Iñaki Artola zero kilometrora itzuliko da aurtengo Donostiako ferian
Mariezkurrenarekin ariko da eta Laso-Imaz izango dituzte aurkari Baikoko adarrean. Aspekoan Altuna-Rezusta eta Etxeberria-Zabaleta izango dira.
«Kristoren poza da, egia esan. Torneo guztiak dira bereziak, baina hau niretzat zer esanik ez. Profesionaletan jokatu nuen aurrenekoa izan zen, beti oso etxekoa edo gertukoa egin zaidana, eta berriz ere jokatzeko aukera izateak ilusio handia egin dit». Profesional gisa hamar urte bete berri, Iñaki Artola bere lehen mailako ibilbidea hasi zuen Donostiako Torneora itzuliko da aurten, nolabaiteko zirkulua itxiz.
Debuta 2014ko ekainaren 28an Tolosako Beotibarren egin ostean, garaiko Asegarcek Atano III.eko feriarako hautatu zuen alegiarra, Albisurekin bikote eginda, Olaizola II.a-Ibai Zabalaren aurka jokatzeko. Ez ziren finalerako sailkatu, baina itxura ona eman zuen txintxarriak, 22-19 galduta. Hamarkada honetan, enpresaren konfiantza ez da maila berean mantendu (titular izan zen 2015, 2016 eta Albisurekin batera txapela irabazi zuen 2017an), baina harrezkero 2019an baino ez da Donostiako feriara itzuli, aurtengo bere urte ederrarekin estatus hori berreskuratu duen arte. Bide batez, nolabait, lesio batek herrian bertan ospatzea galarazi zion hamargarren urteurrena etxetik gertu ospatzeko modua izango du Iñaki Artolak.
Azken bi urteetan feria irabazi duen Jon Mariezkurrenarekin osatuko du bikotea aurrelari gipuzkoarrak eta torneoko bigarren finalerdia jokatuko dute, abuztuaren 27an, Unai Laso eta Ander Imazen aurka.
ALTUNAREN LEHENA
Aspeko finalerdia, printzipioz, abuztuaren 28an jokatzekoa zen, baina egun horretan Realak Anoetan jokatuko duenez, 26ra aurreratu dute. Bertan, Altuna-Rezusta eta Peio Etxeberria-Zabaletak neurtuko dituzte indarrak, abuztuaren 30ean iragarrita dagoen finalean egoteko intentzioarekin.
Artolaren kasuan bezala, egun gutxi batzuk lehenago debuta egin zuen Jokin Altunarentzat ere Donostiakoa izan zen lehendabiziko udako ferietako bat, nahiz eta Irujo eta Xalaren lesioek Gasteizen aste batzuk lehenago aritzeko modua eskaini zioten. Donostian David Merinorekin aritu zen lehen urte horretan, entzuteak bakarrik beldurra ematen duen bikote baten aurka; Martinez de Irujo-Zabaleta. 22-15 galdu zuen amezketarrak, baina ordutik aurrera, Atano III.ean, eta gainontzeko frontoi guztietan ere, ohiko pilotarietakoa izan da.
ZABALETA, ZUHUR
Etxarrengo atzelaria atzoko aurkezpenean izan zen eta, bertan argitu zuenez, ez da bihar Biarritzen Masterseko partidan izango eta Gasteizko ferian berragertzeko asmoa du. Uztailaren 13an, Iruñeko Olioaren Erronkan min hartu zuen soleoan eta errekuperazioa oso ondo doan arren -entrenatzen ere hasia da-, zuhurra izan nahi du eta medikuek esandako hiru asteak bete nahi ditu jokatu gabe.