GARA
DONOSTIA

Villabona, Astigarraga, Soraluze eta Mendaro jaietan murgildu dira asteon

Asteazken hau egun seinalatua izan da Santio eta Santa Ana jaiak ospatzen ari diren Gipuzkoako herrietan: Villabona, Astigarraga, Soraluze eta Mendaro. Denetan txupinazoa bota dute, jai egitarauari hasiera emanez, eta jai giro bete-betean murgilduta daude dagoeneko.

Soraluzen kanoikadarekin zabalduko dituzte jaiak.
Soraluzen kanoikadarekin zabalduko dituzte jaiak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Villabonan uztailaren 31ra arte luzatuko dira jaiak. Jai batzordeak ekitaldiz jositako egitaraua prestatu du bertaratzen direnen gozamenerako. Aurten, Irrika Aisialdi Elkartea arduratu da Santio jaiei hasiera eman dien erroskilla igo eta txupinazoa jaurtitzeaz. Jai batzordeak Irrikak herriko haur eta gaztetxoekin garatu duen hezkidetza lana aitortu du.

Bestalde, badira urte batzuk Santio jaiei amaiera emateko erroskillaren hileta egiten ez dela. Aurten, ordea, herritar talde batek, santioei amaiera polit bat eman nahian, ekimen hori berreskuratuko du, zenbait berrikuntza gehituta.

Astigarragan ere asteazkenean bota zuten txupinazoa, Gaztelekuko gazte eta nerabeen eskutik, beren 25. urteurrena dela eta. Egitaraua bost egunez luzatuko da, igandera arte, hain zuzen.

Atzoko Santio egunaren ondoren, gaur Santa Ana eguneko azoka ospatuko dute, Goldea eta Zipotza elkarteek eta Sagardoetxeak antolatuta. Joaldunek eta trikitilariek alaituta, baserrigintzako artisauak eta sagardo dastaketa izango dira, baita idi dema eta bertsolariak ere. Arratsaldez herri kirol jaialdia eta pilota partida profesionalak izango dira.

Larunbatean gastronomia izango da protagonista, marmitako eta patata tortilla lehiaketekin, eta igandean, erretiratuen bazkaria eta bertso jaialdia, besteak beste.

Soraluzen Santiago eta Santa Ana jaiak ospatzen ari dira larunbatera arte. Aurten danborrada da berritasun nagusia, urte batzuetako hutsunearen ondoren, indarberrituta itzuli zelako bart.

Gaur presoen aldeko bazkaria egingo dute, eta larunbatean, Soraluzeko Arrozak ekitaldia eta batukada. Musika arloari dagokionez, Zopilotes Txirriaos (ostirala 26), DJ Santos (ostirala 26), Maracumbe, Partiperes, Etxepe eta M&M (larunbata 27) eta Goxua'n Salsa (larunbata 27) iragarrita daude, besteak beste.

Mendaron ere asteazkenean hasi zituzten jaiak, arratsaldeko 19.00etako txupinazoarekin eta Katasorginaren jaitsierarekin. 2023an jaiotakoei santanetara ongietorria egin zieten pleno aretoan.

Gaur Santa Ana eguna ospatuko dute, larunbatean kuadrillen eguna eta igandean umeen eguna.

Musika arloari dagokionez, honako taldeen emanaldiak iragarri dituzte: Akerbeltz, Lisker, Beranduegi, Mugi Panderoa eta Oskarbe.

Ordizian, azkenik, joan den asteburuan hasi zituzten jai ekitaldiak eta, bi eguneko atsedenaldiaren ondoren, asteazkenean itzuli dira. Aurten, Ordizia Igeriketa, Ordizia Rugby eta Urdaneta ikastetxeko ordezkariek bota dute txupina.

Aurtengo jaiak larunbata arte luzatuko dira (uztailak 27), orduan ospatuko baitute santanazaleen eta kuadrillen eguna. Ohiturari jarraituz, Santa Anaren biharamunean, urte honetan ezkondutako bikoteek 1509tik egiten den aurreskua dantzatuko dute.

Kontzertuei dagokienez, honako talde hauen emanaldiak dauzkate: Los Tenampas (ostirala 26), Urrats eta London Orkestra (larunbata 27). Eta txosnagunean Balantza erromeria, Mutiko eta Jon Ritter (larunbata 27) izango dira, besteak beste.