XABIER IZAGA
GASTEIZ

Gure Artea saridunak, Idoia Monton, Josu Bilbao eta Tractora kooperatiba

Aurtengo Gure Artea sariak jasoko dituztenen izenak jakinarazi zituzten atzo, Gasteizko Artium museoan: Idoia Monton, Josu Bilbao Ugalde eta Tractora Kooperatiba. Kultura sailburuak eman zuen «arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin ematen diren saririk garrantzitsuenak» irabazi dituztenen berri, eta Peio Agirre artistak azaldu zuen epaimahaiaren erabakiaren nondik norakoa. Sarituak ere bertan izan ziren beren esker ona adierazteko.

Ezkerretik hasita, epaimahaiburua, Kultura sailburua, sarituak eta sailburuordea.
Ezkerretik hasita, epaimahaiburua, Kultura sailburua, sarituak eta sailburuordea. (Endika PORTILLO | FOKU)

Idoia Monton, Josu Bilbao eta Tractora kooperatibak jasoko dituzte aurtengo Gure Artea sariak. Atzo jakinarazi zituen irabazleen izenak Kultura sailburu Ibone Bengoetxeak, Gasteizko Artium museoan.

Sarituen lanak ekarpen handia direla esan zuen, eta artisten kolektiboaren beharra azpimarratu zuen: «Herri baten emozio, bizipen edo balioei kulturak ematen die forma. Gaur, zuen lanek forma ematen diote gaurko eta etorkizuneko Euskadiri».

IDOIA MONTON

Idoia Monton donostiarrak jasoko du ibilbide artistikoa aitortzeko saria; Peio Agirre epaimahaiburuak esan zuenez, ohiko kanonetatik eta joera hegemonikoetatik kanpo kokatuta, 30 urte baino gehiagoan erakutsi duen «jarrera ausart, arriskutsu eta aurreiritzirik gabeagatik».

Monton eskulturarekin hasi eta «diziplina horrekin izan zuen arrakasta gorabehera, pinturara itzuli zen collagearen bidez», esan zuen Agirrek. Bere azken proiektuetan egungo krisi garaiari erreparatu dio ikuspegi kritikoz. Bere lanaren bereizgarri dira «moldakortasuna eta hainbat eremutan mugitzea», genero, hizkuntza eta teknikei dagokienez.

Montonek saria eskertu zuen artistaren laneko «denbora luze bat aintzatesteagatik», eta beretzat «geroko denbora» da, «behar dudana, hain zuzen».

JOSU BILBAO UGALDE

Sormen-jarduera aintzatesteko sariaren irabazlearen obra «etengabeko ikerketa prozesua» da.

Arte Ederretan lizentziatua, Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologiako masterra egin zuen. «Prestakuntza bikoitza da, eta bi jatorritako materialekiko interesa erakusten du: eskultura eta ahozko tradizioa», dio epaimahaiak. Halaber, «euskal testuinguru artistikoari egindako ekarpenak» aitortzen dizkio.

«Hainbat lagunekin beharrean jo eta fuego gabiltzala» harrapatu du sariak artista bermeotarra. Arteak aukeraren bat dakarrela uste du, baina hori ez dela berezko zerbait, eskuragarri, baizik, eta baldintza batzuk behar dituela: arreta jarri, entzun, zaindu eta eustea. Horretan dabiltzan guztiei eskerrak eman zizkien.

TRACTORA KOOPERATIBA

Arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesteko saria Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta artistek osatzen duten Tractora kooperatibak jasoko du. 2018an hasi ziren lanean, artea ekoizteko eta banatzeko sistemekin esperimentatzeko laborategi gisa, baita hainbat diziplinatako proiektuak bultzatzeko ere.

Epaimahaiaren erabakiaren arrazoiak ugari dira: Euskal komunitatearen testuinguru artistikoan egindako ekarpena, jardueren kalitatea eta berezitasuna, beste sektore kultural batzuekiko lankidetza, euskal sortzaileen jarduera artistikoa zabaldu eta balioestea, eta horiek garatu eta sustatzeko abiatu dituzten programak.