Surflari ernegatua

Ez zaituztet txalotuko

Nire lagunak espainolak bilakatu dira eta nire atxikimendua nahi dute. Espainiako selekzioa hautatzen duenak biztanleriaren gehiengoa bere alde du «viva España» behin eta berriz errepikatzeko; beraz, zergatik da hain garrantzitsua haientzat soilik Euskal Selekzioaren alde gaudenok ere espainiartzea?

Euskal hiritarrak selekzio espainolean daudelako txalotzen omen dute selekzio espainola. Tontakeria galanta. Euskaldunak, euskal hiritarrak (ez dira gauza bera, euskal hiritarrak Euskal Herrian bizi direnak dira, eta euskaldunak euskaraz hitz egin edo euskaldun sentitzen direnak) edo euskal jatorriko kirolariak, munduko selekzio askotan daude, diziplina desberdinetan, baina ez ditut ikusten beste herrialdeak txalotzen, haien seme-alabak faxistek hainbeste maite duten selekzio espainoleko kamisetarekin janzten dituzten guraso modernoak.

Eta errespetua eskatzen digute, haien errespetuak hain zuzen ere, gure eskubideak urratzen dituenean. Zeren Espainiako bandera eta selekzioak, edo Frantziakoak, ez dira beste edozein herrialdeetakoak bezalakoak, gure selekzioaren ukapena ordezkatzen duten banderak eta selekzioak dira. Beraz, ez eskatu niri bandera horiek astintzen dituzten kirolariak txalotzeko edo zoriontzeko, eta are gutxiago miresteko. Maila pertsonalean zerbait lortzeko egin duten hautua da, norberak ikusiko du zergatik, baina ez daitezela dagokien erantzukizuna zuritzen saiatu. Nahi dutena esango dute, baina euskaldun gisa lehiatzeko eskubidea ukatzen dien selekzioa ordezkatzen dute. Hautua politikoa da. Egunerokoan edonork egin behar izaten dituen hautu gehienak bezala.

Asko dira munduan zehar Espainiako edo Frantziako selekzioek irabaztea nahi ez duten lagunak, hain zuzen ere haietako askok Euskal Herria maite dutelako, eta Frantziako edo Espainiako banderak gure herriaren ukazioa ordezkatzen duela badakitelako. Orduan zergatik harritzen zarete gauza bera euskaldun batek esaten duenean?

Euskal Selekzioaren alde egitea estrategia galtzailea dela, paretaren kontra aritzea bezalakoa dela eta antzekoak entzun beharko ditugu, Espainia edo Frantziako selekzioko ordezkarien garaipenak bost axola zaizkigula diogunok. Agian arrazoi dute, baina batez ere indarraren arrazoia dute. Horixe bakarrik falta zaie gu «konbentzitzeko», indarkeria gehiago erabiltzea. Ez harritu oraindik mendean hartu ez dituztenak zigortzeko gorroto delitua erabiltzen hasten badira. Batzuek ahaztu nahi badute ere, euskaldunok ondotxo baitakigu gorrotoa zein aldetan dagoen. Bitartean, surfeko Olinpiadetan txalotzeko Sol Aguirre perutarra hautatu dut. Ez dakit nor den eta nola pentsatzen duen, baina abizen euskalduna du, eta gutxienez euskaldunoi indarrez ezer inposatzen ez digun herrialde bat ordezkatuko du. Gainera, abizen polita du, “Agirre”, «agerian» esan nahi duena. Ulertu nahi duenarentzat.