Musika-dokumentala, «true crime»-a, ala biak?
Max Mix”, “Caribe Mix”, eta abar. 80ko eta 90eko hamarkadetan Estatu espainiarreko musika industrian arrakasta itzela izan zuten bilduma diskoak dira horiek. Dozenaka disko argitaratu zituzten, baina gutxik zekiten horren atzean zegoen guztia. Hiru ataleko “Megamix brutal” dokusailari esker, Megamix fenomenoaren atzean egon zen istorio ilun eta harrigarria ezagutuko dugu; azpijokoak, estortsioak, iruzurrak, bahiketak eta hilketa-saiakerak... Azaltzen den guztia egiazkoa da, nahiz eta mafiosoen edota Coen anaien pelikula batetik irtendako egoerak diruditen. RTVE Play-k eta 3Cat plataforma katalanak ekoitzi dute, Producciones del Barrio-rekin lankidetzan.
Musika-dokumentala, “true crime”-a, ala biak? Bada, hori da, hain zuzen ere, lan honen alderdirik sendoena; ezin hobeto uztartzen ditu alderdi horiek. Musikazaleek gozatuko dute lan honekin, eta istorio korapilatsuekin disfrutatzen dutenek, are gehiago. Era honetako lanetan oso ohikoa izaten da atalak etengabe luzatzea eta garrantzitsuak ez diren kontakizunak sartzea; hemen ez da halakorik gertatzen: zuzenean harira doaz eta gertaera potoloak soilik azaltzen dituzte. Zenbait unetan umorea ere erabiltzen da, eta horrek arintasunez bustitzen ditu istorioaren zenbait pasarte. Gainera, muntatze lan oso zehatz eta freskoa erabili dute elkarrizketak, garaiko irudiak, zuzenekoak, bideoklip zatiak eta birsortzeak gidoiaren egituran zehar txertatzeko. Garai hartako ekintzen eta elkarrizketen birsortzeak nola egin dituzten deigarria iruditu zait: kontakizunaren benetako protagonistak -elkarrizketatu nagusiak, alegia-, aktoreekin eta eraikitako agertokiekin nahastu dituzte, eta ukitu zinematografiko bitxi eta oso erakargarria ehundu dute.
Ikusi, harrituko zaitu.