Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jon Ander Peñaren abiadurak aurrea hartu zion Unai Lasoren grinari

Saketik hasita, tolosarrak Bizkarreta-Gerendiaingo faboritoak baino abiadura bat gehiago sartu zion pilotari Elgetako pilotaleku bizian eta erroibartarra 5-2 aurreratu bazen ere, aurkariaren mende egon zen partida guztian, tantoen ekimena hartu ezinik.

Jon Ander Peñak min handia egin zion Lasori saketik.
Jon Ander Peñak min handia egin zion Lasori saketik. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tolosaldeko bi pilotarik, Jokin Altunak eta Jon Ander Peñak, jokatuko dute datorren igandean Nafarroa Arenak hartuko duen sanferminetako kaiolako lehen finala, atzo Elgetan Tolosakoak Unai Laso kanporatu ostean. Lehenik ere erakutsia zuen Baikoko aurrelari gipuzkoarrak kaiolan oso kontuan izan beharreko pilotaria dela, baina Elgetakoa bezalako frontoi bizi batean, bere abiadurari etekin izugarria atera zion eta ezerezean utzi zuen erroibartarraren berezko grina. Bizkarreta-Gerendiaingoak ez du, hortaz, Buruz Buruko arantza ateratzeko modurik izango, ez oraingoz behintzat, baina tolosarra atzoko maila errepikatzeko gai bada -Arenako kantxa ere ez da batere txarra bere dohainentzat- final ederra ikus dezakegu, aurretik ere majo estutu izan baitu Peñak amezketarra kaiolan.

Hori bai, tolosarrak ez du lan erraza izango atzoko eraginkortasuna eta akats kopuru murritza errepikatzen partidari halako erritmoa sartuta, eta horixe da bere dohainik onena. Ezkurdiak berak ere erritmoa sartuz irabazi zizkion Sadarren aldamenean jokatutako kaiolako bi finalak Altunari, eta horrexek ematen du Peñaren garaipenerako bidea igande eguerdian.

Epailearen txapa lagun, ondo ekin zion Unai Lasok partidari, lehenengo zabalera jotako sake batekin 3-0 aurreratuta eta sake-erremate dotore batekin ere beste hiru tantoko aldea lortuz (5-2). Baina hortik aurrera Jon Ander Peñaren erritmora dantza egitea egokitu zitzaion eta, tantoaren ekimena lortu ezinda, deseroso aritu zen lehia osoan zehar Baikoko nafarra.

SAKE BELDURGARRIAK

Saketik hasita, denera zazpi tanto sartu zizkion lehen pilotakadarekin tolosarrak, Jon Ander Peñak beste abiadura bat sartu zion pilotari eta aurkaria defentsa lanetan izan zuen nagusiki. Tarteka pilotaren batek ihes egin bazion ere, aurrelari gipuzkoarrak asko mugiarazi zuen Laso eta ezker airez ere oso eraginkor eta oldarkor aritu zen, jokatu zuen erritmorako oso akats gutxi pilatuz.

14-1eko partzial batekin hautsi zuen partida Jon Ander Peñak (5-2tik 6-16ra) eta tanto bakar horrek ere urdina behar zuen, Lasoren erremateak zabaleko txapan jo baitzuen. Baina sakean ere nabarmena izan zen, atzokoan behintzat, Lasoren pilotakadek ez zutela aurkariaren abiadurarik, eta nafarrari kosta egin zitzaion lehen pilotakadaren jabe zenean ere tantoak pilatzea.

Irabazteko bertigorik gabe, Jon Ander Peñak berean jarraitu zuen, gauzak egoki eginez, eta bere ibilbide profesionaleko buruz buruko lehen finala jokatzeko bidea egin zuen, nahiz eta sanferminetakoa ez izan urteko hiru txapelketa handietako bat.

ALTUNAREN ERRONKA

Jokin Altunaren gosea asegaitza da eta azken kurtsoko hiru final nagusietan egon eta gero, sanferminetako lau eta erdikoan ere izango da, larunbat gauez goraino betetako Sopelako pilotalekuan azkenaldian hazten ari zen Joseba Ezkurdia txiki utzita (22-5). Ostegunean Zumarragan Salaberriaren aurka hainbeste sufritu zuen amezketarrak azkar baino azkarrago hartu dizkio neurriak kaiolari eta bere mailan koska bat, edo bi, gora eginda, erronka berri bati ekingo dio datorren uztailaren 7an, emaitza onik lortu ez duen Nafarroa Arenan ere -bertan jokatutako hiru finalak galdu ditu- besoak altxatzeari.

Elgetakoa baino askoz pilotaleku lasaiagoan, Ezkurdiari ezinezkoa egin zitzaion erritmoa sartuz Jokin Altuna deseroso sentiaraztea, eta aurkariak izan zuen errematerako zehaztasunik gabe -zortea ere ez zuen lagun izan tantoren batean- desesperatuta amaitu zuen sakandarrak.

JAKAK MIN HARTU

Elgetako jaialdiko lehen partidak ez zuen amaitzerik izan, Urrutikoetxea-Ugartemendia markagailuan 19-14 aurretik zirela, Erik Jakak min hartu baitzuen. Lizartzarra, hankak hiruko arrastoan zituela ezker boleaz sartzera zihoala, ezker oinak irrist egin zion izerdi putzuren batean eta lurrera joan zen spagat moduko bat eginez. Aurrelari gipuzkoarrak ez zuen jokatzen jarraitzerik izan eta azaldu zuenez, abduktorean min hartu zuen. Lizartzakoak ez du uste ezer larria denik, baina kexu agertu zen, azkenaldian halako istripuak sarriegi gertatzen ari direlako pilotalekuetan.