Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Tapoia botilari, kondoia…

Hara! Indarrean sartu da tapoia botilari lotzen dion legea. Hondartzek eskertuko ei dute legea, agian hareak ere bai. Dudan nago, ostera, errepide bazterrek eskertuko ote duten ala orain arte bezala segituko. Izan ere, kondoiez lepo egoten dira; udako tradiziozko auto-ilarak harrapatzen bazaitu, fijatu zaitez! Kontuak horrela, nonongo legebiltzarrean batzordea sortu eta lege berriari eranskina egitea komeniko litzateke, kondoiena gogoan. Hara, tapoia botilari legez kondoia zakilari! Ez dakit naturak igarriko ote zuen, baina batzorde legegilea sikiera justifikatu bai, edo. Amen!

Total, gobernuak eratzen ari dira han-hor-hemen, egoerak aginduta. Erresuma Batuko kasuan hauteskundeak egin eta aulkiak zein ipurdik berotuko dituzten argitu baino lehentxoago, hara! Maizterra Downing Enean eta gobernua indarrean! Ordu-diferentziagatik akaso? Hemengo Lakuan lasai asko hartu zuten, egoerak egoera betiere. Ondo pentsatu behar ei zuten hiritarrei, herritarrei beraiei ere, zerbitzuak modurik egokienean zelan eskaini, zer aldatu argitu ez badute ere. Hortaz, inoizko sailburu kopuru handiena izan! Eta hara! Aulki bat falta ganberako aurreneko lerroan! Ez ditut, bada, ikusi Jaurlaritzako aholkulari berri batzuk inguruko garagardotegietatik bueltaka… aulki baten bila! Amen!

Bada, hori, karguen joan-etorriak ari dira izaten Jaurlaritzan. Denborak esango du kale ala balerako diren. Ehun egun eman behar zaizkie gobernu berriei, estatutuen kasuan ehun urte badira ere. Tira, orain arteko kargudun batzuk joan badoaz; ez ninduke harrituko hainbatek sumoko euskal selekzioarekin bat egin eta Pariserako bidean izatea. Selekzio horri bai garrantzia eman jelkideek, gero! Ama, ama! Ni zezena banintz egunkaridun batzuk gustura adarkatuko nituzke, adierazpen askatasunaren izenean betiere.