«Taldean, mundu hobea egiteko ideia edo saiakera dago»
Euskaltelen hiru urte igaro ostean, Xabier Mikel Azparrenek (Donostia, 1999) Q36.5 taldeak fitxatu zuen, eta «oso pozik» dago bertara joateko hartutako erabakiarekin. Aurten, ordea, zenbait erorikok ez diote bere maila ematen utzi, orain arte behintzat.
Tourraren 11. etaparen biharamunean harrapatu zuen bere estudioan NAIZ Irratiak Xabier Mikel Azparren. Egun hartan Jonas Vingegaard Tadej Pogacar liderra baino azkarragoa izan zen esprintean, eta maillot horiaren borroka irekia zegoela zirudien. Ondoren etorri dira Pirinioak eta esloveniarraren erakustaldiak... Baina gai askori buruz hitz egin du Azparrenek mikrofono aurrean.
Nola bizi duzu denboraldi berria talde berriarekin?
Saudi Arabian erorikoa izan nuen, baina oso ondo aurkitzen nintzen. O Gran Camiñon ere erlojupekoan eta etapa batean garaipenetik nahiko gertu geratu nintzen, eta Roubaix prestatzen nenbilenean, lurrera joan, humeroa eta lotailu bat puskatu, eta pixka bat presarekin hasi nintzen Itzulia prestatzen. Etxeko lasterketa zen, ilusioa nuen, baina estres guztiarekin ezin izan nuen nik nahi nuen bezala prestatu eta entrenatu. Estres hori pasatu nuenean, Romandiarako ondo entrenatzen ari nintzela, beste eroriko bat izan nuen, eskuin klabikula puskatu nuen eta berriro tokatu zen presaka ibiltzea, Espainiako Txapelketak gertu zeuden, eta sentsazio txar horrekin geratu nintzen. Orain hilabete eta erdi igaroko dut lasai, entrenatzen bakarrik, eta espero dut bigarren zatia ona izatea.
Ekaineko Espainiako Txapelketan erlojupekoan David de la Cruz taldekideak irabazi zuen eta hor ikusi zintuztegun garaipena ospatzen. Horrelako taldean zaudenean eta horrelako garaipena lortzen denean, bada pixka bat denona, ezta?
Bai, bai. Batez ere Davidena nahiko berezia izan zen. Aurten logela berean gau gehien konpartitu dudan pertsona da, ia lasterketa guztietan batera aritu gara korritzen. Berarekin, azkenean, harremana oso gertukoa izan da. Banekien nire aukerak podiumerako izan zitezkeela eta bera irabazteko zegoela, eta bai, talde garaipen bat bezala sentitzen duzu.
35 urte ditu De la Cruzek eta oso gazte hasi zen irabazten, talde handienetan ere aritu da. Asko al dago ikasteko honelako ziklista baten alboan?
Bai. Batez ere biak nahiko txirrindulari antzekoak garelako. Berak, urteekin, gehiago igotzen amaitu du, baina profila antzekoa da, batez ere erlojupekoan onak gara biak eta denborarekin berak puntu hori lortu du. Niretzat bere esperientzia hori izatea eta berarengandik ikastea oso ona da; gainera, bera beti oso prest dago laguntzeko, erakusteko.
Bigarren erdi honetan, argi al duzu egutegia?
Beti egoten dira duda txiki batzuk, baina gutxi gorabehera badugu ideia orokor bat. Lehenengo aldiz [Giacomo] Nizzolorekin egon nintzen Eslovakian. Bera egin genuen lanarekin oso pozik geratu zen. Hemendik aurrera, urte amaierara arte, egutegi asko izango dut berarekin: Poloniako Tourra, Hanburgoko klasika, Belgikako beste bat, Luxenburgo, Britainia eta Italiako klasikak edo Kroaziako itzulia.
Egutegi dezente da. Erorikoak eta gero, emango du nolabaiteko lasaitasun bat, ezta?
Bai. Lehengo urtean justu kontrakoa zen. Behin Espainiako Itzulitik kanpo geratuta, egutegia nahiko laburra zen eta lasterketen motibazioa altu mantentzea zaila izaten da. Aurten taldeak oso lan ona egin du lasterketak bilatzen, ezin gara kexatu egutegiaz. Gutxien korritzen duen txirrindulariak 50-60 bat egunekin amaitzen du urtea, eta gehien dabilenak ia 80 egunekin. Hori, Itzuli handirik egin gabe, lan askoren seinale da.
Nolakoak izan dira sentsazioak Q36.5rekin?
Agian jendeak ez daki, baina talde hau Dimension Dataren talde berbera da eta barruan dagoen jende guztia talde horretatik dator. Sentsazioak oso positiboak izan dira, oso gustura sentitu naiz lehenengo egunetik, oso berezia da 20 herrialde ezberdinetako taldekideekin egotea talde batean: Afrikako jendea, Ozeaniako jendea, Europakoak... Azkenean, leku guztietako norbait dugu, eta hori niretzat pertsonalki oso onuragarria da. Denbora guztian ari naiz haiengandik ikasten, bai txirrindularitzako gauzez bai beraien bizitza pertsonalaz. Ez da berdina Eritreako tipo batek daraman bizitza edo Suediako tipo batek daramana. Bestalde, ikusi dut aurrekontu polit bat duen taldea dela, aukera duena zugatik apustu on bat egiteko, eta hori nabaritu da kontzentrazio gehiago egiteko orduan, erorikoetatik errekuperatzeko orduan beraien aldetik asko jarri dutelako. Oso-oso pozik nago bertara joateko erabakiarekin.
Nolakoa da Etiopiatik datorrenarentzat txirrindularitza?
Asko hona etorri dira Europatik egindako proiektuengatik, bere momentuan Qhubekak zuena, adibidez. Abraham Olano bertan egon zeneko proiektu horiekin ere bai asko. Gero, ikusten duzu hona etortzen direla, mundua beste begi batzuekin ikusten dutela, dena ikusten dute alaitasun berezi batekin. Justu orain dela bi-hiru aste Negasi Haylu Abreha taldekideak Etiopiako txapelketa irabazi zuen errepidean, eta bideoak aritu zen bidaltzen. Festa bat bezala bizi dute hori guztia. Hau oso-oso polita da, beste jende bat da.
Honelako taldekide bat ondoan izateak norberaren ikuspuntua ere aldatuko du, ezta?
Bai. Talde honetara aldatzeko erabakia hartu nuenean, niretzat nahiko garrantzitsua izan zen atzetik duten proiektua. Azkenean, talde asko kirol proiektu bat baino besterik ez dira. Hemen, mundu hobea egiteko ideia edo saiakera bat dago atzean, eta gainera, aukera ematen dizu mundu guztiko jendea ezagutzeko, haiengandik ikasteko, eta pertsona bakoitzetik zerbait eramateko aukera baldin baduzu eta gai baldin bazara, merezi dizu honelako talde batean egotea eta pauso hori ematea.
Badakigu erlojupeko material aerodinamikoaren oso jarraitzailea zarela. Tourrak beti markatzen du inflexio puntu bat honelako materialei edo ikerketei begira. Zerbaitek atentzioa eman al zizun?
Ikusi nuen berrikuntza handienetakoa izan zen Pogacarrek zeraman aulkia. Modelo berri bat da, prototipo bat. Agian jendearentzat ez da hain bisuala, baina urtero joera bat dago posizioen aldaketarekin. Orain, eskulekuak goraka eramateko joera bat dago, pixka bat luzeago joateko eta ukalondoa gehiago irekitzeko. Ikusi da ez dela bakarrik aerodinamika. Belodromoko testa egiten dugu, arrabolera ere igotzen gara eta oxigeno maskara jartzen dugu. Horrekin ikusten da posizio batetik bestera noiz kontsumitzen duzun oxigeno gehiago eta noiz gutxiago. Oso aerodinamikoa bazara, baina kontsumoa oso altua baldin bada, ez duzu aukera hori indarra denbora guztian mantentzeko. Beraz, oraintxe bertan bietako oreka hori bilatzen da.
Beraz, gorputzaren beste faktoreei ere erantzuten die?
Bai. Pixka bat bilatzen da aerodinamikoa izatea, baina baita ergonomikoa ere. Zuk asko izerditzen baduzu eta zure gorputz tenperatura baxu mantentzeko aukera galtzen baduzu, hori ere hor dago, eta errendimendurako muga handienetariko bat da: gorputzaren tenperatura. Hau 38 gradutik pasatzen denean errendimendua uste dut %30ean jaitsi egiten dela.
Gaia aldatuz, Total Energiesek lapurreta bat izan zuen Tourrean, 11 bizikleta lapurtuta...
Guri gertatu zitzaigun lehengo urtean Eslovenian. Azkeneko etapa baino lehenago, furgoneta lapurtu ziguten eta, gure kasuan, 14 bizikletak, denak. Talde dezentek eskaini zizkiguten beraien bizikletak, baina taldetik ez ateratzeko erabakia hartu zuten eta Veneziara joan ginen egun pasa.
Zure sare sozialetan ere ikusi dugu azken asteetan, aireportutik atera eta norbait ibili zela zure bizikletarekin...
Bai, bai. Italiara hegan egin behar izan nuen, gure arropa markentzat anuntzio batzuk grabatzera. Normalean ez dut bizikletarekin hegan egiten, taldeak eramaten duelako, baina kasu honetan etxeko bizikleta eraman nuen eta ailegatzerakoan katea askatu zidaten, eskulekua guztiz desegin zuten, pieza dezente falta ziren, atzeko gurpilari ez zioten piñoia kendu, karretea guztiz atera zioten... Harrigarria iruditu zitzaidan, gauza horiek egiteko gutxieneko ezagutza bat eta erreminta batzuk izan behar dituzulako.
Tourrera itzuliz, hasieratik gabiltza Vingegaarden sasoiaz, hoberantz joan daitekeen edo ez. Nola ikusten duzu?
Vingegaard Tourraren hasieran jarri bazen eta Vismak irteeran jarri bazuen, irabazle ikusten zutelako da. Sepp Kussek, adibidez, Dauphinen covid-a pasa zuen, bi-hiru aste izan zituen errekuperatzeko; komentatu zidatenagatik, Pogacar ere erdi gaixorik izan zen Dauphine eta Tourreko tarte horretan. Kuss ez zuten %100 ikusi eta ez zuten irteeran ipini. Horrek niretzat nahiko argi uzten du ze ideiarekin doan Visma, zein segurtasunekin jokatuko duen. Bestalde, alderdi psikologikoa nire ustez gakoa da horrelako lasterketetan. Ikusi da, demostratu da, Positive Talking deitzen da: bakoitzak bere buruari ondo hitz egiten badio, pixka bat pentsamendu positibo horrekin lan egiten badu eta benetan sinisten badu, errendimenduan hobetzen da.
Aurreko astean garaipena lortu ostean, negar malkoekin ikus genuen Vingegaard.
Irteeran, Florentzian, oso emozionatuta ikusi zen. Tipoa oso pertsona familiarra da, antza. Normalean lan asko egitea tokatzen zaie etxetik kanpo, ziurrenik berari are gehiago. Posible da ospitaletik zuzenean entrenatzera joan eta familiatik kanpo egon izana ordutik. Gauzak ondo ateratzen direnean eta egindako lan hori ikusten duzunean, emozioak azaleratzen dira.