Ane URKIRI ANSOLA
PARISKO OLINPIAR JOKOAK

«KOLAPSO SOZIALA», OLINPIAR JOKOEN BIKAINTASUN ANTZUA

Olinpiar Jokoak antolatzeak fintasuna eskatzen du, eliteak ulertzen duen bikaintasuna. Paris, hori lortzeko, gogor aritu da lanean, baina bidean milaka lagun baztertu ditu: etxegabeetatik hasi eta turistetaraino, hiritarren gaineko kontrola are gehiago indartuz. Modu horretan, kazetari akreditatuak dira pribilegiatu handienetakoak.

Irekiera ekitaldiko irudia. Lerro hauen azpian, bisitari bat jendarmeekin hitz egiten. Eskuinean, OMEko presidentea zuziarekin.
Irekiera ekitaldiko irudia. Lerro hauen azpian, bisitari bat jendarmeekin hitz egiten. Eskuinean, OMEko presidentea zuziarekin. (R. MAZALAN - N. KOLESNIKOVA - L. MILLIS | AFP)

Hiri Olinpikora sarbidea debekatuta, milaka kazetari Porte Maillot jauregian komunikabideentzat egokitu duten gunean -eguerdian mahai luzeen artean leku bat aurkitzea nekeza zen-, polizien presentzia are nabariagoa, sirena hotsak une oro, jendearen urduritasuna... eta paristarrak kezkatuta. Atzo zen eguna, Irekiera Ekitaldiaren eguna, Olinpiar Jokoak ofizialki abiatu zituen hitzordu handia.

Jokoak antolatzeak ezinbestean dauka dikotomia hori: batzuentzat une pribilegiatua da; besteentzat, oztopoak besterik ez. Louvre inguru osoa hesituta dago eta herenegun Gobernu frantseseko lehen ministro Emmanuel Macron eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidente Tomas Bach-ek argazki protokolarioa atera zuten. Noski, hauek pase librea daukate.

Gune esanguratsuen albotik paseatzea buruhaustea izan daiteke, errepideak moldatu dituzte, bizikletak ezin dira edonola aritu -polizia haserretu egiten da- eta akreditazioa baldin badaukazu kasik dena da libre. Paristarrek QR bidez identifikazio bat erakutsi behar dute beraien hirian libre paseatzeko. Haserrea eragin du horrek, noski, kontrola areagotzeaz gain akatsak ematen dituelako. Garraio publikoaren prezioak ere moldatu egin dira, 2,15 eurotik 4 eurora igo dituzte metroko erabilaldi bateko tiketak -17 eurotik 32ra hamar erabilaldikoak-; bitartean, kazetarioi garraio publikoan aritu eta bultzatzeko erabilera anitzeko txartela eman digute.

Macronek harro esan zuen Olinpiar Jokoen atarian, «karteristak hiritik ateratzea lortu dutela». Garaipen bat balitz bezala esan zuen, hiritar eskas eta onen arteko arrakala handitu nahian, gaizto eta zintzoen nobela bat balitz bezala. Metroan ere entzuten dira ohartarazpenak. «Karterista» hitza erabiltzen da espainolezko mezuan; italieraz, aldiz, «norbere gauzekin arretaz» aritzeko eskatzen da.

Badaude aldeak, gizarte kapitalista eta neoliberalaren oinaze gordina. Hiri garbi, fin eta bikainaren itxura emateko, etxean garbiketa egingo balu bezala funtzionatu du Parisek: gauza zikinenak, ezkutatu; kasu honetan, hiritik aldendu edo bota. Hori gertatu da etxegabeekin. Hilabete luzez jardun du Parisko gobernuak zeregin horretan, Sena ibaiaren inguruko etxegabeak hiriaren kanpoaldera edo beste udalerri batzuetara eramaten.

KEZKA SOZIALAK

Izan ere, Sena ibaia protagonista da Olinpiar Joko hauetan. Irekiera ekitaldia, inoiz ez bezala, aire librean egingo baita. Horrek, nahitaez, albo-kalteak ekarri ditu eta horregatik, hain zuzen ere, antolatzaileek zabaldu dituzten mezuak ez dira sinesgarri izan hiritarrentzat. «Giza garbiketa» hitza erabili du Nazio Batuen Erakundeko Utopia 56 ekimenak: «Pariseko kanpamentu guztiak husten ari da polizia, Olinpiar Jokoetarako hiri garbi bat izan nahi dutelako; migranterik eta asiloa eskatu duten pertsonarik gabe».

Hala, urtean zehar hainbat mobilizazio egin dituzte gertaera hauek gaitzesteko. Azkena ostegunean izan zen, Errepublika Plazan. Orotara, 12.500 herritar kanporatu dituztela jakinarazten zuen pankarta bat jarri zuten, «bazterkeriaren Olinpiar Jokoak» leloarekin batera.

«Lotsa, lotsa, lotsa» oihukatu zuten antolatzaileek. «Gure askatasunaren eta borroken zuzia piztu behar da», adierazi zuen, tinko, bertaratu zen herritar batek.

Olinpiar Jokoek ekarri dituzten albo-kalte «antisozial eta ekologikoak» salatzeko elkartu ziren eta mobilizazioaren albo banatan palestinarrak eta israeldarrak batu ziren. «Antisemitismoaren» Jokoak direla salatzen dute juduek; Macron Gazako genozidioaren konplize dela oihukatu zuten palestinarrek. Mundua ikusteko bi ikuspuntu aurrez aurre, hain zuzen ere.

Antolakuntzaren demagogia ere salatu zuten, horrelako ekitaldi masiboen eraketa birpentsatu egin behar dela ohartaraziz; batetik, Toyota edo Coca-cola -karbono eta plastiko kutsatzaile handienak- direlako babesle nagusietako bi eta, bestetik, Hiri Olinpikoa eta beste azpiegitura asko Saint-Dennis auzoan eraiki direlako, Parisko auzo txiroetako batean, Olinpiar Jokoetako ekitaldiak ikustea zailen duten bizilagunen artean, alegia.

SABOTAJEA TREN SAREAN

Ilusioa eta zirrara kezka eta haserrearekin nahasten dira. Estatu frantseseko abiadura handiko tren sareak, esaterako, eraso bat jasan du Irekiera Ekitaldia baino ordu batzuk lehenago. Parisko iparraldeko, ekialdeko eta Montparnasse tren geltokietan izan zuen eragin handiena eta kalkulatu zuten 250.000 erabiltzaile ingururi eragin ziela sabotajeak. Atzerapenak ugari izan ziren, abiadura handiko tren batzuk ohiko trenbide sarera lekualdatu baitzituzten.

Ekintza hori «Frantziaren aurkako eraso kriminala» izan zela esan zuen Jean Pierre Farandou Estatu frantseseko trenbide sareko (SNFC) presidenteak. Adierazi zuen konponketa lanak «delikatuak» izango direla eta baliteke asteburu osora luzatzea, suteek 500 kable elektriko eta zuntz optikodun kanalizazioei eragin baitzieten: «Kablez kable konpondu behar da, urregintzako lana da ia-ia».

Patrice Vergriete Garraio ministroak erasoen «koordinazioa» nabarmendu zuen, suteak ordu berean eragin baitziren, goizeko 4.00ak aldera.

Parisko Fiskaltzak ikertuko du erasoa, Estatu frantseseko funtsezko interesei eragiten dieten ondasuna hondatzeagatik. Ikerketako iturriak aipatu dituzten hedabide batzuek adierazi dutenez, hainbat arrasto aztertzen ari dira, eta horietako bat da, ekintza moduagatik, guztia «ezker muturreko» taldeek egina izatea.

Ezinegon hau ez da berria, ekainean, Sena ibaiko uraren kalitatea zela-eta, frantsesen artean #JeChieDansLaSeineLe23Juin mezua zabaltzen hasi zen: «Gu kakatzan sartu ostean, beraiei egokitzen zaie gure kaka artean bainatzea».

Uraren kalitatea hobetzeko 1.400 milioi euroko inbertsio egin behar izan da. Ur kirol batzuk bertan egingo dira, erronka hori hartu zuen hiriak, 1923tik Senan bainatzea debekatuta egon ostean. Ziurgabetasuna nagusi izan da azken asteetan, irizpide egokiak betetzen ez zituelako -Escherichia coli (E. Coli) bakterioan, adibidez-, baina azkenean Anne Hidalgo Parisko alkatea uztailaren 16an bainatu zen, kalitate ona berresteko.

ARGI IZPI BAT

Blindatua dago Paris. Halaxe aurkitu du hiria Zeelanda Berritik Europan zehar bidaiatzen ari den gazte batek, hiria libreki bisitatzeko zailtasunak izango dituela adieraziz, etsi samar. Dena dela, hiritar zein turistak, itxaropentsu dira bihartik aurrera egoera apalduko dela-eta, neurri zorrotz hauen arrazoi nagusia Irekiera Ekitaldia baita.

Zuzi olinpikoak egingo duen ibilbidean zehar 44.000 hesi daude, eta erdialdeko metro geltoki batzuk itxita egongo dira. Are gehiago, uztailaren 18tik 26ra bitartean -atzo arte, alegia- Parisko eremuen %5 mugatuta daude akreditazio eta QR baimenekin.

Orotara, 45.000 polizia eta jendarmek zaintzen dute Senako perimetroa eta beste 10.000 militar ere espero dira. Azken orduan zabaldu da Belgikako poliziak zazpi jihadista susmagarri atxilotu dituela, Olinpiar Jokoen babeserako operazio bat burututa. Apenas dakigu horrek zer daukan egiatik, baina errealitatea da poliziaren presentzia izugarria dela hiriaren segurtasuna «babesteko» lan horretan. Behin irekiera ekitaldia amaitu ostean -300.000 sarreratik gora saldu ziren-, egoerak apaltzeko itxura hartuko du, Olinpiar Jokoetako ekitaldiak hiriko eremu ezberdinetan egingo baitira, ondorioz jende andana hedatu egingo da eta, horiekin batera, kontrol neurrigabeak ere bai.