GARA
IRUÑEA
PILOTA

Inoiz baino bikote gehiago lehiatuko dira aurtengo San Fermin Torneoan

Enpresa bakoitzeko lau bikote ariko dira lehian aurtengo San Fermin Torneoan, bi aurrekanporaketa jokatuta. Ostiralean hasiko da txapelketa Labriten. Elordi, Asperen aldetik, eta Aranguren eta Urrutikoetxea, Baikoren aldetik, dira nobedade nagusiak.

San Fermin Torneoan lehiatuko diren pilotariak, San Fermin basilikan.
San Fermin Torneoan lehiatuko diren pilotariak, San Fermin basilikan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Binakako San Fermin torneoak hazten jarraitzen du. Aurtengo edizioa -atzo aurkeztu zuten San Fermin basilikan- inoizko parte-hartzaileena izango da, enpresa bakoitzeko lau bikote lehiatuko direlako. Hiru bikoteko bi multzoak osatzeko aurrekanporaketa bana jokatuko dute bi enpresek. Aurrenekoa ostiralean jokatuko da, Labriten, 22.15etik aurrera. Larunbatean jokatuko da bigarren kanporaketa eta, modu honetan, ohiko bi multzoak osatuta geratuko dira.

Bi enpresek lehen lerroko pilotariak aukeratu dituzte txapelketa honetarako eta, beraz, apenas dago ezustekorik. Nobedade handiena Aspek Aitor Elordi aukeratu izana da, Javier Zabalaren aurretik. Aurrelari errioxarra urte oparoa ari da izaten eta, horri esker, Caixabank Mastersean tokia egin zuen. Sanferminetarako, baina, Elordiren aldeko apustua egin du Eibarko enpresak. Inaxio Errandoneak, Aspeko zuzendari komertzialak, Caixabank Masterseko aurkezpenean jada aurreratu zuen aurrelari bizkaitarrak aukerak izango zituela udako txapelketetan, eta San Fermin Torneorako hautatzeak ideia hori berretsi du.

Lehen lerroko bost aurrelariren artean bat kanpoan utzi beharrak buruhauste ugari sortzen ditu, baina, era berean, berme handia da Eibarko enpresarentzat. Hala, sekulako deialdia osatu du: Elordirekin batera, Joseba Ezkurdia, Peio Etxeberria eta Jokin Altuna -Lau eta Erdiko finalista- izango dira aurrelariak. Atzean apenas dago nobedaderik: Jose Javier Zabaleta, Beñat Rezusta -egungo txapelduna, Altunarekin batera-, Julen Martija eta Xabi Tolosa.

Baikoren aldetik ere antzeko zerbait gertatzen da. Martxel Iztueta sartu zen Caixabank Mastersean, baina sanferminetarako Aitor Arangurenen aldeko apustua egin du Bilboko enpresak. Aginagako atzelariarekin batera, Mariezkurrena, Imaz eta Albisu izan dira hautatuak. Aurrealdeari dagokionez, Urrutikoetxea da nobedade nagusia, Artolaren lesioa dela-eta. Gainontzean, Jon Ander Peñak -Lau eta Erdiko finalista-, Lasok eta Jakak osatzen dute deialdia.

BIKOTE LEHIAKORRAK

Bikote oso lehiakorrak osatu ditu Aspek, Binakakoan ongi funtzionatu zuenari jarraipena emanez. Hala, Binakako txapeldun (Peio Etxeberria eta Zabaleta) eta txapeldunordeak (Jokin Altuna eta Martija) elkarrekin jarri ditu, eta A multzotik abiatuko dira. Multzo berean lehiatuko dira Baikoko Jaka-Albisu.

B multzoari dagokionez, Peña-Mariezkurrena bikotea arerioen zain dago. Ostiralean jokatuko da lehendabiziko kanporaketa, Baikoko beste bi bikoteen artean: Laso-Imaz eta Urrutikoetxea-Aranguren. Larunbatean, bestalde, Asperen kanporaketa jokatuko da, Ezkurdia-Tolosa eta Elordi-Rezustaren artekoa.

Behin kanporaketak jokatuta, hilaren 7an, San Fermin egunean, 22.15etik aurrera jokatuko da lehendabiziko jardunaldia, Jaka-Albisu eta Peio Etxeberria-Zabaletaren artean. Hurrengo sei egunetan (hilaren 12ra arte), egunean pilota jaialdi batekin, multzoen artean txandakatuko dira jardunaldiak, eta 14an, San Fermin jaien azken egunean, jokatuko da final handia Labriten.



Altuna eta Peña, kaiolako finalean

San Fermin Torneoaren lehen kanporaketak jokatu ostean, kaiolako finalaren txanda iritsiko da, hilaren 7an, goizeko 11etan hasiko den pilota jaialdian. Jokin Altuna eta Jon Ander Peña neurtuko dira Nafarroa Arenan, Tolosaldeko bi pilotari, aski ezagunak elkarren artean.

Amezketakoarentzat seigarren finala izango da Lau eta Erdiko sanferminetakoa, eta orotara, hiru aldiz irabazi du txapela. Laugarrenaren bila joango da egungo txapelduna, abiadurarekin mina egiten saiatuko den Peña II.aren aurka. Baikoko aurrelariak Laso kanporatu zuen finalerdietan, eta bere lehendabiziko finalean, ezustekoa eman nahiko du garaipenaz sekula asetzen ez den amezketarraren aurka.

Sarrera gutxi batzuk geratzen dira salgai, denak goiko harmailakoak, 15 eta 45 euro artekoak. GARA