Peli LEKUONA
IRUÑEA

«Iruñean ezin da edozer egin, errespetua behar dugu»

Rakel Arjol gogotsu dago festei heltzeko, noski. Muthiko Alaiak peñako kide izateaz gain, Iruñeko Peñen Federazioko lehendakari berria ere bada eta hilabete biziak izan dira azkenak berarentzat, bereziki azken asteak. NAIZ Irratian jardun zen atzo.

Rakel Arjol iruindarra, sanferminetarako prest.
Rakel Arjol iruindarra, sanferminetarako prest. (NAIZ IRRATIA)

Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariarentzat, Rakel Arjolentzat, sanferminetarako nahirik handiena «errespetua» da. NAIZ Irratiarekin atzo egindako elkarrizketan, bereziki aipatu zituen txarangetako musikariak zaintzeko beharra, eta, jakina, emakumeak beldurrik gabe eta lasai ibiltzeko pausoak emateko premia.

Estafeta kaleko Muthiko Alaiak peñan emango die hasiera jaiei. Bertatik jarraituko du txupinazoa Arjolek. Hilabete «kañero» batzuen ostean, gozatzeko tenorea iritsi da. «Urtarrilean hasi nintzen eta lehenengo hilabeteak lasaiagoak izan ziren, baina nik ere ikasten joan behar nuenez, lanpetuta ibili nintzen. Ekaina eta uztaileko aste hau nahiko potenteak izan dira».

2023ko sanferminen balorazioan nabarmendutako elementu bat peñekin joaten diren musikarientzat errespetu eskaera izan zen eta horretan tematu zen Arjol; Iruñera joaten direnei «ahal duten hobetoen pasatzeko baina Iruñea zaintzeko» eskatu die. «Ezin dugu onartu pertsona batzuek pentsatzea Iruñean edozer egin daitekeela; pertsona guztiak errespetatu behar dira».

Alde horretatik, Iruñeak eraso sexistarik gabeko hiria izan behar duela azpimarratu zuen eta erasorik egonez gero «aurre egingo diogula makineria osoarekin». Azken urteetatik hona Peñen Federazioak badu Talde Feminista, eta peñak emakumeentzako espazio seguruak izatea aldarrikatzen du. «Sanferminetan protokolo amankomuna dugu mugimendu feministarekin eta Iruñeko Udalarekin, eta argi utzi nahi dugu peña guztiak leku seguruak izango direla eta emakume batek eraso sexista bat sufritzen badu protokoloa martxan jarriko dela eta horri erantzungo zaiola».

Jaien aurretik, bestetik, Iruñea Antitaurina taldeak peñei eskatu die zezenketarik gabeko sanferminetaranzko bidean iniziatiba har dezala. «Ezer gutxi daukat esateko. Jendeak uste du hau egiten dugula denok amankomunean, baina peña bakoitza da bezeroa eta bere bazkideek erabakitzen dute. Eztabaida kalean dago, baina jendeak jakin behar du peña bakoitza dela erabaki hori mugitu behar duena».