Jon ORMAZABAL
TXIRRINDULARITZA

«Gu ez gaude hemen egunero borrokan aritzeko, inolako babesik gabe gainera»

Herrialdeko Trafiko Zuzendaritzaren aldetik jasotako etengabeko oztopoekin nazkatuta eta Eusko Jaurlaritzaren babes falta sentituta, Gipuzkoako Federazioko kide guztiek dimisioa aurkeztu dute. Santi Osoro presidenteak bere arrazoiak azaldu ditu.

Gipuzkoako amateur mailako lasterketak antolatzeko oztopo handiak topatzen ditu Federazioak.
Gipuzkoako amateur mailako lasterketak antolatzeko oztopo handiak topatzen ditu Federazioak. (Oskar_MATXIN_EDESA | FOKU)

Lasterketak antolatzean herrialdeko Trafiko Zuzendaritzatik jasotako etengabeko trabekin nazkatuta eta jarrera horiek onartzen dizkion Eusko Jaurlaritzaren babes faltarekin minduta, Santi Osoro buru zuen Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritza osoak dimisioa eman zuen aurreko ostiralean izandako ezohiko batzarrean. Momentuz, errepideko denboraldia irailean amaitu bitartean, lasterketei normaltasunez laguntzen jarraituko dute. Baina urrian hastekoak behar luketen ziklo-kros, pista eta eskola kirol sasoiak -2025eko denboraldikoak- prestatzeko sasoia hau da, eta ez dute halakorik egingo. Orain hauteskunde berrietara deitu beharko dute. Inor aurkeztekotan, egin beharko duen lehen lanetako bat ezohiko hauteskunde berrietara deitzea izango da, tartean Gasteizko Legebiltzarrak kirol lege berria publikatzea espero baita.

Lehendik ere batere erraza ez zen harrobiko txirrindularitzaren egoera are gehiago korapilatuko duen erabaki zail horren arrazoiak agertu nahi izan dizkio GARAri Santi Osorok, orain arteko Federazioko presidenteak. Nekea eta etsipena dira goierritarraren hitzetatik antzematen diren sentimenduak; nekea, haien jarduna etengabe zaildu duten arazo eta trabek etenik izan ez dutelako; eta etsipena, Eusko Jaurlaritzatik ez dutelako behar adinako babesik sentitzen euren egunerokoan. Egoera ulertzeko zailtasuna ere nabarmena da, zail egiten zaielako ulertzen, lasterketa edo bestelako frogak antolatzea zergatik den askoz zailagoa Gipuzkoan, Bizkaian edo Araban baino, batean eta besteetan trafikoaren ardura Ertzaintza berarena izanda.

«Gu ez gaude hemen egunero borrokan eta eztabaidan aritzeko, gainera inolako babesik gabe. Hori da okerrena, ze azkenean lasterketak egiteko baimenak ematen dizkigute politikariek aginduta, baina era berean Trafikoko arduradunei jarrera hori izatea baimentzen diete. Ez diogu zentzurik ikusten, zertarako tentsio hori izan? Guk indarrak eta denbora beste nonbait gastatu nahi genituzke».

ARETXABALETA-ELGOIBAR

Arazoak eta trabak etengabekoak izan badira ere, iazko denboraldia airean egon eta gero, Aretxabaleta eta Elgoibarko abuztuko lasterketa historikoak -biek dituzte 75 ediziotik gora- antolatzeko topatu dituzten trabek bete dute goraino euren pazientziaren ontzia, gainezka egiteraino.

Asteburutik kanpo -abuztu erdialdeko Ama Birjinaren jaiaren inguruan- jokatzen diren bi lasterketa izanik, iaz ere kolokan izan ziren bi lasterketa hauek. Baina Federazioaren plantoaren ostean, erabaki politiko batek salbatu zituen. Gipuzkoako Elkargotik aurtengo edizioetarako ere nolabaiteko berme batzuk lotu zituztela uste bazuten ere, pareta berarekin topo egin dute, herrialdeko Trafiko Zuzendaritzatik berriz ere debekua jaso dutelako. Beste «erabaki politiko» bati esker, azkenean lortu dituzte lasterketa hauek egiteko baimenak, baina «nekatu gara. Asko izan dira halakoak, inolako zentzurik ez dutenak, azkenean baimendu dituztelako, Baina sekulako tentsioa sortzen da. Hauek ez dira konturatzen lasterketa bat antolatzen bi edo hiru hilabete lehenago hasi behar izaten dela, eta karrera askoren baimena astebeteren faltan eman digute. Antolatzaile askok ez dakite baimenik izango duten. Horrela ez dago lan egiterik». Jende askoren lanarekiko begirune eta errespetu falta nabaria antzematen du Osorok.

«Argi dugu Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzari enbarazu egiten diogula. Ez da bidezkoa gertatzen dena». Arrazoia zein den ez dakiten arren, Araban edo Bizkaian ez omen da halakorik gertatzen, eta zikloturisten martxak antolatzean ere antzera gertatzen omen da. «Beste adibide bat jarriko dizut: Euskal Herriko Itzulia dagoenean, aurreko asteburuan eta hurrengoan ez dago lasterketarik antolatzerik. Bizkaian, aldiz, bai. Ertzain berak dira, eta egiten dira».

AHALEGIN ANTZUA

EH Bildu eta Rebeka Uberaren ekimenez, iazko ekainean Gasteizko Parlamentuan agerraldi bat izan zen, non «aho batez, guk eskatu bezala, alderdi guztiek onartu zuten mahai bat osatzea. Bertan agente guztiek egon behar genuen, antolatzaile, federazio, alderdi, Ertzaintza, moto-enlazeak...». Ordutik pare bat bilera izan omen dituzte, baina federazio eta trafiko arduradunak baino ez omen dira bildu. «Konpontzeko baino gehiago, zer ezin genuen egin esateko».

Tourra, Joko Olinpikoak eta egun handietan denak agertu zale dira argazkietan, txirrindularien ondoan, «baina horiek ezin dira Amazonen eskatu. Horiek txikitatik egiten dira, eta, hau babestu ezean, alferrik ari gara».