Xabier IZAGA
Gaur8ko erredaktorea
1985

Pikabea eta Sarrionandia, kontzertua amaitzeko zain

Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea, iaz, Durangoko Azokan.
Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea, iaz, Durangoko Azokan.

Zerbait handia gertatu behar du San Fermin egunean Iruñean poz eta jai tamainaren termometroak nabarmen gora egiteko. Bada, 1985eko uztailaren 7an, zerbait handitzat hartu zuten han eta Euskal Herri osoan euskal preso biren ihesaldia. Arretaguneak Iruñetik Donostiara egin zuen, Iñaki Pikabea, Piti, eta Joseba Sarrionandia preso politikoek Martuteneko kartzelatik ihes egin zutelako albistea zabaldu orduko.

12.00ak aldera alde egin zuten, Imanol Larzabal kantariak kartzela hartan egin zuen kontzertu baten ostean. Iheslariek kontzertua amaitu arte itxaron behar izan zuten, beren ezkutalekuak erabiltzen ari baitziren: musika ekipoko bafleak. Haien barruan sartuta, ekipoa zeraman furgonetan atera ziren Martuteneko kartzelatik. Hango arduradunek bazkalosteko kontaketa egin arte ez zuten sumatu haien falta.

Berehala zabaldu zen albistea, eta harekin batera poza eta algara. Presoen ihesaldiek halako samurtasuna eragiten dute jendartean, halako elkartasuna, ihes egiten duena oinazetik aldentzen baita, ihesean jarraitzeko, eta uste izatekoa da ez dutela erraz sosegurik lortuko («Kartzelan egon denaren gogoa/ kartzelara itzultzen da beti...»). Kontzienteki nahiz inkontzienteki, poza eragiten dute ihesek. Sarrionandia eta Pikabearenak ospakizun nabarmena ere eragin zuen. Gainera, iheslariak ezagunak ziren, batez ere Sarrionandia, ordurako euskal literaturaren erreferenteetako bat baitzen.

ATXILOTUAK ETA KARTZELATU BAT

Polizia, jakina, ez zen besoak uztarturik geratu. Imanol kantaria atxilotu zuen, eta harekin batera beste bost lagun, tartean Josu Landa idazle eta kazetaria. Hau espetxeratu ere egin zuten. Berehala antolatu zen Landaren askatasunaren aldeko ekimen bat. Euskal kulturako pertsona ezagun batzuek, tartean Joan Mari Torrealdai eta Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, idazleek, batzorde bat antolatu zuten.

Batzorde hark sinadura bilketa bat bultzatu zuen Landaren askatasuna eskatzeko, euskal literaturako, kulturako eta beste arloetako izen esanguratsu ugari bilduta, baita Kataluniako eta Estatu espainoleko beste politikari, erakundeetako ordezkari, kazetari eta gizarte eragile asko ere.

Aldi berean, Polizia Mikel Albisu idazle donostiarraren bila zebilen. Albisuk, Mikel Antza goitizenaz ezagunagoa denak, Fernando Pessoaren “O Marineiro” antzezlana zuzendu zuen, Sarrionandiak euskaratutako obra, hain zuzen. Bitxikeria gisa, uztailaren 8an ihesaren berri eman zuen ale berean, Antzari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen “Egin”-ek, Antzaren esaldi hau nabarmenduz: «Teatroak bere funtzio politikoa berreskuratu behar du».

Poliziak ihesa prestatu eta gauzatzea egotzi zion Antzari, eta klandestinitatera igaro behar izan zuen, 2004an atxilotu zuten arte. 15 urte eman zituen Estatu frantseseko kartzeletan.

Iñaki Pikabea (Errenteria, 1947) 1978ko abendutik zegoen preso. 1980an, lehen hauteskunde autonomikoetan, Herri Batasunaren zerrendan aurkeztu zen eta parlamentari hautatu zuten. Sarrionandiarekin Martuteneko espetxetik ihes egin zuenerako sei urte eta erdi beteak zituen espetxean.

1987ko urriaren 2an, Senperen Poliziak atxilotu zuen, hanka batean zaurituta. Hurrengo urtean Estatu espainolera estraditatu eta bertan kartzelatu zuten, 2000. urteko martxoan libre geratu zen arte.

Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) sobera ezaguna zen Martutenetik ihes egin zuenerako, bere ibilbide literarioa zela eta. Izan ere, 1980ko azaroan kartzelara sartu zenerako idazle saritua zen bere poesia eta narrazio lanengatik. Ondoren, kartzelan eta erbestean obra trinko eta oso balioetsia egin zuen. Haren kartzelaldia eta erbestealdia oso presente daude haren obran.

2021ean bueltatu zen etxera, bost kartzela urte eta erbesteko beste 36ren ostean.

«DENOK DANTZATU DUGUN ABESTIA»

Beharbada euskal presoen ihesik ezagunena da, eta dudarik gabe kantatu eta dantzatuena, euskal kantarik ezagunenetako bat iradoki baitzuen, “Sarri, Sarri” izenekoa. Frederick ‘Toots' Hibbertek Toots and the Maytals bere taldearentzat egin zuen “Chatty Chatty” kantaren musika baliatuta, ihesaren gaineko hitz umoretsuak idatzi zituen Fermin Muguruza musikariak, eta arrakasta itzela izan zuen Euskal Herri osoan; baita kanpoan ere. Gaztetan haren doinuan salto egin ez duen amaren seme-alaba gutxi dira Euskal Herrian, nonbait, Patxi Lopez lehendakariak aitortu zuenez.

Iurretako idazlea Euskal Herrira itzulitakoan, Muguruzarekin elkartu zen Irunen, Mosku auzoko Eskina tabernan. Bertan grabatu zen orain dela 37 urte “Sarri, Sarri” abestiaren bideoa. 2013an, Ruper Ordorika abeslari eta Sarrionandiaren lagunak abesti horren bertsio eder bat grabatu zuen “Azukre koxkorrak” diskorako.



[2006] Joaldunak Palestinan, Armada sionistaren aurrean

Joaldunek Malerreka dute leku naturala, Ituren eta Zubieta, hain zuzen. Haien zeregina inauteriak iragarri eta basapiztiak uxatzea da. 70eko hamarralditik, ordea, ohikoa izan da hainbat ekitaldi kulturaletan edo aldarrikapenekin lotutakoetan ikustea. Haien irudiko, zenbait talde osatu ziren Nafarroan bertan eta Nafarroatik kanpo; esate baterako, Gasteizko Judimendi auzoan. Normala zen, beraz, Euskal Herrian agertzea, baina bitxi samarra izan zen 2006ko uztailaren 7an haien joareak Palestinan entzutea.

«Zanpantzarrek aurre egin diote Israelgo Armadari Bil’inen» izenburuarekin nabarmendu zuen GARAk bere lehen orrialdean, barrikada baten atzean babestutako soldadu israeldarren aurrean joaldun gasteiztarrak ageri diren argazki batekin: «[...] ekitaldi ikusgarria egin zuten Ramallahtik gertu, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Israelgo Armadak gomazko balekin eta gasarekin sakabanatu zituen».

Ehunka lagunek lagundu zieten joaldunei, ikurrinak eta bandera palestinarrak zeramatzatela. Martxaren buruan, alboka, eta haien zain, soldadu israeldarrak leporaino armatuta.