Nafarroako jai egutegia Elizondo, Gares eta Tutera aldera begira jarriko da
Udako jai ospakizunak zabaltzen hasi dira Nafarroa osoan. Aste honetako egutegia Elizondo, Gares eta Tuterara begira jarriko da, hiru herri hauetan txupinazoak bota baitituzte asteazken honetan. Batean eta bestean egitarau oparoak antolatu dituzte.
Nafarroan badago jai herrikoiez gozatzerik aste honetan. Ipar aldetik hasita, Elizondon jaiak ospatuko dituzte bost egunez, uztailaren 24tik 28ra. Txupinazoa asteazken eguerdiko 12.00etan bota zuten eta aurten horren ardura izan duena marrazki lehiaketako irabazle nagusia izan da, Elizondoko Eskola Publikoko Unai Iribarren, hain zuzen ere. Bigarren txupinazoa Benito Menni zentroko Ion Albizek bota zuen eta hirugarrena botatzeko ardura Maddi Juanikotenak hartu zuen.
Txupinazoaren ondoren, ohikoa den moduan, Baztan Zopak banatu eta kalejira abiatu zen konpartsa, txistulari, gaitero eta txarangarekin batera. Arratsaldean musika emanaldiak, karrikadantzak eta kontzertuak izan ziren, herritarren zein kanpotik hurbildutakoen gozamenerako.
Ostegunean, hots, Santio egunean, mutil-dantzak, haurrendako jolasak, pelota partidak eta mariatxiak protagonista izan ziren, eta ostiralean konpartsaren itzulia eta kuadrillen arteko bazkaria egongo da.
Larunbatean, nekazaritza eta artisautza azoka izango da, baita mus txapelketa, herri kirolak, txapel jaurtiketa eta bertsolariak ere. Igandean, jaiei bukaera emateko, zikiro-jatea egingo dute Iriarte frontoian.
Nafarroan hegoaldera eginez, Arga ibaiak zeharkatzen duen Gares herrian jai egitaraua sei egunez luzatuko da, datorren astelehenera arte, hain zuzen ere.
Txupinazoa asteazken eguerdian, uztailaren 24an, bota zuten Garesko Saskibaloi Klubeko Emakumezkoen Talde Seniorreko jokalariek udaletxeko balkoitik. Horrela, Final Four delakoan lortutako garaipen ikaragarria eskertu zieten herritarrek kirolariei.
Itziar Imaz alkateak azaldu zuen bezala, aurtengo berrikuntza nagusia Haurren Egunaren jardueren kokapen aldaketa da. Izan ere, ibai ondoko pasealekura aldatu da, bertako itzal ederrari probetxua ateratzeko asmoz, giroa atseginagoa izan dadin ume zein haiek lagunduko dituzten helduentzat.
Horrez gain, nobedade gisa, igande arratsaldean, hau da, uztailaren 28an, Nafarroako Jota taldeak joko du.
Aipatu beharra dago, halaber, arrakastarik handiena izan ohi duten jarduerak berreskuratu dituela jaien egitarauak, esate baterako, Donejakue eguneko arratsaldeko eskupilota partidak edo mariatxien kontzertua.
Jai egun hauetan guztietan garestar nahiz bisitari guztiendako lekua egonen da, txikienetik zaharrenera, bakoitzaren gustuak edozein direla ere: ohiko banderaren agurra, zezen jaiak, Soterrañako Ama Birjinari lore eskaintza, adinekoen eguna, haurrendako jarduerak, erraldoien eta kilikien irteerak, herri bazkaria, musika emanaldi ezberdinak eta abar.
Tuteran, berriz, Santa Ana jaiak ospatuko dituzte aste honetan zazpi egunez, uztailaren 24an hasi eta 30era bitartean.
Txupinazoa asteazken eguerdian bota zuten Erlojuaren Etxeko balkoitik, eta une horretan bertan lehertu zen festa, buruhandien konpartsa, gaitero, txistulari, Tuterako Musika Banda eta Peñen txarangen doinuekin herri osoa alaituz.
Ohikoa den bezala, goizero entzierroak izango dira, alde zaharretik zezen plazara, eta gauero larrain dantza egingo dute Foruen Plazan. Herriko peñek ere egitarau zabala prestatu dute, eta ez dira faltako ohiko kalejirak txarangarekin lagunduta, herri bazkariak, musika kontzertuak…