Musikaren behatokiak
Behatokiak eraikiko bagenitu, urratsak egingo genituzke garen bertsioaren bertsioa non ainguratuta dagoen jakiteko. Behatuko dugu behatzen ari garelako. Nondik begiratu behar zaion musikari galderaren erantzuna trebetasunaren mende dago. Musika, orokorrean, kantuaren azpitik dagoenean, zer esanahi aurkitu ahal diogu? Eta esango banu kantua dagoela, eskuarki, musikaren azpitik, zer? Jende askok, profesionalek batez ere, ez dute ulertuko industriarik gabeko kultura. Musikaren industriarik gabe, zer nolako kantuak entzungo genituzke?
Azken ia bi hamarkadetan Elkar argitaletxeko kudeatzaile izan den Olatz Osak berriki emandako elkarrizketan, kudeaketa utzi ondorengoan, kulturaren “ekosistema” hitza sarri-sarri darabil. Maiz galtzen naiz kulturako euskal behatokietan hainbat terminoren errepikapenekin. Noiztenka pentsatu izan dut hausnarketa antzuetan ez ari ote garen erortzen. Ekosisteman osagaien harremanek agintzen dute. Kulturan instituzioetako politika profesionalek dute lehen hitza. Beti dago botere-harremanen zorigaiztoko ekosistema. 1993an Mala Fama nafar taldeko abeslari Mikel Diaz Larzabalek (Max Nitrofoska) esan zuen: «Zerbait egitea dena egitea da» (2023ko ‘‘Radical indefinido’’). Kultura egiteaz gaindi, euskarazko kultura sortzea ere bai. Kantu asko egiten dira euskaraz, eta kalean gutxiago mintzatzen da gurea. Estatua beharrezkoa dugula dio hainbatek geurea sustatzeko. Euskaraz mintzatzea dena egitea da. Bestela, sinetsita gaude sinestesiaren mende gaudela.