Mikel ZUBIMENDI

Hauteskundeak argitasuna ekartzeko ziren, baina paralisiaren lanbroa nagusi da Parisen

Matignon Hotela, Frantziako lehen ministroaren egoitza ofiziala.
Matignon Hotela, Frantziako lehen ministroaren egoitza ofiziala. (Ludovic MARIN | AFP)

Idatzita ez zegoen legea zen, berrogeita hamar urtetan behintzat bai: legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta hurrengo egunean, herritarrek bazekiten zein alderdi egongo zen gobernuan, eta zein programa politikorekin. Kasu honetan, irabazleak programan zekarren erregaien eta elikagaien prezioak mugatzea, gutxieneko soldataren igoera, erretreta hartzeko adina 64 urtera igotzeko Macronen erabakia bertan behera uztea edo aberatsei zerga berriak ezartzea.

Hori zen, nolabait, instituzioen logika -presidenteak hurrengo egunean irabazlea gobernua osatzera deitzea-, baina, oraingoan, errotik aldatu da hori. Olinpiar Jokoetarako aste batzuk falta direnean, ziurgabetasun erabatekoa da nagusi, paralisiaren lanbro itsugarri bat, eta entzuten diren hitzak entzunda -«konstituzioari traizioa», «instituzioen bahiketa», «kolpea»...- zaila egiten da oso egoerak nolako garapena izan dezakeen aurreratzea.

Macron presidenteak ez du hauteskundeak irabazi dituen zerrenda deitu. Pronostiko guztien aurka gailendu zen Fronte Popular Berriarekin ez da harremanetan jarri. Ez edukazio onaren izenean, ezta tradizio errepublikazalearen aginduari men egiteko ere.

Bere lehen ministroak, Gabriel Attalek, dimisioa aurkeztu zion, 80 eserleku galtzeak karguan jarraitzeko legitimitaterik ematen ez ziolakoan, baina ez dio onartu. Geratzeko agindu dio, egonkortasunaren izenean, Jokoetan gobernubururik gabeko herrialdeak munduratuko zuen irudiaren beldur, nazioarteko komunitatea lasaitzeko eta finantza merkatuei mezu zehatza pasatzeko: Estatu frantsesa, Europar Batasuneko bigarren ekonomia eta lehen potentzia militarra, herrialde serioa dela, egoera honetatik ateratzeko badaukala bide-orri bat eta, jakina, gobernu berria aukeratu arte baita funtzionatzen duen gobernu bat ere.

HORIZONTEAN HIRU AUKERA

Asanblea hiru bloke nagusitan banatuta dago: 182 eserlekurekin ezkerreko Fronte Popular Berria -garaipenaren gozoaren ondotik intsumisoen, berdeen eta sozialisten arteko barne kalapitak eta elkarren arteko betoak jartzen hasi dira-, 168rekin Emmanuel Macronen Emsemble koalizioa -zaplasteko latza jaso arren jokoan eta zutik mantentzen dena- eta 143rekin Marine Le Penen RN Batasun Nazionala, lehen itzuliaren ondoren kiniela guztietan faborito izan arren hirugarren postuan bukatu duena.

289 eserlekuko gehiengo bat artikulatu ezean, eta koalizioak artikulatzeko orduan kultura politiko eskasa duen sistema oso presidentzialista batean, hiru aukera aurreratzen dira uztailaren 18rako argituta beharko lukeen gobernu formula osatzeko. Bata, adituen gobernu teknokrata bat. Biga, Fronte Popular Berriaren gobernua gutxiengo batekin, Asanblea Nazionalean legez lege bozketak aurrera ateratzen saiatuko litzatekeena. Eta, higa, zentro-ezkerretik zentro-eskuinera doan koalizio batena.

DESIREN ZERRENDAK

Konstituzionalki, posible da alderdi batek gobernatzea gehiengoa izan gabe, baina hori ekiditeko besteak ez direla batuko ziurtatu behar du.

Ildo horretan, interesgarria da alderdien ordezkarien hitzak aztertzea. Fronte Popularreko Manuel Bompardek hau esan du: «Gure lehen ministroa izendatu behar du presidenteak, gure programa, osorik eta gure programa baino ez ezartzeko».

Zentrotik, Edouard Philippe lehen ministro ohia eta François Bayrou bezalakoek «ezker moderatutik zentro eskuineraino koalizio handi bat» proposatu dute; hori bai, Melenchonen Frantzia Intsumisoa kanpoan utziko duena.