GARA
ZARAUTZ

Antonia Maria Manot hil da, frankismoak fusilatutako Jon Paredes Manot «Txiki»-ren eta Euskal Herriaren ama

Antonia Manot, «Txiki»ren 2018ko omenaldian.
Antonia Manot, «Txiki»ren 2018ko omenaldian. (Jon URBE | FOKU)

Antonia Maria Manot, Jon Paredes Manot Txikiren ama, zendu zen atzo, bere seme Diego Paredesek sare sozialetan adierazi zuenez. «Askatasun haizeak beti lagun zaitzala, ama», agur egin zion semeak.

Antonia Extremaduran jaio zen, Zalamea de la Serena herrian, 1928an, eta 95 urte bete berritan zendu zen Euskal Herrian. Izan ere, Zarautzera iritsi zen 1962an eta hemen bizi izan ditu asken sei hamarkadak. Zazpi seme-alaba izan zituen eta haietako bat, Txiki, frankismoaren azken fusilatuetako bat izan zen, 1975eko irailaren 27an.

«Seme bat galdu nuen, baina asko irabazi nituen Euskadin», errepikatu du behin baino gehiagotan, Txikik hil bezperan esandako hitzak bere eginez.

Atzo hitz horiek gogora ekarri zituen Sortuko idazkari nagusi eta Gasteizko Legebiltzarrean EH Bilduko parlamentaria den Arkaitz Rodriguezek.

Ez zen bakarra izan. Sortuko kide den Haimar Altunak ere Antoniaren «duintasuna» eta «borroka» goraipatu zituen. «Beti tinko, beti duintasun osoz eraman dituzu gatazka gogorraren zauriak, eta eredugarria izan zara guretzat», aipatu zuen.

«Bere aurpegian beti zegoen eraildako semearengatik duintasunezko tristura. Beti izan da ohore bat zu eta zure familia borroka honetan bidelagun izatea. Muxu handi bat senide eta lagunei», idatzi zuen sare sozialetan Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak.

«AGUR, AMA!»

Urte luze hauetan oso eskertuta agertu da Antonia Euskal Herriko gizarteak eskainitako babesari. Oroimen ekitaldietan lehen lerroan agertu da beti, eta ekimen ezberdin eta elkarrizketetan gogora ekartzen zuen nola kaletik «mutil jator askok» «agur, ama!» batekin despeditzen zuten, edo nola Txiki fusilatu zutenean Zumaiako Xey lantegitik «diru mordoa» bidali zioten. Atzo ere asko izan ziren «agur, ama!» esan nahi izan ziotenak.