Aurriak
Gazako bakarrizketak” antzezlana aurkeztu zuen Ashtar taldeak 2010eko urrian Rashad al-Shawa Kultur Zentroan. 2008ko abendutik 2009ko urtarrilera bitartean Israelek Gazaren kontra egindako erasoetan oinarriturik zeuden bakarrizketak; horietako bakoitzak gazte baten bizipenak azaltzen zituen: indar okupatzaileen erasoa nola bizi izan zuen, okupazioa bera nola bizi zuen. Anas Abu Aitah aktoreak jarri zien ahotsa bakarrizketei. 2014an eta 2015ean Abu Aitah-k berak “Mintzo gara” taularatu zuen Rashad al-Shawa Kultur Zentroan bertan. 2014ko erasoen gaineko palestinarren testigantzak zituen abiapuntu antzezlanak.
Emanaldi bakoitzean Rashad al-Shawa-ra gerturatutakoen mina eta elkartasuna senti zezakeen Abu Aitah-k agertokitik. Rashad al-Shawa antzoki bat baino gehiago baitzen: artisautza eta arte erakusketa gune, zinema-areto, eskola-ekitaldientzako toki eta, oroz gain, komunitatearen elkargunea. 1985ean zabaldu zituen ateak 1970eko hamarkadan Gazako alkate izandako enpresariaren izena zuen zentroak eta une horretatik aurrera garrantzi handiko gune bihurtu zen palestinarrentzat. 1998ko abenduan Rashad al-Shawa aukeratu zuen Yasser Arafatek garai hartan AEBetako presidente zen Bill Clintonekin biltzeko. Iragan abenduan aurri egoeran utzi zuen Israelgo Armada okupatzaileak Rashad al-Shawa kultur zentroa.