Iraia OIARZABAL
DONOSTIA
Entrevue
IZARO ANDRES
Musikaria

«Mendi handi bat sentitzen nuen hazten, eta gora egitea erabaki nuen»

«Cerodenero» diskoaren bira betean da Izaro Andres (Mallabia, 1993) eta amaiera kontzertua iragarri du aste honetan bertan. 2025eko maiatzaren 31n izango da, Barakaldoko BECen. Plaza handi bat lan handi bati agur berezia emateko. Baita une zail eta gatazkatsu baten ostean bidelagun izan dituen entzuleei eskertza adierazteko ere.

(Marisol RAMIREZ | FOKU)

 

Badira amaierarik ikusten ez diezun elkarrizketak. Donostian elkartu gara Izaro Andresekin eta lasai hasi gara hizketan “Cerodenero” bere azken lanaz, bere sendatze prozesua ere izan denaz. Azken urteetan bizitakoa, osasun mentala... halaxe heldu gara elkarrizketaren gailurrera. Emozioez, bizitzaz, nahiez eta helburuez berbetan egin dugu beherako bidea. Pena da solasaldia bukatzea. Berak ere bukaera epea jarri dio azken birari. Maiatzaren 31an izango da, BECen. Atseden hartuko du gero. Hurrengo espedizioaren zain izango ditu entzuleak.

New Yorketik itzuli berritan harrapatzen zaitugu. Zer moduz zaude?

Oso ondo. “Cerodenero”-k toki diferente askotara eraman gaitu eta amets batean bezala gaude. Egia da New York izan dela oso berezia. Sarrerak agortu egin ziren eta esan ziguten gehiengo bat euskalduna zela. Jendea abesten ari zen eta horrek harritu egin zituen bertakoak, eta ni neu ere bai.

Iritsi berritan iragarri duzu bira amaierako kontzertua. 2025eko maiatzaren 31n, BECen. Nola hartzen duzu erronka hori zure ibilbideko une honetan?

Niretzat “Cerodenero” bera disko berezia da, igual bereziena orain arte egin ditudanen artetik. Disko garrantzitsu bat izan da, eginda gelditzeko, justu nire bizitzako prozesu igual gatazkatsuenetako batetik. Eta behin min hori sendatuta, lan terapeutiko hori eginda, psikologora joanda, eginda 2023ko nire geldialdi mediatiko hori... diskoa egiten aritu ginen, baina fokurik gabe. Orain gai naiz berriro gozatzeko birez lehengo moduan, oso-osorik. Jotzeko gogoa daukat, pozik nago eta ez daramat pisu gehiegirik. Banekien disko hau niretzat mendi bat izango zela. Mendi ibilbide bat da eta kantuak ordenatuta daude igoeran, gero gailurrean, eta gero jaitsieran. Prozesu terapeutikoa ere horrelakoa izan zen. Amorru guztiak atera, gero goian perspektiba pixka bat hartu, eta gero sendatu.

Banekien bira noizbait bukatu behar zela, baina igoeran zauden bitartean ez da ikusten noiz edo nola bukatu daitekeen. Orain gailur batean gaudela sentitzen dudala, udako kontzertuak, bidaiak kanpora... gailurreko patxada horretatik ja ikusi ahal dut jaitsiera. Niretzat irailetik aurrera hasiko da jaitsiera. Eta azkenengo puntu hori, sendatze prozesu gorena, izango da BEC. Guretzat erronka potolo bat da, jende askoko plazak direlako, eta beti ematen du beldur puntu hori. Baina egia da, diskoko azken kantak dioen bezala, «todas las horas que quedan van a pasar, es inevitable». Eta bagaude pixka bat rollo horretan, bizitza pasako da berdin, orduan goazen hartzera arriskuak, egiteko are gogoangarriago.

Bira honetako kontzertu baten hasieran entzun nizun hauxe gelditu zait gogoan: ongi etorri «sendamendira». Nola sentitzen zara?

Asebeteta eta harro sentitzen naiz orain, nik neuk egin izanagatik prozesu hori eta inguruko jendea ere badabilelako halako prozesuak egiten. Gu geu ere, Izaro lantalde moduan, nola gabiltzan gauzak aurrera eramaten, ze lan metodo dauzkagun eta nola doan aurrera denon osasunaren eta ongizatearen baitan. Nik aspaldi idatzi nuen diskoa, baina egia da oraindik sentitzen naizela errekonozituta. Ez nago min eta amorru horretan inondik inora. Lasai, ondo eta pozik nago. Baina gustatzen zait orain mimoz ahal izatea «sendamendi» hori laztandu.

Oso berezia da publikoan jende asko bere mendiak eta bere mendikateak igotzen dabilela jakitea eta ahal izatea momentu konkretu batean elkarri motxilak eramatea edo elkarren pisua partekatzea. Niretzat garrantzitsua izan da nik hau guztia esan ahal izatea. Sentitzen dut oraindik harreman intimoagoa sortu dudala nire publikoarekin.

Gero eta gehiago hitz egiten da osasun mentalaz, tabuak apurtzen doaz, lehen pentsaezina zena. «Cerodenero» bada gonbidapen bat jendeak bere prozesua egin dezan?

Suertez ni banaiz belaunaldi batekoa non gai hau ez den hain tabua. Oraindik jendeari kostatzen zaio, baina ja ez hainbeste. Hau dena pasatzen zen bitartean nire buruan, ez dakit, nik «depre» deitzen diot, baina ez dakit klinikoki hori den... ni ez nengoen ondo. Konturatu nintzen benetan zelako balioa daukan bizitzak berak eta denaren erdigunea dela bizitza. Gero, ba nik bizitza honetan aukeratu ahal izan dut hau izango dela nire entretenimendua bide honetan, baina denok helduko gara berberera eta gatoz puntu berberetik, eta azkenean gauzak uste baino sinpleagoak dira. Ni kantuak idazten joaten naiz une oro. Egia da askotan kantuak doazela nire kontzientziaren aurretik. Idazten ditut, ez ditut ulertzen momentu horretan, baina gero pasatzen dira pare bat hilabete eta esaten dut; ah, bale, abisua hor zetorren. Mendi handi bat sentitzen nuen hazten, eta bi aukera neuzkan; ez begiratu, baina gero itzal horrekin bizi, edo botak erosi eta mendian gora joan.

Disko honek asko lagundu dit ordenatzen. “Limones”-eko bukaerako dokumentala zegoenean hasi nintzen ni psikologora joaten. Gidoia sei aldiz berregin nuen, ze hainbeste aldatzen zen nire burua hain denbora gutxian... Psikologoak esaten zidan berez ona zela baneukalako derrigortasuna nonbait zerbait ordenatua jartzeko eta horrek emango zidala diziplina bat. Niretzat “Cerodenero” izan da iparrorratz potolo bat, baita nire entzuleak ere. Berriro konektatu ahal izatea bizitzarekin. Bizitzako beste gauza batzuekin sustraitzen nabil eta uste dut benetan inporta dutenak direla.

Diskoari dagokionez, denetariko sentimenduak daude: haserrea, amorrua, badago baita poza ere, maitasuna... Norberaren barruan sortzen den lurrikara txiki bat da.

Uste dut denak garela sumendi bat, pila bat emozio ditugu eta momentuaren arabera batzuk edo besteak botatzen dira. Niretzat, adibidez, kuriosoa izan da amorrua nola atera. Bada gauza bat ez dudana askotan sentitu. Kuriosoa izan da nola nik idazten nuen momentuan nengoen moduan, eta zu igual bertan ez zara kontziente nola zauden, baina gero perspektibarekin ikusten duzunean, argi ikusten duzu momentu horretan ez zeundela ondo. Eta gero hasten denean zu ondo zauden prozesu hori, iristen denean “Limoiondo” edo “Udara udara”, “Las llaves de tu casa”... hasten zarenean beste soinu batzuk entzuten, beste idazteko modu batzuk... Niretzat oso fisikoa da ikustea nire emozioen aldaketa.

Espresio artistikoari dagokionez, badago oholtza gainean dantzaren presentzia garrantzitsu bat. Hor ere bilatzen duzu zerbait adieraztea.

Gainera, bazen zeozer nik beti egin nahi nuena, dantza ordenatu bat nahi nuen, iruditzen zaidalako kontrol horren barruan ahal direla adierazi gauza askoz gehiago. Esperientzia oso on bat izan zen niretzat 2023ko maiatz hori, dantza eta dantza aritzea eguna joan eta eguna etorri. Ni bakarlaria izanda beti joaten naiz banda batekin, baina pixka bat urrunago daude. Ordea, bat-batean irtetea eszenatokira jendea nire ondora eta nire gauza berberak egiten... lehenengo aldiz ikusi nuenean koreografia, denok batera ispilu aurrean, hunkidura sentitu nuen. Komunikatiboki dantzak eman didana eta birari eman diona oso potentea izan da.

Zure ibilbidean, eta azken urteetan nabarmen, zenbait mezuk garrantzia izan dute: aldarrikapen feminista, oro har desberdintasun eta bazterkeria ororen salaketa...

Beti izan naiz oso pertsona konprometitua esparru guztietan. Esan nahi dut, bai gizarte politikekiko bai etxe baten garbitasunarekiko. Egia da zu hazten zarenean emakume bezala munduan ezin duzula ahaztu neska zarela. Nire gurasoak oso enpatikoak izan dira beti eta orain ni batzuetan agian gehiegizko enpatikoa naiz. Sentitzea min hori, lore bat kentzearen mina, adibidez. Edo zergatik gorroto uso bat kalean? Mentalitate horretara oso lotuta sentitzen naiz, errespetu handia diot existentziari berari. Gero eta helduagoa izan, kontzienteago naiz zenbat jendek ez dion errespeturik existentziari eta ze arriskutsua den hori.

Ni Izaro moduan super argi posizionatzen naiz nire gauza guztietan, baina batzuetan zaila egiten zait zer adierazi, nola adierazi. Ez dut uste bortizkeriatik inork argia ikustea posible denik, baina bai samurtasunetik. Eta uste dut hori dela nire bidea. Nola heldu pentsamendu antiexistentzialista batzuetara gozotasunetik. Ale txiki hori jar badezaket...

Adibidez, lehengo egunean oso polita izan zen niretzat sanferminetan kontzertua eman genuela. Nagore (Laffage) gogoratu genuen, zelan ez dagoen benetako justiziarik guretzat, emakumeen kontrako bortizkeriaren aurrean. Eta hori dena esaten ari nintzela, hasi nintzen fijatzen publikoan eta konturatu nintzen lehenengo lau bost ilaretan denak zirela emakumeak, gazteak eta helduak. Hunkitu egin nintzen. Zeozer badabil gertatzen. Eta ni neu ere, adibidez, 2022ko bira horretan guztian hain gaizki jarri nintzen, ezen ez bainuen nahi kontzerturik eman, ez nuen nahi jendearekin egon, ez kalean inork ezagutu nintzan... Ezer ez, ez nuen nahi inongo kontakturik inorekin. Eta orain ere beraiek niri, masa moduan, lasai libre kantatzera irteteko leku bat eskaintzea, gauzak esatera eta eurekin egotera... Ez dakit eurak kontziente diren ze zubi lan egiten duten.

Sentitu duzu beldurrik biluzte honetan?

Bai, eduki dut beldurra. Hasiera-hasieran batez ere, kanturik igual gogorrenak idatzi nituenean bai, pentsatu nuen: «Uf, aterako dut hau? Eta jendeak galdetzen badit zerena den?» Zeren terapian ikasi dudan agian gauzarik garrantzitsuena izan da zer ez erakutsi. Inork ez dizu erakusten nola izan bat-batean ezaguna. Ni oso gaztea nintzen, gauza asko ikasi behar dituzu aldi berean... jendeak galderak egiten dizkizu grabatuta geratuko direnak, eta zuk agian gauza batzuez ez duzu hausnartu.

Zure barruko gauza guztiak “en vivo y en directo” ari zara partekatzen. Eta gero mundua ez da leku on bat. «El mundo no es un buen lugar, ¡es hostil!». Nik ikasi dudan zerbait da, zer ez esan, ez partekatu behar ez denaren gainetik. Ze egia da artistoi eta publikoki esposizio bat dugunoi exijitzen zaigula denbora guztian gure pentsamendua edo sentitzen duguna kontatzea.

Nire beldurrik handienetakoa, adibidez, izan da norbaitek gaizki interpretatzea nire erantzun bat.

Gustura gaude, baina amaiera jarri behar diogu solasaldi honi. Atsedenaldia hartuko duzu BECeko kontzertuaren ostean, ez dakigu zenbat denborakoa. Esfortzuaren kultura barneratu dugu, askotan gaizki. Baina bai, atseden hartu behar da.

Niretzat orain hori oso lagungarria da, jakitea noiz hartuko dudan atseden. Hori da “Limoietan” pasa zitzaidana, birak ez zuen bukaerarik. Orain ordena baten barruan badakit ia urtebete falta dela bukatzeko, baina nire buruak badaki zer gertatuko den hori eta gero; edukiko dut tarte bat atseden hartzeko, eta orduan hemendik harako bidea niretzat ez da hain nekeza izango. Eta pena ematen dit, kristorena! “Cerodenero” gozada bat izaten ari da niretzat, baina badakit bukatu behar egin da. Eta gero atseden hartuko dut, ze gainera uste dut hori iraultza bat dela. Eta hori da bizitzak erdigunera ekartzea baita ere.