AINHOA ESPINOZA
DONOSTIA

Haur eta nerabeentzako Ramon Olasagastiren liburua: «Memoriaren giltza»

Ramon Olasagasti idazle eta kazetariak “Memoriaren giltza” gazteei zuzendutako gertakizun bati buruzko liburu berria argitaratu du Erein argitaletxearen eskutik. 36ko Gerran oinarritua da. Ezkaba mendian zegoen kartzelako ia 200 presoren ihesaldia belaunaldi gazteengana hurbiltzea du helburu.

Olasagasti, Donostian, argitaratu berri duen liburuarekin.
Olasagasti, Donostian, argitaratu berri duen liburuarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Oraingo honetan, Inazio Mujika editoraren eskutik, Ramon Olasagastiren “Memoriaren giltza” dakarkigu Erein argitaletxeak. Batik bat gazteentzat egindako liburua da, memoria historikoa ardatz duena.

Istorioa 36ko Gerran oinarritzen da. Konkretuki, Ezkaba mendian zegoen kartzelako ia 200 presoren ihesaldian. Horretarako, eta gertakari hau gazteengana gehiago hurbiltzeko, bi gazteren ikuspuntutik azaltzen du: Indio, aita mendiko istripu batean hil zitzaion Txantreako gaztea, eta Tania, Nikaraguatik iritsitako etorkina. Arratsalde batean, bi gazteak Ezkaba mendian gora doaz. Bidean, ordea, hezurrez betetako hilobi bat aurkituko dute. Hezur horien nondik norakoak ikertzen hasten dira, eta horrela, iraganean Ezkabako kartzelan 36ko Gerran gertatutako ia berrehun presoren ihesaldiaren istorioa azaleratuko da, zeinetan «hiru marka edo toki garrantzitsu» dauden gertakizun hura eta 36ko Gerrakoak lotzeko erabiliak: Ezkabako mendia, Botilen hilerria eta kobazuloa. «Izan ere, irakurleari, gazteei gehienbat, gerra horretako gertakariak eta gertakari horien zergatiak azaltzeko erabili ditu Olasagastik toki hauek», azaldu zuen Mujikak Donostiako aurkezpen prentsaurrekoan.

Ipar Euskal Herrira heltzeko helburua zuten iheslariek. Azkenean, hiru besterik ez ziren heldu mugara. «Horrela, liburuan Indioren eta Taniaren ibilaldi horietan erakutsi nahi izan ditut garai horretako gertakizunak, betiere, orainaldira ekarriz», esan zuen idazleak.

Olasagastiren arabera, Indio eta Taniaren istorioan nostalgia zati bat ere antzeman daiteke: «Gu izan ginen haur edo nerabe horien zantzuak ikusten dira». Eta gehitu zuen: «Historialariek sekulako lana egin dute historia hau guztia jasotzen. Ni liluraturik geratu nintzen informazio guztia irakurtzean. Gertatutakoak mugitu eta ukitu egiten nau eta, nolabait, ipuin hau ariketa xume bat da irakurlea gertatutakora gehiago hurbiltzeko. Memoria horri nolabait eusteko».

Berrobin jaioa, kazetari eta itzultzailea da Olasagasti. “Berria”-n mendiko ehunka albiste eta artikulu idatzi ditu. Baita hainbat liburu ere. Helduei zuzendutakoez gain, haur eta nerabeentzako ere egin ditu: “Sugaar” (Elkar, 2014), liburu horrekin Lizardi Saria irabazi zuen; “Ipurtargien herrian” (Elkar, 2014) eta “Sasiolako errotaria” (2014), azken hau Erein argitaletxearen eskutik, eta berriro ere, Lizardi Saria irabazi zuen horrekin.