GARA
IRUÑEA

Sanferminetako lehen egunean izandako sexu-erasoak gaitzesteko jendetza bildu da

Sanferminak hasi berriak izanagatik, dagoeneko emakumeen aurkako sexu-eraso eta abusuak salatu dituzte. Horiek guztiak gaitzesteko elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo, gauean, Gaztelu Plazan, eta Udalak, erasoen aurkako protokoloa aktibatu eta jazotakoa salatzeko adierazpena onartu zuen. Poliziak lau gizonezko atxilotu zituen.

Atzo iluntzean elkarretaratze jendetsua egin zen Gazteluko Plazan, aurreko gaueko erasoak gaitzesteko.
Atzo iluntzean elkarretaratze jendetsua egin zen Gazteluko Plazan, aurreko gaueko erasoak gaitzesteko. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Jendetza handia bildu zen atzo, Iruñeko Gazteluko Plazan, sanferminetako lehen gauean izandako sexu-erasoa eta sexu-abusuak salatzeko. Gainera, lau gizonezko atxilotu zituzten, emakumeei ukituak egitea leporatuta, Polizia indar desberdinek egunean zehar adierazi zutenez.

21.30erako deituta zegoen mobilizazioak erantzun aparta izan zuen. Ordurako, Indarkeria Sexistarik Ez taldeak «uztailaren 6an sanferminetan gertatutako sexu-eraso baten eta sexu-abusu batzuen berri» eman zuen, eta, ildo berean, Iruñerriko Mugimendu Feministak «emakumeok jasaten ditugun eraso ugariak eta bizi dugun egoera» salatu zuen.

PROTOKOLOA AKTIBATUTA

Larunbatetik iganderako goizaldean Iruñeko Alde Zaharraren inguruan izandako sexu-erasoaren ondorioz, “Sanferminetako eraso sexisten aurrean herritarrek eta erakundeek erantzuteko protokoloa” aktibatu zen, eta Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gaitzespen adierazpen instituzional bat onartu zuen.

Udalak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, protokolo hau «Iruñeak emakumeenganako indarkeria mota guztiak desagerrarazteko duen konpromisoaren sendotasuna eta irmotasuna agerian uzteko erantzun-sistema bat da», eta nabarmendu zuen emakumeek pairatzen dutena egiturazko desberdintasun-egoera bati erantzuten dion indarkeria» dela.

Adierazpenak jasotzen du Udalak, «erakunde publiko eta herritar aktibo gisa», jarrera konprometitua hartzen duela eraso sexisten aurrean, eta ildo horretan lanean jarraitzeko asmo irmoa duela, sanferminetan eta urte guztian.

Alde horretatik, agiriak adierazten du atzo goizaldean emakume batek jasandako sexu-erasoaren aurrean, Udaleko talde politiko guztiek «erabateko gaitzespena» agertzen dutela eta «erabateko babesa eta elkartasuna» adierazten dietela «emakumeari eta haren inguruari, eta errespetu osoa beren eskubideak eta intimitatea babesteko». Era berean, hirian gertatzen den edozein eraso, indarkeria edo jarrera sexista gaitzesten dutela berretsi, eta sexu-erasoak desagerrarazteko, segurtasuna hobetzeko eta ingurune guztietan emakumeek askatasun osoa izango dutela bermatzeko lan egiteko konpromisoa hartu dute.

Udal taldeek gizarteari eskatzen diote erasotzailea babesten duen eta emakumeei errua egozten dien kultura-eredua alda dezala, eta gizonei eskatzen die konpromiso aktiboa izan dezatela emakumeek jasaten dituzten eraso eta indarkeria mota guztiak desagerrarazteko eta gizartean benetako berdintasuna lortzeko lan egiteko. Horrekin batera, herritarrei dei egiten die indarkeria eta eraso sexisten aurrean aktibo ager daitezen, eta emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko eskubidea dutela azpimarratzen dute.

DEIALDIEKIN BAT EGITEN DU

Udalak, gainera, bat egiten du hirian egiten diren salaketa eta deialdiekin, eta Iruñeko herritarrei dei egiten die mugimendu feministak antolatzen dituen protesta ekitaldietan parte hartzera. «Indarkeria sexista horiek -nabarmentzen du onartutako oharrak- hainbat forma eta jarrera dituzte. Ezinbestekoa eta premiazkoa da horietako bakoitza detektatzea, ikusaraztea eta arbuiatzea, eraso sexista guztien prebentzioan lan egiteko».



Gizon bat atxilotu dute Tuteran ukituak egiteagatik

Tuterako udaltzainek gizon bat atxilotu zuten, larunbatean, herriko Foru plazan, emakume bati ukituak egiteagatik. Atxilotuari sexu-erasoa leporatu diote.

Erasoa larunbateko 07.00etan gertatu zen, polizia-iturriek atzo jakinarazi zutenez. Iturri horien arabera, emakumeak laguntza eske deitu zuen, gizona atzetik zihoakiolako. Agenteak berehala bertaratu ziren eta ukituen egilea atxilotu eta komisariara eraman zuten. Plazako bideozaintzako kamerek gertaera horiek erregistratu zituzten, aipaturiko iturriek azaldu zutenez. GARA