«Generoko zinema» nagusi, New Directors atalean
«Generoko zinema»-tik asko izango du aurten Zinemaldiko New Directors sailak. Hamaika lan aurkeztuko dira bertan, eta David Perez Sañudo izango da euskal ordezkari bakarra, lehiaz kanpo.
«Generoko zinema indartsu sartu da» Zinemaldiko New Directors atalean, Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak azaldu zuenez. Hamaika zinemagileren lehen edo bigarren lanak lehiatuko dira sail honetan. Sail honetan emango da David Perez Sañudo gidoilari eta zinema zuzendari bilbotarraren ‘‘Azken erromantikoak’’, baina lehiaz kanpo. Perez Sañudo aurretik ere izana da Donostiako jaialdian, 2020an Patricia Lopez Arnaiz protagonista zuen ‘‘Ane’’ aurkeztu baitzuen bertan, baita euskal zinemaren Irizar saria eskuratu ere.
Txani Rodriguez idazle laudioarraren ‘‘Los últimos románticos’’ (Seix Barral, 2020) eleberriaren egokitzapenarekin dator orain; eleberriak Literaturako Euskadi Saria eskuratu zuen, gaztelaniazko literaturaren atalean. Kontakizunak Irune (Miren Gaztañaga) du protagonista: joera hipokondriakoak dituen emakume bakartia da, ezagunen zirkulu mugatu batean mugitzen dena. Bere bizitzak goitik beherako aldaketa izango du bularrean koskor bat detektatzen diotenean.
Lehiaketan, jatorri oso ezberdinetako zinema zuzendariak jarri dira New Directors ataleko saria -garaikurra eta 50.000 euro- eskuratzeko bidean. “Gülizar / Gulizar”, Turkiaren eta Kosovoren arteko koprodukzioa, ezkondu aurretik sexu-eraso bat jasaten duen emakume gazte bati buruzko filma da, Belkis Bayrak (Istanbul, 1984) zinemagile turkiarraren lehen film luzea.
Koya Kamura (Paris, 1983) zinemagile frantziar-japoniarraren ‘‘Hiver à Sokcho / Winter in Sokcho’’ (sexu-erasoen gaineko filma), Sivaroj Kongsakulen (Bangkok, 1980) “Regretfully at Dawn’’ (agure baten, neskato baten eta soldadu baten patuak gurutzatuko dira), Akaki Popkhadze georgiarraren (Tbilisi, 1991) ‘‘Brûle le sang / In the Name of Blood’’ (komunitate georgiarreko funtsezko pertsonaia baten heriotzarekin abiatzen da), Yongkang Tangen (Taiyuan, 1983) ‘‘Stars and the Moon’’ (estralurtarren zain dagoen haurra du protagonista) eta Michael Tyburskiren (New York, 1984) ‘‘Turn Me On’’ (zientzia-fikziozko komedia erromantikoa) lehiatuko dira bertan. Bi debut ere ikusiko dira: C. Tanganaren ‘‘La guitarra flamenca de Yerai Cortes’’, saila irekiko duena, eta Sandra Romeroren ‘‘Por donde pasa el silencio’’. Azkenik, ‘‘La llegada del hijo” Cecilia Atan eta Valeria Pivato zuzendarien bigarren film luzea ere emango da.