GARA
FUTBOLA

Lasesarren, abuztuaren 3an, Athletic-Osasuna, Euskal Herria Txapela lehian

EH Kirolaren balioak irudikatzen dituzten kirolariak omendu ohi dituzte finalean. Aurten Mikel Balentziaga omenduko dute, «bere kirol ibilbidean, behin eta berriz Euskal Herria Kirolak lantzen dituen balioekiko agertutako konpromiso pertsonalagatik».

Euskal Herria Txapelako finaleko antolatzaile eta gonbidatuak, atzo, Barakaldoko Lasesarre futbol-zelaian.
Euskal Herria Txapelako finaleko antolatzaile eta gonbidatuak, atzo, Barakaldoko Lasesarre futbol-zelaian. (Oskar MATXIN | FOKU)

Azken urteetan egin bezala, aurten ere Lehen Mailako Ligako derbietan puntu gehien lortu dituzten bi taldeek Euskal Herria Txapela-Euroeskualde Kopa jokatuko dute udan. Kasu honetan zortzigarren edizioa izango da eta bertan Athletic -13 punturekin, etxeko talde gisa arituko da- eta Osasuna -11 punturekin- lehiatuko dira abuztuaren 3an, Barakaldoko Lasesarre futbol- zelaian. 20.30ean hasiko da norgehiagoka eta ETBk zuzenean eskainiko du.

Partidak 90 minutu iraungo du eta ez da luzapenik izango. Berdinketarik egongo balitz, penaltietan ebatziko litzateke Epaileak FEFek izendatuko ditu, legeriak eskatzen duen bezala.

Euskal Herria Kirolako Eba Ferreiro eta Ibon Barberiak atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, VIII. edizio hau 14. aldiz antolatuko den eta abuztuaren 10ean Reala-Eibar finalerdiko partidarekin hasiko den emakumezkoen Euskal Herria Koparen aurrekaria izango da. Aurten garapen «garrantzitsu» bat izango du; izan ere, kirol mailaren arabera sailkatuta. 18 taldek parte hartuko dute, Euskal Herria Kopa A, B edo C multzoetan banatuta.

Aurkezpenean Jose Angel Iribar Athleticeko atezain mitiko ohia, Ricardo Arana Barakaldoko presidentea eta Amaia del Campo Barakaldoko alkatea ere izan ziren.

OMENALDIAK

Euskal Herria Kirolaren balioak irudikatzen dituzten kirolariak omendu ohi dituzte txapelketako finalean. Aurten Mikel Balentziaga omenduko dute, «bere kirol-ibilbidean, behin eta berriz Euskal Herria Kirola-n lantzen ditugun balioekin bat adierazitako konpromiso pertsonalagatik», azpimarratu zuten. Hala, ohorezko sakea egingo du finalean, eta txapela jarriko dio irabazleari. Lehen txapela ere berak jantzi zuen gainera, Irunen, 2018ko bigarren edizioan, lehen edizioko finala bertan behera geratu ostean.

Ildo horretan, aipamen berezi bat ere egin nahi izan zuten Euskal Herria Kirolako arduradunek. Jagoba Arrasate eta Raul Garcia bertan egotea nahi zuten abuztuaren 3ko finalean. Osasunako entrenatzaile ohiak eta Athleticeko eta Osasunako jokalari ohiak ere hala nahi izan arren, ez dute bertara etortzerik izango, baina «oso presente izango ditugu», adierazi zuten.

SARRERAK, SALGAI

Finalerako sarrerak dagoeneko Internet bidez eros daitezke, ehkirola.eus webgunean. Futbol- zelaiko leihatiletan ere salgai izango dira finalaren aurreko egunetan zein egunean bertan. Tribunako sarrerak 25 euroan izango dira, albokoak 20 euroan, eta 16 urtetik beherakoenak, 10 euroan.

Zozketa erakargarriak egingo dira bertaratzen direnen artean; besteak beste, inguruko jatetxe onenetan bi pertsonarentzako afariak.

Antolatzaileek zaleei dei egin zieten abuztuaren 3an Lasesarren jokatuko den partidara joateko. «Inportantea da, kirol eta gizarte ikuspegitik gero eta garrantzi handiagoa duen final hau, egun hurbilen batean, gure zelai handienetakoren batean joka dadin», amaitu zuten.