Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Portugaleteko Zubia, Arraun Lagunak eta Bermeoren nagusitasunaren lekuko

Donostiarrek eta bermeotarrek indar handiz jarraitzen dute euren ligetan. Arraunek estropada guneko marka berria ezarri eta Urdaibaik larunbateko arantza kendu du; Hondarribiaren eta Zierbenaren lehiarako gogoak zapuztu zituen Sestaoko Banderan.

Hondarribia lehiakorra, Bizkaia Zubiaren azpitik pasatzen.
Hondarribia lehiakorra, Bizkaia Zubiaren azpitik pasatzen. (Oskar MATXIN | FOKU)

Kaikuk antolaturiko Sestaoko Banderak, Portugaleten ospatuak, ez zituen gauzak asko aldatu, baina beste joera bat eskaini zuen. Garaileak denboraldi hasierako berberak izan ziren; hau da, Arraun Lagunakek seitik seikoa lortu zuen bitartean, Bermeo Urdaibaik larunbateko arantza kenduz -Zierbenak irabazi zion- Hondarribiak eskainitako lehiarako gogoa zapuztu zuen.

Horiez gain, garaipen egarriz zen Urdaibai, eta broma dirudi sasoi hasiera honetan ikusitakoak ikusita. Larunbatean, Bilbon Zierbenak “lapurtu” zion garaipena. Honek amorrazioa ekarri zuen Bermeoko trainerura, eta atzo eguerdian bere estatusa azpimarratu zuen, Bizkaiko Zubia lekuko izan zelarik.

Azken unera arte mantendu zen emozioa, eta bertan ikusi zen Gorka Aranberri patroia, nahi duenean, odol hotzekoa dela. Azken luzean Hondarribiak aurrea hartuta zuela, bi segundoko aldea zuen Zierbena eta Bermeo baino pixka bat atzerago zetorren. Baina “Bou Bizkaia”-k zierbenarren eta berdeen lehiarako gogoak zapuztu zituen azken luze horretan. Ibaiaren iskin batetik -Hondarribia beste izkinatik zihoan-, pausoz pauso metroak atzean utzi zituen eta garaipenarekin egin zen. Atzetik, Zierbenak Hondarribia aurreratu zuen eta “Ama Guadalupekoa”-k hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen bideo-finisha ikuskatu ostean. 22 ehuneneko aldea egon zen bien artean.

Lehenengo aldiz sasoi honetan, Ioseba Amunarrizen arraunlariek erakutsi zuten garaipenagatik lehian egon daitezkeela. Bestalde, Zierbenak asteburuko lan bikaina bigarren postu estuarekin biribildu zuen, eta Orio laugarren izan zen, 19 segundora, Donostiarra baino segundo bat azkarragoa izanda.

Ohorezko txandan egon ezinaren amorruarekin, Donostiarrak bigarren txanda irabazi zuen. Ez zuen nagusitasun osoz egin, baina distantzia nahikoarekin “lasai” ibiltzeko.

Bien bitartean, Kaiku antolatzaileak goitik behera egin zuen. Denbora gehiegi galdu zuen amaieran, baina behintzat eguna salbatu ahal izan zuen, estropada San Pedroren aurretik amaituz.

Estropadari hasiera eman zion norgehiagokan, Cabok eta Lekittarrak oso lehia bizia mantendu zuten hasiera-hasieratik, nahiz eta galiziarrek azken luzean erabaki zuten txandako irabazlea.

Bi ontziak -Cabo lehen kaletik eta Lekittarra bigarrenetik- oso gertu aritu ziren elkarren artean estropadan zehar. Pentsa, bigarren ziaboga ostean, maniobra arriskutsua ikusi zen epailearen zodiakarekin. Izan ere, geldi geratu eta Lekittarra eta Caboren artean pasa zen, bien artean tarte txikia zegoenean. Zorionez, ez zen ezer gertatu eta lehiak normaltasunez jarraitu zuen.

SEITIK SEI

Formula honekin hasi dira kronika asko aurtengo sasoian. Baina Arraun Lagunakek hala behartu du orain arte. Atzo ere Ligako lidergoa sendotu zuen, beste asteburu bat biribilduz eta estropada guneko errekor berria ezarriz. Laugarren kaletik, ez zuen inongo oztoporik izan eta oso ondo kudeatu zuen proba.

Emozioa atzean egon zen. Bertan, Oriok bigarren postua kendu zion Donostiarrari azken metroetan, eta baita sailkapen nagusian ere. Aipatzekoa da Hondarribiaren asteburua ere. Berdeek ohorezko txandan aritzeko aukera irabazi zuten larunbatean, Bilbon, eta atzokoan laugarren postuan amaitu zuten, lehen txandan aritu zen Tolosaldea baino azkarragoa izanda. Azken hauek, hain zuzen ere, oso nagusi izan ziren joan-etorrian. Horren erakusle da ziabogan Hibaikari ateratako bederatzi segundoko aldea. Galiziarren arteko lehian, oraingoan Tiran atera zen garaile.