NEREA LAUZIRIKA

«Txallengea», kontzertuak, marmitako txapelketa eta gehiago Zornotzako jaietan

Astelehenean hasiko dira Zornotzako jaiak. Karmenetan hasi eta Santanatxuetara arte luzatuko dira; hots, bi astez. Egitarau oparoa antolatu dute, udalak ez ezik, herriko elkarte eta eragileek ere. Besteak beste, kuadrillen arteko «Txallengea», marmitako txapelketa eta Esne Beltza eta Tanxugueiras taldeen kontzertuak izango dira.

Iaz mugimendu feministak bota zuen pregoia.
Iaz mugimendu feministak bota zuen pregoia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Herriko jairik luzeenak ez badira, gertu dabiltza Zornotzako jaiak. Karmen egunaren bezperan hasi eta Santanatxu egunera arte iraungo dute, hilaren 15etik 27ra. Larrea Eskolak botako du pregoia, mende erdia bete berri baitu herriko eskola publikoak.

Udalak ez ezik, Laixie txosna elkarteak, Zornotzako Gazteek eta beste hainbat eragilek egitarau oparoa antolatu dute. Karmen egunean Larrean izango da jaia eta, ohi bezala, trikitilariak, dantzariak edozta herri kirolak egongo dira.

Urtero lez, kuadrillen arteko “Txallengea” antolatu dute Zornotzako Gazteek, aurten 36 lagun talderen parte hartzea izango duena. Ginkanarekin hasiko dute norgehiagoka, hilaren 16an, Zubiondo parkean.

Uztailaren 20an marmitako txapelketa egingo dute, “Txallenge”-ko partaideek ez ezik, baita beste milaka pertsonak ere. Kuadrillen arteko lehiarekin jarraituko dute hurrengo egunean, Ibaizabal errekan egingo duten piragua jaitsierarekin.

Uztailaren 23an herri kiroletan arituko dira, nor baino nor gehiago, Zubiondo parkean. Hilaren 25ean, gero eta ikusmira handiagoa pizten duen play-back lehiaketa egingo dute Zelaieta parkean.

“Txallenge”-aren aurtengo irabazlea azken proba batekin erabakiko dute, Arraibi plazan, Santanatxu egunean. Aurten, jaietako azken egunean mozorrotzeko gaia zooa izango da.

Horrez gain, Kuadrillen Eguna antolatu dute uztailaren 19an; karropoteoa, herri bazkaria eta Sakatu elektrotxaranga dakartza egitarauak.

Askotariko kontzertuak izango dira. Besteak beste, Gatibu arituko da 15ean Zubiondon; Izarok kantatuko du 19an; Tanxugeirasek, hurrengo egunean; Santiago egunaren bezperan Esne Beltza arituko da; 26an, Sune eta J Martina; eta azken egunean, Kaotiko. Halaber, Zelaieta parkean Txistularien Kontzertua egongo da uztailaren 19an, Anje Duhalde artista gonbidatua dela. Hilaren 23an Mikel Urdangarin arituko da.

NORK BERE EGUNA

Laixie txosna elkarteak txosna eguna antolatu du uztailaren 22rako. Karropoteoan ibili ostean, Zubiondoko txosnagunean txosnarien bazkaria egingo dute, eta kontzertuak izango dira ondoren. Aurten, txosnak 5.00etara arte zabaltzeko baimena eman die Udalak.

Santiago eguna Aitite-Amamen Eguna da Zornotzan. Zelaietan egingo dute jaia, eta frontoian, bazkaria. Bezperan, Danborradak zeharkatuko du herria, umeen txanda 25ean bertan izango delarik.

Horrez gain, Zelaietan bertsolariak arituko dira 16an eta Belatxikieta elkarteak antolatutako mus txapelketa, 18an.

Zubiondoko eta kamioien aparkalekuko barrakak soinu alteraziorik gabeak izango dira 17.00etatik 18.30era, eta prezio berezia izango dute 23an.