Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

IAZKO BALENTRIA GOGOAN: ETXEKO ESTROPADAN BI BANDERAK ASTINTZEA

TKE liga sortu zenetik, ez du inork lortu egun berean etxeko bi banderak astintzea. Bada, Donostiarrak iaz lortu zuen balentria hori Kontxako badian: Fabrika bandera astindu zuten Nerea Perezek eta Arkaitz Diazek. Bihar hori errepikatzen saiatuko dira, badakiten arren «oso zaila» izango dela. Etzi, berriz, Zierbenan arituko dira.

Arkaitz Diaz Donostiarrako patroia, eta Naroa Garamendi arraunlaria Trintxerpen.
Arkaitz Diaz Donostiarrako patroia, eta Naroa Garamendi arraunlaria Trintxerpen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lehorreratzen ari ginen unean, irabazitako bandera gure euforia guztiaz disfrutatzen ari ginenean, sorpresaz entzun genuen bozgorailuetatik mutilek ere irabazi egin zutela. Beraz, are eta poztasun handiagoa sentitu genuen», hasi da kontatzen Naroa Garamendi (2000, Lekeitio) Donostiarrako arraunlaria. TKE liga sortu zenetik, ez du inork lortu egun berean gizonezkoen zein emakumezkoen traineruak etxeko bandera astintzea. Bada, iaz Donostiarrak lortu zuen garaipen bikoitza Donostian: Fabrika bandera astindu zuten Nerea Perezek eta Arkaitz Diazek. Orioko bi traineruek egun berean bandera bera irabazitakoak dira, batez ere 2019an lortu zuten behin baino gehiagotan, besteak beste, Donostian, Santurtzin eta Hondarribian. Etxeko estropadan garaipen bikoitza, ordea, inoiz ez.

Kontxako badiako estropada hura gogora ekarri dute Arkaitz Diaz (1983, Donostia) Donostiarrako patroiak, eta Garamendi arraunlariak. Biek bat egin dute egun «polita» eta «berezia» izan zela, «poztasun handikoa». «Hasieran ikusi genuen bandera irabazi genuela, eta gero mutilak gailendu zirenean... Garaipen bikoitza etxean lortzea zoragarria izan zen», adierazi du Garamendik. Gizonezkoei ondo doakie etxeko estropada, azken lau urteetan hiru aldiz gailendu baitira. Diazek aski ongi gogoratzen du iazkoa. Bigarren txandan arraun egin zuten, Urdaibairekin batera: «Helburua txanda borrokatzea zen, eta irabaztea lortu genuen. Gero atzetik etorri ziren beste txandakoak ez ziren gai izan guk markatu genuen denbora hobetzeko».

Arraunlariak, berriz, esan du mutilekin alderatuta, lehen luzea «pixka bat eskasa» egin zutela, denen atzetik sartu baitziren ziabogan. Bueltako luzean, aldiz, olatu «asko» hartu zituzten helmugaraino: «Sekulako olatuak hartuta irabazi genuen. Estropada zoragarria eta zirraragarria izan zen». Aurreneko aldiz astindu zuen Nerea Perez patroiaren taldeak etxeko bandera. Estreinakoa izan zen eta ez nolanahikoa; irabazi ez ezik, estropada eremuko errekor berria ere ezarri zuten.

Garamendiri galdetuta ea lekeitiar batek donostiar batek bezainbeste dastatzen ote duen taldearentzat etxeko bandera dena, barrez erantzun du Donostia bere bigarren etxea dela. «Donostia nire etxea balitz bezala hartu beharko dut, eta Lekeition jokatzen dugunean talde guztiarentzat ere etxean jokatzea bezala da, berezia ere bai. Uste dut taldekideek gehiago disfrutatu zutela, etxeko estropada izanda. Hala ere, niretzat berezia izan zen Euskotren Ligako lehen estropada izan zelako. Disfrutatu egin nuen. Egun biribila izan zen». Eta ez da gutxiagorako, gutxiren eskuetan baitago urrezko mailan estreinakoa egin eta bandera astintzea. Joan den asteburuan Michel Alexander Ciznero Urdaibaiko arraunlariari egokitu zitzaion. Donostiako patroiak nabarmendu arren etxean irabazteak beti ematen duela «berezitasun puntu bat», harentzat leku guztiak dira «onak eta aproposak» irabazteko. Ospakizunak, baina, beste egun baterako utzi behar izan zituzten. Arrapalan elkarrekin argazki batzuk atera, eta nor bere etxera, hurrengo egunean estropada zuten-eta.

«ESKOPETA PREST»

Iazkoa errepikatzen ahaleginduko dira bihar, baina biek nabarmendu dute «oso zaila» dagoela kontua. «Talde asko daude maila oso-oso altuan, eta jende asko utzi behar da egun berean atzean», adierazi du Donostiarrako patroiak. Arraunlariak, berriz, esan du ikusten dela «gizonezkoetan Bermeo aurretik dabilen bezala, emakumezkoen ligan haien Bermeo Arraun Lagunak dela». Hori bai, Garamendik nabarmendu du arraunean ez dagoela «magiarik», «eman» egin behar zaiola: «Baldintzen arabera, itsasoa bare badago edo olatuak badaude, denbora hobea edo eskasagoa egingo dugu, baina hemen ez dago magiarik. Txukunen egiten duenak, eta huts gutxien egiten duenak, harexek eramango du trapua».

Donostiarrako patroiari eta arraunlariari galdetuta ea koska bat edo bi gorago ikusten dituzten Arraun Lagunak eta Urdaibai, baiezkoa erantzun dute. Garamendik uste du “Lugañene” koska bat gorago dagoela, baina «kontuz ibili» beharko dutela, beste taldeek «eskopeta prest» baitute «edozein momentutan bandera ostutzeko prest». Aldi berean, Diazek ere adierazi du emaitzek hori erakusten dutela, bai neguan, bai bateletan, bai trainerilletan «sekulako» maila eman duela Bermeok, eta argi dagoela «oso azkar» dabiltzala.

«eutsi» ETA GERO «biziraun»

Joan den asteburuko estropadetan, Galiziako uretan, “Lugañene” eta “Bou Bizkaia” gailendu ziren, bai itsaso zakarrean, bai barean. Hori kezkatzeko modukoa ote den galdetuta, Garamendik segidan erantzun du ezetz: «Ikusi da neguan lan ona egin dutela. Aurreko urtean egin zuten lanari jarraipena ematen ari dira, eta hobetzen doaz. Hemen inor ez da bat-batean txartu. Denok gaude hobekuntza bat egiten. Traineruak arin dabiltza». Donostiarrako patroiak, aldiz, adierazi du badakiela kanpoan zer aurkituko duten eta ezin dutela kanpora gehiago begiratu, «nahikoa» baitute haienarekin. «Ondo» ikusten du bere trainerua Diazek, eta, dagoeneko lehenengo asteburua igarota, uste du datozen bi aste bukaerak garrantzitsuak izango direla sailkapenean non dauden ikusteko: «Uste dut burua irekia izan behar dugula edozein egoerara egokitzeko».

Joan den asteburuko estropaden harira, “Bantxa” ontziak laugarren egin zuen, bai Coruñan, bai Bueun. Bereziki indartsu ateratzean jarri zuten arreta osoa; Garamendiren hitzetan, helburua zen lehenengo luzean «eustea», eta bigarrenean «bizirautea»: «Bagenekien Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea indartsu aterako zirela, eta ezin genuen irteera leun bat egin. Lehenengo luzean denei eutsi behar genien bai ala bai, bestela atzean geratuko ginen. Atzean, oso atzean. Lehenari eutsi genion, baina bigarrenean ezin izan genuen. Hustuta amaitu genuen, indarrik gabe. Ez zegoen beste inondik indarrik ateratzetik. Horixe hobetu beharko dugu datozen estropadetan. Oraindik Kontxara begira denbora dago».

“Kaiarriba” trainerua, berriz, joan den larunbatean hirugarren geratu zen, eta igandean, bosgarren. Diazen hitzetan, larunbatean estropada «nahiko ona» egin zuten. Helburua txanda irabaztea zen, eta lortu zuten. Igandean, berriz, ohorezko txandan arraun egin zuten, eta helburua txanda borrokatzea izan arren, azkenean «ezinezkoa» izan zen: «Laugarren geratu ginen txandan, eta gero aurreko txandatik pare bat traineruk aurretik sailkatu ziren. Hori da dagoena: berdintasun eta maila handia».

Emakumezkoetan “Lugañene” nabarmentzen ari den arren, ohorezko txandako lau ontziek maila altua dute. Arraun Lagunakez gain, Orioz eta Tolosaldeaz galdetuta, “Bantxa” ontziko arraunlariak adierazi du ez zuela «gutxiago espero». Haren esanetan, bazekiten «ondo ibiliko» zirela. «Edozein momentutan Arraun Lagunaki trapua ostutzeko egongo dira, baita gu ere». Donostiarrak sei puntura du “Lugañene”. Aldeak alde, «esperantza» dute ligarako borrokan sartzeko, nahiz eta jakin «oso zail» egongo dela. «Arraun Lagunak gogor dabil, ez dut uste akats txikirik edukiko duenik, baina hemen ez da inor baztertu behar». Horrez gain, arraunlariak azaldu du aurreko urtean ere Orio «eskas» hasi zela baina gero liga erditik aurrera puntuak berreskuratu zituela. Talde motza du aurten Rufo Urtizbereak. Hamazazpi arraunlari ditu, eta bat min hartuta dago, Maialen Alkorta. Garamendik esan du entrenatzeko orduan «gainkarga» hori igartzen dela, ez baitute inor aldatzeko, ez entrenamenduetan, ez estropadetarako ere.

ITSASO BAREA ALA MUGITUA

“Kaiarriba” ontzia, berriz, ez da egongo ligarako borrokan; bai, ordea, banderen lehian. Patroiaren esanetan, lehiakorrak izaten saiatuko dira, eta beren onena ematen. Orio da haien aurkari nagusietako bat eta, horren harira, Diazek nabarmendu du ez duela harritu “San Nicolas” hain ondo ikusteak. «Talde guztiengandik onena espero dut. Uste dut denek maila oso ona dutela, eta denak entrenatzen direla ondo».

Asteburu honetako estropadei begira jarri dira Diaz eta Garamendi. Bihar Donostian eta etzi Zierbenan arituko dira. Etxekoari dagokionez, Garamendik nahiago du «sekulako tsunamia» egotea, bare-bare baino. Hala ere, aitortu du taldeari erreparatuta, olatu «oso handiak» ez zaizkiela komeni: «Bestela Arraun Lagunakek eta denek birrindu egingo gaituzte». Diaz Donostiarrako patroiari, berriz, ez zaio gustatzen «itsasoa eskatzea edo barealdia eskatzea»; tokatzen den moduan, eta horretara egokitzen saiatuko direla esan du.

Zierbenako estropada eremuaz biek nabarmendu dute eremu «zaila» dela, eta «oso aldakorra». «Haizea altxatzen denean inork ez daki zer norabide hartuko duen haizeak. Kaleen aldeak oso nabarmenak dira. Iaz ikusi zen... ea joan den urteko arantza txikia ateratzen dugun», adierazi du arraunlariak.