain artekoa bazter utzita, baina berak ezetz, zerbait ez doala errai berean. Tira, hausnarrean sakontzeko balio izan dit. Duela mende bat baino gehiago Upton Sinclairrek idatzitako “The Jungle” ekarri dut hizketaldira, halakoetan erreferentzia bat bilatzeko ahalegina egiten baitut, eta badakit irakurketa berritu behar dudala memorian fresko izateko, baina idazkiak agertzen dituen langile klasearen pobrezia, bizi eta lan baldintza gogorrak, euskarri sozialen eskasiak eta langile gehientsuenen etsipena ez ote diren gure garaian errepikatzen ari, kontuan hartuz liburu hark AEBko gizartea agertzen zuela eta gure Europa zaharrean errealitate haren oihartzuna entzuten dela… Gainera, eliteen ustelkeria herritar xumeen zailtasunen aitzinean.

Horiek teoria anitz esperantza hedatzeko baina praktika gutxi ongizatea gizartera ekartzeko. Edo Garbiñek aipatu duen esaldi zahar batek dion modura: etxean otoitzik egin ez eta auzoan meza ematen. Halatsu dabiltza.