XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Mendoza: «25 bider handitu du Kursaalak hasierako inbertsioa»

Aurten beteko duen 25 urteko ibilbidea ospatuko du Kursaalak. Urte hauetako jardueraren balantzea egiteko ere baliatu dute abagunea zuzendari-gestoreak eta arduradun politikoek. «25 bider handitu du Kursaalak hasierako inbertsioa», azpimarratu zuen Eider Mendozak.

Ospakizun ekitaldiak atzo aurkeztu zituzten.
Ospakizun ekitaldiak atzo aurkeztu zituzten. (Jon URBE | FOKU)

Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendari-gerenteak, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusi eta Kursaaleko presidenteak, eta Eneko Goia Donostiako alkate eta Kursaaleko presidenteordeak, Patrick Alfaya eta Miguel Martin ospakizun galaren arduradunekin batera, agerraldia egin zuten atzo.

Bi lan-ildo aipatu zituen Goikoetxeak. «Kongresuak erakartzea, eraldaketa ekonomikoaren bidean, eta kalitatezko kultura eskaintzea, eraldaketa soziala bultzatuz. Aurrera begira, hazkundearen aldeko apustua egin dugu onartu berri dugun Plan Estrategikoan», azaldu zuen.

«Nekez irudikatu dezakegu Donostia Kursaalik gabe; nik behintzat ezin dut», aitortu zuen alkateak. Era berean, Ramon Labayenen figura goraipatu zuen. «Berea izan zen auditorioa eta kongresu jauregia eraikitzeko ideia. Amestu zenetik eraiki arte emandako pausoak ez ziren batere errazak izan», gogoratu zuen.

Hamar milioi pertsonak baino gehiagok parte hartu dute 6.700 ekitalditan, eta, %78ko okupazio-mailarekin, 1.559 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du barne produktu gordinean.

Gipuzkoarren artean, 10 pertsonatik 8k Kursaaleko ekitaldiren batean parte hartu du, eta inkestatuen %88k positiboki baloratzen dute jauregiaren jarduera, lurraldean eragin ekonomiko eta sozial handia duela aitortuta. «Bertako eta nazioarteko kultur eszenako izen handiak izan dira Kursaalen, eta lehen mailako eszenatoki gisa sendotu dute beren ospea», adierazi zuten.

Ekitaldien artean, azaroaren 8an, pop-rock eta doinu klasikoagoez osatutako gala egingo da. Sarrerak atzo jarri ziren salgai webgunean (www.kursaal.eus).