GARA
LESAKA

Eraso matxistak salatu zituzten Lesakako eta Baionako bestetan

Lesakan egindako elkarretaratzea.
Lesakan egindako elkarretaratzea. (Xulufrinak Sare Feminista)

Lesakako Plaza Zaharra bestarako ez ezik, salaketarako ere bete zen asteazken ilunabarrean, mezu argi eta ozen bat helarazteko: «Aski da, eraso matxistarik ez!». Izan ere, azken egunetan bi gizon atxilotu dituzte herrian eraso matxistekin lotuta, bat asteazkenean, emakume bat kolpekatzeagatik, eta bertzea ekaineko azken asteburuan.

Xulufrinak Sare Feministak eta Lesakako txosna batzordeak oharra kaleratu zuten, erasoa jasan duten emakumeei babes osoa emanez. «Emakumeok eguneroko bizitzan jasaten ditugu eraso matxista, sexual eta jazarpen kasuak; besta giroan horiek ugaritu egin ohi dira, erasotzaileek baliatu egiten baitute alkoholak, bertzelako drogek eta gau giroak eman diezaieketen inpunitate eta ikusezintasun giroa», adierazi zuten. Argi utzi nahi izan zuten «deusek, inon, ez duela justifikatzen pertsona baten borondatearen kontra berak nahi ez duen zerbait egitera behartzea. Ezetz beti da ezetz, baiezko argirik eza ere ezezkoa da, eta zaurgarritasun egoeran emandako baiezkoa ere ezetza da!».

BAIONAN ERE ERASO SEXISTA

Asteazkenean abiatu ziren Baionako bestak eta atzo jakinarazi zuten gau horretan bertan eraso sexista bat salatu zela. Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefet berriak gogorarazi zuen mugimendu feministaren gomendioei jarraiki, babes zibileko zerbitzuetara edota pegatinek adierazten duten lekuetara jo dezaketela, eta bertan «Angela naiz» pasahitza erabiliz, sexu erasoa salatu edota laguntza eska dezaketela.