GARA
BILBO

EHUk Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana aurkeztu du

EHUk Berdintasunerako Plan berria aurkeztu zuen atzo, era horretako laugarrena, eta indarrean egongo da 2028ra arte. Eva Ferreira Garcia errektoreak aurkeztu zuen plana, Aitor Zurimendi Isla idazkari nagusiak eta Elena Leiñena Mendizabal Berdintasunerako zuzendariak lagunduta.

Euskal unibertsitate publikoaren Berdintasunerako Plan berriaren xedea «diagnosi txostenek nabarmendu dituzten beharrei erantzutea» da eta «gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala txikitzea».

Azaldu zutenez, planak bost ardatz ditu: Prestakuntza; Ikerketa; Gizartea eta Kultura; Pertsonak; Gobernantza eta Baliabideak. Baita 79 jardun lerro, eta 40 adierazle, lerro horien eraginkortasuna neurtzeko.

Plan honek hainbat helburu nagusi markatu ditu: emakumezko katedradunen eta irakasle osoen ehunekoa %40 ingurukoa izatea; Tekazel langileen A mailako emakumeen ehunekoa bat etortzea, gutxienez, kolektibo horretako emakumeen guztizko ehunekoarekin; soldata arrakala erdira murriztea; Tekazel langileen %10 telelanean aritzea, eta urrutiko lanaren aukera ematea; eta ikerketan erreferente izaten jarraitzea euskal gizartean, bai eta «genero indarkerien aurkako borrokan ere».

Atzoko ekitaldian Ferreirak goraipatu egin zuen plan hau martxan jarri izana: «Gobernu Kontseiluaren babes osoa izan du, eta plana onartu da berdintasunaren aldeko ekimenek bultzada berezia izan duten aste baten testuinguruan». Zentzu horretan EHU «genero politiketan funtsezko erreferentzia» dela baieztatu zuen.