GARA
BRASILIA

Brasilek 83.988 bortxaketa erregistratu zituen iaz, 2022an baino %6,5 gehiago

M8an Rio de Janeiron hartutako irudia.
M8an Rio de Janeiron hartutako irudia. (Fabio TEIXEIRA | EUROPA PRESS)

Bortxaketak %6,5 hazi ziren iaz Brasilen, 2022ko datuen aldean. Herrialde horretan batez beste bortxaketa bat izaten da sei minutuero. Hala ere, hilketa matxistek behera egin dute hirugarren urtez jarraian, ostegunean argitaratutako azterketa baten arabera.

Latinoamerikako herrialderik handienak orotara 83.988 bortxaketa erregistratu zituen 2023an, inoizko kopururik altuena Segurtasun Publikoko Foro Brasildarra (FBSP, gaztelerazko siglatan) 2011n datuak hartzen hasi zenetik. Poliziaren erregistroetatik hartzen ditu datuak Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) honek.

2011ko zifren aldean, bortxaketak %91,5 hazi direla ebatzi du FBSPk urtero egiten duen azken azterketak. Ohartarazi zuenez, haziera hori «etengabea» izan da azken hamahiru urteetan.

Indarkeria hau jasan zuten pertsonen %88,2 emakumeak dira, eta %61,6 14 urtetik beherako haurrak. Halaber, bortxaketen %64 familiako kideren batek egin ditu.

Erregistratutako kasuen igoerak «sentsibilizazio handiago bat» erakusten duela baieztatu zion Samira Bueno FBSPko zuzendari exekutiboak AFP berri agentziari. «Biktima gehiago adoretzen dira salaketa jartzera, baina kontuan izan behar dugu, hala ere, zifra oso altua dela», gaineratu zuen. Zehaztu zuen erregistratzen ez diren kasuak ere asko direla.

«Biktimak haurrak direnean, mota honetako indarkeria denbora luzez errepikatu daiteke, harik eta arduradun batek edo eskolako norbaitek identifikatzen duen arte», baieztatu zuen.

47.000TIK BEHERA

Iaz 46.328 hilketa matxista erregistratu ziren Brasilen, 2022an baino %3,4 gutxiago. 2011tik lehenengo aldiz, 47.000 biktima baino gutxiago izan ziren; hala, hirugarren urtez jarraian egin du behera kopuru horrek.

Dena dela, hilketen tasa 100.000 biztanleko 22,8koa da, hau da, mundu mailako batez bestekoa (5,8 hilketa 100.000 biztanleko) baino ia lau bider handiagoa.

«Munduko populazioaren %3 inguru dago Brasilen, baina munduan jazotzen diren hilketen %10en arduraduna da», esan zuen Renato Sergio de Lima FBSPko presidenteak.