GARA
DONOSTIA

Alberdi, Ozon, Costa-Gavras eta Leigh, Zinemaldiko Sail Ofizialean

Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer, François Ozon, Laura Carreira eta Xin Huo zinemagileak, azken hauek euren lehen lan luzeekin, izango dira Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioko Urrezko Maskorraren lehian ariko diren zinemagileak. Jaialdia irailaren 20tik 28ra bitartean ospatuko da.

Maite Alberdiren «El lugar de la otra» filmaren fotograma.
Maite Alberdiren «El lugar de la otra» filmaren fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer, François Ozon, Laura Carreira eta Xin Huo, azken hauek euren lehen film luzearekin, Sail Ofizialean lehian ariko direla iragarri zuen atzo Zinemaldiak.

Maite Alberdi, euskal jatorriko zinemagile txiletarra, lehen aldiz ariko da Urrezko Maskorraren lehian, fikziozko bere lehen film luzearekin, ‘‘El lugar de la otra’’, Alia Trabucco Zeran-en ‘‘Las homicidas’’ saiakeran jasotako kasuetako baten egokitzapena. Bertan, Maria Carolina Geel idazleak 1955ean bere maitalea tiroz hil zueneko benetako istorioa kontatzen du Alberdik. Zinemagile txiletarra epaimahai ofizialeko kide izan zen 2021ean eta Perlak Sailean ez-fikziozko hainbat lan erakutsi izan ditu, hala nola ‘‘El agente topo’’ (2020) arrakastatsua.

Costa-Gavras, 2019an Donostia saria jaso zuena, ere itzuliko da jaialdira, ‘‘Le dernier souffle/Last Breath’’ lan berriarekin. Zainketa aringarrietako mediku baten eta idazle baten bizitzei buruzko gogoetak biltzen dira bertan; Denis Podalydes, Kad Merad, Angela Molina, Charlotte Rampling, Hiam Abbass, Karin Viard eta Marilyne Canto dira protagonista nagusiak.

Diego Lerman argentinarra hirugarrenez lehiatuko da Zinemaldian, oraingoan ‘‘El hombre que amaba los platos voladores’’ obrarekin; Argentinako telebistan estralurtar-presentziaren ikus-entzunezko sorkuntzarik gogoangarriena kontatzen digu zuzendariak bere lan berrian. Leonardo Sbaraglia, Sergio Prina, Osmar Nuñez eta Renata Lerman nabarmentzen dira aktore-zerrendan.

Bestetik, Mike Leigh lehen aldiz lehiatuko da Sail Ofizialean, ‘‘Hard Truths’’ lanarekin. Marianne Jean-Baptiste eta Michele Austin protagonista dituela, Leighek Londresko familia baten eguneroko bizitza deskribatzen du, bai eta familia-harremanak, dolua eta osasun mentala ere, besteak beste.

Pamela Anderson, Jamie Lee Curtis eta Dave Bautista dira ‘‘The Last Showgirl’’, Gia Coppolaren lan berriko aktore nagusiak. Coppolaren filmeko protagonista nagusia showgirl beterano bat da, 30 urte ikuskizun batean lanean eman ondoren ikuskizun hori bukatu eta bidegurutzean kokatuko dena.

Edward Berger ‘‘Conclave’’ filmarekin lehiatuko da Sail Ofizialean aurten; alemanaren aurreko filma, ‘‘Im Westen nichts Neues’’ (2022), hainbat Oscar sariren irabazle izan zen (nazioarteko film onenaren Oscar saria, besteak beste). Film berrian, Ralph Fiennes-ek kardinal baten rola antzezten du. Aita Santua bat-batean hil ondoren, haren oinordekoa hautatzeko konklabea gainbegiratu beharko du protagonistak.

Laura Carreira portugaldarra ‘‘On Falling’’ bere lehen film luzearekin sartu da Urrezko Maskorraren lehian: Eskoziako biltegi handi bateko langile portugaldar baten bizitza prekarioa deskribatzen du. Xin Huo txinatarrak ere berak zuzendutako lehen film luzea -gidoigintzan ibili izan da- aurkeztuko du, ‘‘Bound in Heaven’’: gaixotasun terminala duen gizon baten eta indarkeriak harrapatutako neska baten gorabeherak kontatzen ditu.

‘‘Hebi no michi/Serpent's Path’’ filma ere emango da lehiaketan, Kiyoshi Kurosawak zuzendua, alabaren heriotza basatia mendekatzeko plan bat antolatzen duen gizon bati buruzkoa. Frantsesez filmatua, Ko Shibasaki, Damien Bonnard eta Mathieu Amalric ditu protagonista filmak. Kurosawak berak 1998an zuzendutako izen bereko filmaren -hamar urte geroago Donostiako Zinemaldiko ‘‘Japonia beltzean’’ atzerabegirako tematikoan programatutakoaren- bertsio berria da.

Sail Ofizialak ‘‘The End’’ ere hartuko du, Joshua Oppenheimerrek zuzendutako lehen fikziozko pelikula. Mundua amaitu eta bi hamarkada geroago bunker batean bizirik dirauen familia bati buruzko musikal distopikoa da.

François Ozonen ‘‘Quand vient l'automne’’ filmeko protagonistak Helene Vincent, Josiane Balasko, Ludivine Sagnier eta Pierre Lottin dira, eta emakume erretiratu baten istorioa kontatzen du: protagonistari bizitza aldatuko zaio gizon bat -lagun baten semea, espetxetik atera berria- ezagututakoan. Film berriarekin seigarren aldiz parte hartuko du Ozonek Zinemaldiko Sail Ofizialean. Urrezko Maskorra irabazi zuen ‘‘Dans la maison’’ (2012) filmarekin, eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, ‘‘Le refuge’’ (2009) pelikularekin.

Audrey Diwanen ‘‘Emmanuelle’’ filmak ere parte hartuko du Sail Ofizialean (lehiaketa inauguratuko du), bai eta aurrez iragarritako Iciar Bollainen ‘‘Soy Nevenka’’ -Urko Olazabal protagonista duena- eta Pilar Palomeroren ‘‘Los destellos’’ ere, azken hau Eider Rodriguez idazle errenteriarraren ‘‘Bihotz handiegia (Susa, 2017) eleberrian oinarritua eta Patricia Lopez Arnaiz protagonista duena.