GARA
GASTEIZ

120.000 herritar daude Osakidetzan espezialistaren zain

Lakuako Osasun sailburuaren datuen arabera, 120.000 pertsona daude Osakidetzan espezialista batek ikusteko zain. Batez beste, 68,5 egun luzatzen da itxaronaldia. Beste 23.328 lagun ebakuntza egiteko esperoan daude, horietako 400 sei hilabete baino gehiagoz.

Elkarretaratzea Gernikako Ospitalean, erizain faltagatik, iragan ekainean.
Elkarretaratzea Gernikako Ospitalean, erizain faltagatik, iragan ekainean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

EH Bilduren eta PPren eskaerei erantzunez, Osakidetzako itxaronaldien berri eman zuen atzo Alberto Martinez Osasun sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean. Datu horien arabera, 119.643 pertsona daude kanpo kontsulta baten zain. Itxaronaldi luzeenak dituzten arloak berdinak dira oro har osasun zentro guztietan: traumatologia, oftalmologia, otorrinolaringologia eta ginekologia.

ESI nagusien artean, atentzioa ematen dute traumatologoaren zain dauden Gurutzetako ospitaleko 2.452 pazienteek (batez beste 51,63 egun itxaron behar dute), dermatologoak hartzeko zain dauden 2.102 herritarrek (21,93 egun) eta otorrinoak ikusteko zain dauden 1.676ek (64,73).

Galdakaon, 3.015 paziente daude traumatologiako txandaren esperoan (103,28 egunera luzatzen da itxaronaldia), 1.986 lagun daude dermatologian hartzeko zain (46,62) eta 1.605 otorrinolaringologiako itxaron zerrendan (61,73).

Donostialdean, 4.000 pertsona daude traumatologoak ikusteko zain (118,38 egun), 2.062 ginekologia eta obstetriziako itxaron zerrendan (5,85) eta 1.875 urologiakoan (99,94).

Arabako ESIn, traumatologiako itxaron zerrendan 3.089 pertsona daude (81,58 egun), ginekologian 2.985 (112,11 egun) eta errehabilitazioan 2.421 (174,6 egun).

EBAKUNTZAK

Kirurgia arloari dagokionez, 23.328 pertsona daude itxaroten, horietatik 397 sei hilabete baino gehiagoz. Donostialdeko ESIak du itxaron zerrenda luzeena, 4.416 pazienterekin. Arabako ESIak 3.935 ditu, Gurutzetako ospitaleak 3.816 eta Galdakaoko ospitaleak 1.683.

Diagnostiko probak egiteko 33,78 egun itxaron behar dira batez beste Osakidetzan. 51.328 pertsona daude zain, bereziki ekografiak, mamografiak eta ordenagailu bidezko tomografia axiala (TAC) egiteko.

PROBA ETA ESI GUZTIETAN EZ DA BERDIN

Itxaronaldiak ESIaren eta proba motaren arabera aldatzen dira. Bidasoko ESIan, esaterako, sei hilabete baino gehiago itxaron behar da ekografia bat egiteko, eta Gurutzetako ospitalean, ia urte erdi ekokardiograma bat egiteko.

Aitzitik, ekografia ginekologiko bat 1,5 egunean egin daiteke Donostialdeko ESIan, eta bost egun baino gutxiagoan Gurutzetako ospitalean. Araban, proba bera egiteko 38 egun itxaron behar dira.

Lehen Arretan 48 ordu baino gutxiago itxaron behar da hitzordu administratiboak, erizaintzakoak, familiako medikuntzakoak eta pediatriakoak zenbatuta. Sailburuak azpimarratu zuenez, pazienteak ezin duela itxaron esaten badu egunean bertan hartzen dute. Pediatra batek hartzeko gehiago itxaron behar da, ordea, eta are gehiago familia- mediku batek hartzeko. Errenterian, adibidez, zortzi egun itxaron behar dira, Barakaldoko Zaballa anbulatorioan sei, eta Bilboko Gaztelekun bost.

Osasun Sailak Legebiltzarrera bidalitako dokumentuan agertzen denez, 2024ko urtarriletik apirilera bitartean espezialistarekin hartutako 44.500 hitzordu utzi zituzten bertan behera herritarrek, eta 44.000 diagnostiko proba ezeztatu ziren.

Sailburuak udan egiten diren murrizketen datuak ere eman zituen. Uztailean 530 ohe itxi dira, gehienak Gurutzetako ospitalean, non 108 plaza gutxiago dauden orain. Gasteizko bi ospitaleetan, Txagorritxun eta Santiagon, 116 ohe gutxiago daude eta Donostialdean, 70 gutxiago.