GARA
LEIOA

EHUko «prekarioen bidegabekeriari» behingoz aurre egiteko eskatu dute

Urtea bete du EHUko Prekarioen Koordinadorak abiatutako borrokak, eta atzo LAB, Steilas eta ELA sindikatuekin batera balantzea egin zuen. «Iruzurra» eta «mutu» uzteko saiakerak salatu ondoren, Lakuako Gobernu berriari eta Errektoretzari dei egin zieten, arazoari behingoz heltzera. Ikasturte hasierarako mobilizazioak iragarri zituen.

Batera agertu dira sindikatuak eta Prekarioen Koordinadorako ordezkariak Leioan.
Batera agertu dira sindikatuak eta Prekarioen Koordinadorako ordezkariak Leioan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

EHUko Prekarioen Koordinadora eta hiru sindikatu (LAB, Steilas eta ELA) batera agertu ziren atzo Leioako campusean, beren urtebeteko borrokaren balantzea egin eta dei zuzena egiteko: «Unibertsitatearen eta Gobernuaren erantzukizuna da ordezkoen inguruan eurek sortu duten arazoari konponbidea ematea, eta ez dugu etsiko hori lortu arte. Hartara, dei egiten diogu errektoretzari eta Jaurlaritza berriari, eman beharreko pauso guztiak eman ditzaten egoera zentzugabe eta diskriminatzaile honekin amaitu eta ordezkapenak zentzuzko baldintzetan (soldata eta lan baldintza duin eta ez prekarizatzaileak) egin daitezen».

Hori gertatu ezean, hurrengo ikasturtean ere mobilizazioak egingo dituztela iragarri zuten. Iazko urrian bertan grebara jo zuten.

Koordinadoraren ustez, «Unibertsitate honetako arduradunei bikaintasunaz hitz eginez bete izan zaie ahoa, baina bertako irakasle eta ikertzaileen eskubideak etengabe zapaltzen ikusi ditugu, ordezkoen kolektiboaren existentzia bera ukatzeraino».

Izan ere, ordezkoekin hartutako erabaki murriztaileak pizgarri izan dira unibertsitatean dinamika mobilizatzaileari ekiteko; ikasturte honetan bost greba egun egin dira orotara; bi, irakasle-ikertzaileen kolektiboko aldarrikapenak erdigunean jartzeko, eta beste hiru, unibertsitate osoan, sektore publiko guztian bezalaxe, ematen ari diren atzerapausoak salatu eta negoziazioari ekiteko.

Borroka honen aurrean, «Errektoretza taldea arazoa bera ukatzetik inora eraman ez duten promesak egitera pasa da. Duela hilabete batzuk gatazka konpontzeko ate bat irekitzen zela aipatu zuen Estatuko Unibertsitate Idazkariarekin bildu eta gero, baina ez dugu emaitza aipagarririk ikusi. Ehundaka plaza berriren sorrera iragarri zuen, esan gabe horietako gehienak hurrengo urteetan eman beharreko jubilazioen aurrerapena baino ez zirela», adierazi zuten.

Sindikatuen ustez, sortzen ari diren eta sortuko diren laguntzaile doktore plazekin ez da arazoa konponduko: «Leunduko du, neurri batean, ordezkapen gutxiago egingo direlako, baina ordezkapenak egiten jarraituko da, ezinbestekoak direlako, eta ordezko irakasle horiek miseriazko soldatak jasotzen segituko dute, egiten dituzten aktibitate guztiak ordaintzen ez zaizkielako. Beraz, arduraldi partzialeko irakasleen soldatak duintzeko Eusko Jaurlaritzak 41/2008 dekretua aldatu behar du».

Iragarpen horiekin «iruzurra» egin nahi izan zaiela uste dute arazoa jasaten duten pertsonek. «Iruzurraren tamaina horrenbestekoa izan da, berriki jakin izan dugula, Granadako Unibertsitatean, esaterako, jardunaldi osoko kontratazioak egiten jarraitu dutela denbora honetan. Eskaera bera egin zion Eusko Legebiltzarrak duela hilabete batzuk EHUko zuzendaritzari, baina entzungor egin zioten», salatu zuten EHUko Prekarioen Koordinadorak eta sindikatuek.