Surflari ernegatua

Ez da alternatiba

Uretako motoak, olatu artifizialak, beharrezko ez ditugun produktuen propaganda, neurri gabeko kontsumoa, CO2 isuri masiboa, bidaiak, poliester zuntzarekin egindako taulak, neoprenoak eta abar. Guzti hori ere bada surfa, edo, hobeto esanda, guzti hori bilakatu da surfa. Historiaurrean geratu dira surflariek olatuei bainujantzi soil batekin eta taularekin aurre egiten zieten garaiak.

Brock Little izan daiteke paradigma aldaketaren irudia. Hemeretzi urterekin, 1990eko Eddie Aikau txapelketan hartu zuen olatu erraldoiaren argazkia mugarria da. Taula zuria, bainujantzi iluna eta txapelketako likra urdina, mauka gabekoa. Hamar metroko olatu beldurgarria jaisten agertzen zen argazkiak ezin hobeto irudikatzen du surflariaren ausardia.

Hamar urte geroago “Milleniun Wave” izenarekin bataiatu zuten olatua hartu zuen Laird Hamiltonek Teahupoon, uretako moto baten laguntzarekin. Bigarren argazki paradigmatikoa. Estralurtarra zirudien mamu urdin baten erraietan salbamendu txalekoa zeraman surflaria ikus zitekeen. «Halako olatuak hartzea posible da?» galderak erantzuna zuen: «Teknologia berrien laguntzarekin, bai». Ate arriskutsu bat ireki zen.

Gaur egun uretako motoak, salbamendu txalekoak eta bestelako material lagungarriak edozeinen eskura daude eta olatu handietan surf egitea errazagoa da. Baina zer gertatuko litzateke, Brock Little bezala itsasoratu beharko bagenu? Olatu handietako surflarien komunitatea erdira murriztuko litzateke.

Gaur egun inork gutxik galdetzen dio bere buruari zilegi den uretako motokoekin muturrekoak ez diren egoeretan itsasoratzea. Lehiaketa munduan dabiltzan surflariek ez dute zalantzan jartzen olatu artifizialen zilegitasuna edo uretako motoen laguntza. Baina, egiaz, ez dira «behar» ditugun gauzak; horiek gabe moldatu gara orain arte eta horiek gabe jarrai dezakegu arazorik gabe. Hor dago gakoa. «Nahia» behar bilakatu da, ordea.

Olaturik ez dagoenean ez dago eta kito; beste zerbait egin beharko dut, olatu artifizialak ez dira alternatiba. Bost metroko olatuak moto gabe hartzeko gai ez banaiz, nire arazoa da, eta olatu txikiagoak bilatu beharko ditut, baina uretako motoa ez da alternatiba. Urautsira iristeko zailtasunak baditut, nire arazoa da, motoa ez da alternatiba, eta abar. Alegia, surfaren esentziara itzultzeko ahaleginak urruntzeak baino askoz ere zilegitasun handiagoa eduki beharko luke, ingurumenarentzat mila bider jasangarriagoa delako, askoz ere osasuntsuagoa delako eta gizakiok ditugun mugak onartzea osasun mentalarentzat ere onuragarria izan daitekeelako. Kontrako ikuspegia, «nahi» duguna edozein modutara lortzeko bitartekoak erabiltzea, egoista bakarrik ez, suntsitzailea ere bada. Zentzu guztietan.