Iñigo ASENSIO
DONOSTIA
Entrevue
GORKA IZAGIRRE
Cofidiseko txirrindularia

«Sasoi hasieran lehiatzeko gosez nengoen, baina orain zalantza asko ditut»

Gorka Izagirre (Ormaiztegi, 1987) Cofidis talde frantziarrera batu da denboraldi honetan, eta 2011n Tourrean debuta egin zuenetik estreinakoz, hiru itzuli handiak lehiatu gabe geratuko da. Aho bizarrik gabe solastatu da NAIZ Irratian.

(COFIDIS)

Lehendabizi Oier Lazkanoren (Movistar) ihesaldiarekin itxaropentsu, ondoren Vingegaardek (Visma) Pogacarren (UAE) erasoari emandako erantzunarekin harrituta eta, azkenik, esloveniarraren nagusitasuna txalotuz, Gorka Izagirrek NAIZ Irratian jarraitu zuen Frantziako Tourreko 4. etapa, Galibier mendate esanguratsutik igarotzen zena.

Ormaiztegiarra, aurten Cofidis taldeak fitxatua, ez da Tourrean lehiatzen ari; bai, ordea, bere anaia eta taldekide Ion, eta Gorkak onartu du etxetik lasai ari dela jarraitzen itzuli handi hau. Hamar aldiz lehiatu da bertan, 2011n debuta eginez. Oroitzapen politak dituela onartu du, nahiz eta sekula ez duen garaipenik pilatu. Morroi lanetan ikusi izan dugu sarritan, baina onartu du lehiatzeko gosea itzaltzen ari zaiola. Ordiziako Klasikan ikusiko dugu berriro ere. Etxe alboko hauspoa sentitzeko gogotsu dago.

Aurten Cofidis taldearekin egindako denboraldi honetan, bazeneukan egituraren ezagutza bat anaia ere bertan dagoelako. Nolakoa izan da Cofidisen lurreratzea?

Egia esan ez da nire denboraldirik egokiena izaten ari, garbi esanda. Kostatzen ari zait. Hor nabil, nahi eta ezin batean. Lehendabiziko zati hau bukatu dut, asko luzatu dut denboraldiko lehen zati hau, lasterketa askorekin eta abar, gustatuko litzaidake deskantsuko zati hauek lehenago hartzea. Baina tira, aurreko astean hartu nituen eta gogotsu ekingo diot bigarren zatiari.

Zein plan daukazu denboraldiaren bigarren zati honetarako?

Ez dut ongi definitua, baina etxean hasiko naiz, Ordiziako lasterketarekin. Gogoz nago, etxean izango diren lasterketak dira, ezagutzen ditut.

Ondoren, baduzu Espainiako Vueltako taldean izateko aukera edo ideiarik?

Ez dut Espainiako Itzulirik egingo. Lasterketak eta itzuliak badaude, Polonian eta Kanadan izango naiz segur aski.

Zer da gorputzak gehien eskatzen dizuna?

Ez daukat goserik, egia esan, Espainiako Itzulia egiteko. Taldearen aldetik, galdetu didate ea nahi dudan, baina, egia esan, ez daukat goserik. Nire erantzuna horixe izan da. Hiru asteko itzulietatik gehiena kostatu izan zaidana da, ibilbide motengatik, denboraldiko hirugarrena delako edo ez dakit zergatik. Dakidana da ez dudala inoiz lortu ongi ibiltzea. Eduki izan dut itzuli honekiko errezelo bat, eta ez dut oso maitetzat sentitu. Tourrean oso egun politak bizitakoa naiz, Giroan ere bai, baina Espainiako Itzulian ez. Hori ere hor daukat, eta kirolari bezala ez nau asko betetzen eta nahiago dut beste egutegi bat.

Oroitzapen edo burura datozkizun sentipen horiekin, denboraldiaren bigarren kolpe honetan izango dituzun lasterketetan, Ordiziako Klasikoak, esaterako, oroitzapen oso politak ekartzen dizkizu. Bada nolabait denboraldiari berriro neurria hartzeko gustuko lasterketa bat.

Bai, zalantzarik gabe. Nire ibilbide honetan, etxeko lasterketa izateaz aparte, hiru garaipen horiekin, oso gustuko dudan lasterketa da. Urte luzez lehiatu gabe egon naizen lasterketa bat da. Horrek ere motibatu egiten nau. Gogotsu hartzeko arrazoi bat da eta horretan saiatuko naiz.

Entrenamenduetan motibazio bila egiten dira lehiaketa proiekzioak. Larraiztik Zaldibiara doan errepide horretan, maldan behera, kilometro asko egingo zenituen eta egingo dituzu. Eta hor pilatuko zaizkizu garaipen ezberdinen bizipenak, ezta?

Bai, hala da. Entrenamenduetan ez naiz malenkoniatsu jartzen, baina hala da. Oso ondo ezagutzen ditudan errepideak dira. Umetan, lasterketak egiten hasi ginenetik, Larraizko buelta ematen genuen, alde batetik edo bestetik, eta orain ere han ibiltzen gara.

Espainiako Vueltarako goserik ez eta denboraldi honek ez dizula giza-larru gozoegirik utzi esan duzu, baina Gorka Izagirrek badu goserik txirrindulari izaten jarraitzeko?

Ba denboraldi hasieran gose handiarekin hasi nintzen, baina orain zalantza asko ditut. Ikusiko dugu, ez dakit zer gertatuko den hemendik aurrera Gorka Izagirrerekin.