Aitor AGIRREZABAL
ZEZENKETEN AURKAKO KALEJIRA

Eztabaida kalean txertatu, zezenak plazatik ateratzeko

Kolore biziz eta jai giroan, Iruñeko Alde Zaharreko kaleak bete zituen atzo arratsaldean zezenketen aurkako kalejirak. 3Indarrok elektrotxarangaren erritmoan eta zezen handi baten gidaritzapean, jendetza batu zen, zezen plazan lehen zezenketa egiten ari zen bitartean. Gai honen inguruko eztabaida mahai gainean jarri dute eta peñei pauso ausartak emateko eskatzen diete.

Kalejira, atzo arratsaldean.
Kalejira, atzo arratsaldean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Iruñea zezenketen eztabaidari aurre egiteko moduan al dago? Urtero, sanferminak gerturatzen, ilara luzeak egiten dira Arrotxapean, zezenak ikusteko. Entzierroetan gero eta jende gehiago ikusten da eta zezen plazan, nahiz eta duela urte batzuetatik hona sarrerak lortzea ez den utopikoa, ez da saldu gabeko sarrera askorik izaten. Hala ere, gero eta jende gehiagok parte hartzen du zezenketen aurkako ekimenetan. Atzoko kalejira horren adibide izan zen eta pitzadura txiki bat sortzen ari dira zeharkaezina zirudien horma batean.

Plazara ekarri dute debatea. «Funtzionatzen hasi ginenetik, funtsezko ideia zen eztabaida sustatzea», kontatu dio GARAri ekimeneko kide Txaro Buñuelek. Eta bide horretan antolatzen dute 2017tik hona kalejira hau.

Iban Pastor eta bera atzoko kalejiran zeuden. Buñuel honen buruan ikus genezakeen. Pastor ikustea, aldiz, zaila zen. Edo ikustea baino hobeto, ezagutzea; izan ere, kalejira gidatzen zuen zezen erraldoi baten barnean zihoan.

XIV. mendean egin ziren lehen zezenketak Iruñean. 1385ean Karlos II.a Nafarroakoa erregeak uztailaren amaieran zezenketak antolatzen zituela adierazten duen idatzizko dokumentazioa dago. Entzierroak, berez, zezenak zelaitik hirien erdigunera eramateak eragin zituen. Beraz, garai hartan Gazteluko plazaren izkinetako batean kokatzen zuten zezen-plazara hiriko kanpoaldetik animaliak eramateko beharretik jaio zen.

ITXAROPENA

Ia 640 urte beranduago, gizakion gozamenerako zezenak hiltzea ohitura da oraindik ere. Baina Iruñea Antitaurinako kideen iritziz, bada itxaropena. «Eztabaida bizirik dago. Lehen tabua zen giro batzuetan eta orain Sanferminetako Mahaian gaude, peña batzuek gaia eztabaidatu dute eta honi buruzko edozein albisteren eragina biderkatu egin da».

Ez dute argi eztabaidak zein bide eraman behar duen Iruñean, baina eztabaida egon badagoela ez dute zalantzan jartzen. «Katalunian Parlamentuak eztabaidatu egin zuen, eta, ondoren, debekatzeko erabakia hartu zuten. Leku bakoitzak bere prozesua eramango du, baina hemen helburua eztabaida hori azaleratzea zen».

18/2013 Legeak tauromakia blindatu egin zuen Espainian. Kultura-ondare ez-materialaren parte zela, babestu egin behar zela eta zaintza eta sustapen hori Estatuko Administrazio Orokorrari zegokiola xedatu zuen. Herri ekinaldi legegile batek 500.000 sinadura bildu nahi ditu hori indargabetzeko.

Hala, Kataluniako esperientziak «debekuak ez duela funtzionatzen» irakatsi duela uste dute. «Hala ere, Katalunian ez da berriro zezenketarik izan. Balearretan izan da baten bat», azpimarratu du Buñuelek.

IRUÑEKO BIDEA

Iruñean desberdina izango da. Zezen-plaza ez da Udalarena eta Udala ez da zezenketa hauek antolatzen dituena. «Bere bidea izan beharko du, eta hiriak erabakitzen badu ez dela zezenketarik izango, ez da zezenketarik izango. Ez debekatuz», berretsi du. Oraingoz mugimendu «oso motelak» ematen ari direla uste dute. «Gero eta peña gehiagok antolatzen dituzte jarduerak arratsaldean, edo peñaren batek txaranga plazara eramateari utzi izan dio egun solteren batean. Ondo daude ekimen horiek. Baina pauso horiekin eta ematen ari diren abiaduran, ez dugu etorkizun hurbilik ikusten, zezenketekin amaitu ahal izateko», kritikatu du Pastorrek. Hori dela eta, «ausardia» eskatu diete peñei.

«Iruñean zezenketak zergatik mantentzen diren aztertzen baduzu, ez dut uste hemengo jendea Tutera, Lizarra, Gasteiz edo Bilboren desberdina denik. Gasteizen jada ez dago, inor ez zihoalako; Tuterako iazko argazkiek erakusten dute ez zegoela toreatzailea bizkarrean hartzeko adina jende ere. Hemen ere eman da desafekzio hori. Gehienek ez dute zezenketarik nahi. Peñarik gabe zezenketek oso gutxi iraungo luketela uste dugu. Txarangek sortzen duten girorik gabe, hondarrean gertatzen dena bakarrik geratuko litzateke. Eta hustu egingo lirateke», gehitu du Buñuelek.

Eztabaida hauek gauzatzeko, baina, trabak daude oraingoz. Elkartu dira Peñen Federazioarekin eta erantzun diete eztabaidak peñetatik bertatik eraman behar direla. «Peñetako peñakideak badira eztabaidagaia eramaten dutenak, federazioak eztabaida hori bultzatu ahal izango du. Jendeak zezenketetara joaten jarraitzen du, ez dago masa kritiko hori peñen barruan. Eta masa kritiko hori egon arte, ezingo dute eztabaida hori bultzatu».

Bestetik, ez dute uste nazioarteko jendea erakartzeko zezenketak aktibo nagusi bat direnik. Bai, ordea, giroa eta entzierroa. Izan ere, zezenketak eta entzierroak bereizten ditu Iruñea Antitaurinak. Plataformaren barruan ere iritzi kontrajarriak daude. Buñuelek honela azaltzen du hartutako jarreraren zergatia: «Nafarroako gizartea eta Iruñekoa ezagututa, jende askok ez ditu gaizki ikusten entzierroak. Bisualki animalia korrika ikusten duzu, eta zezenketan, berriz, animalia birrintzen. Hirian izandako zezenketen aurkako aurreko esperientziak azkar jaio eta hil ziren. Hori saihesteko, banatzea erabaki genuen».