NAIZ IRRATIA

«Herria altxatzeko» Euskal Herria zeharkatzen ari da Euskarabentura

Euskara ardatz duen espedizio nomada Atharratzen hasi zen uztailaren 1ean, eta Getxo du helmuga. 15 eta 17 urte arteko 125 gazteak Euskal Herriko ertzak eta erdiguneak ezagutzen ari dira, euskaratik eta euskaraz. Atzo Argantzonetik Gasteizerako tartea egin zuten, eta bidean zihoazela mintzatu ziren NAIZ irratiarekin.

Euskal Herria oinez zeharkatzean datza Euskarabentura, tokian tokikoak ezagutuz.
Euskal Herria oinez zeharkatzean datza Euskarabentura, tokian tokikoak ezagutuz. (EUSKARABENTURA)

Argantzonetik Gasteizerako bidean harrapatu zituen atzo NAIZ irratiak Euskarabenturako kideak; «herria altxatzeko» asmoz, Euskal Herria zeharkatzen dabil espedizioa. Haizea Solagurenbeaskoa komunikazioa arduradunak eta Odei Jauregi «kamiseta urdinak» (horrela deitzen zaie espedizioko arduradunei) erantzun zioten irratiko deiari, ibilbidean aurrera zihoazen bitartean.

Aurtengo abiapuntua Atharratze izan da; lehen aldiz abiatu zen bertatik. Solagurenbeaskoak kontatu zuen Zuberoan etapa bat gehiago egin nahi zutela bertako proiektu eta dinamikak hobeki ezagutzeko, eta horregatik hartu zutela erabaki hori. «Motibazio handia» izaten da, Jauregiren hitzetan, Euskal Herri osoa oinez egitea; «euskara zabaltzeko nahia, euskaraz harremantzeko nahia eta herria altxatzeko nahia» sumatzen ditu berak espedizioko gazteen artean.

Gaineratu zuen gure inguruko lurrak ezagutzeko irrika ere antzematen dutela parte-hartzaileen artean.

UDALEKUAK BAINO GEHIAGO

«Euskal Herriaren errealitatearen isla izan nahi du espedizioak; errealitate geografiko eta linguistiko ezberdinetakoak izatea parte-hartzaileak bilatzen dugu», adierazi zuen komunikazio arduradunak. Izan ere, ez da ohiko udaleku bat; gazte bakoitzak proiektu bat aurkeztu behar izaten du Euskarabenturan parte hartzeko, eta aurten ere abendurako zenbait proiektu jaso zituztela kontatu zuten.

Espedizio honetan hiru gai zituzten aukeratzeko gazteek: euskara batua eta euskalkiak; emakumea eta kirola; eta utopia. Horietatik abiatuta jaso dituzte formatu anitzeko lanak. Ibilbidean zehar ere, landutako gai horiek presentzia izan dezaten arduratzen da antolakuntza.

125 nerabe elkartu dira guztira aurtengo espedizioan eta, Jauregiren ustez, «udaleku mota oso zabala» izatean dago gakoa; «edozein mota eta lekutako jendea, edozein egoeratan dagoena, etortzen da; ez dago inolako hesirik», azaldu zuen. Beraiek iristean eremua euskaraz blaitu ohi dute, eta hori herritarrek pozik hartzen dutela kontatu zuten. Aste honetan, esaterako, Iruñeko sanferminetan izan dira.

Oraingoz zein oroitzapen edo ikaspen duten motxilan galdetuta, hau erantzun zuen Jauregik: «euskara inguratzen dute ezaugarri horiek guztiak baloratzen»; izan ere, berak, euskara mihian izanda, zer nolako zortea duen baloratzen ikasi du beste zenbait herritatik igaro ondoren. Solagurenbeaskoak, batetik, Euskal Herria ezagutzeko ohorea nabarmendu zuen bere oroitzapenen motxilan, eta ez geografikoki bakarrik, bertako proiektuak eta herritarrak ezagutzea oso interesgarritzat du. Eta, bestetik, harremanak aipatu ditu: «Hemen egiten ditugun harremanak, elkarrekin bizitzea esperientzia hau; ez da ohiko zerbait; bere gazi eta gozoekin baina betirako geratuko zait».