GARA
IRUÑEA

BPGa %2,5 hazi zen ekainean Nafarroan, iazkoarekiko

2024ko bigarren hiruhilekoan %2,5 hazi zen Nafarroako BPGa, 2023ko aldi berarekin alderatuz gero. Urteko lehen hiruhilekoaren aldean ere igo egin zen, %0,7. Enplegu tasa maximoetan dago.

Enplegu tasak maximo historikoetan jarraitzen du Nafarroan.
Enplegu tasak maximo historikoetan jarraitzen du Nafarroan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako barne produktu gordina (BPG) %2,5 hazi da urteko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berarekin konparatuta. Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak astearte honetan plazaratutako datuek diote hori.

Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak aurkeztu zituen datuak atzo eta, azaldu zuenez, %2,5eko igoera hau lehen hiruhilekoko urte arteko hazkundea baino lau hamarren handiagoa da. «Hazkunde nabarmena da eta Nafarroako ekonomiak orain arte izan duen ibilbide ona sendotzen du», nabarmendu zuen.

Bestalde, BPGa %0,7 hazi zen bigarren hiruhilekoan, urteko lehen hiruhilekoaren aldean. «Oso modu positiboan» baloratu dituzte aurretiazko datu hauek, kontseilariak jakinarazi zuenez.

Nafarroako BPGaren hazkundea Estatukoa baino pixka bat txikiagoa izan da. Espainiar Estatistika Institutuaren datuen arabera, ekonomia %0,8 hazi zen lehen hiruhilekoaren aldean, eta %2,9, iazko aldi berarekin alderatuta.

ZIFRA ERREKORRAK LAN MERKATUAN

Lan merkatuarekin lotutako zifrek adierazten dute okupazioa maximo historikoetan mantentzen dela, 311.000 pertsona baino gehiagok kotizatzen baitute Gizarte Segurantzan, eta Nafarroak Estatu espainoleko langabezia tasarik txikiena du, %7,42 urteko bigarren hiruhilekoan, eta ia lau puntu Estatuko batez bestekoaren azpitik (%11,27).

Eskaintzari eta eskariari dagokienez, ikusten da, alde batetik, zerbitzuen sektoreak jardueratik tiraka jarraitzen duela, eta industriak eta eraikuntzak bilakaera positiboa izan dutela. Bestalde, kontsumo pribatuak erritmo onean hazten jarraitzen du, enpleguak eta erosahalmena hobetzeak lagunduta. Kanpoko eskariak ere hobera egin du, automobil salmentak berreskuratzeari esker.

Inflazioak, bestalde, gora egin zuen maiatzean eta ekainean. Gorakada hori petrolioaren eta gasaren garestitzeak eta zerbitzuetako inflazioak bere horretan jarraitzeak eragin dute batez ere, azpiko inflazioa %3koa izan baita ekainean.

ARRISKU FAKTOREAK

Arastik esan zuenez, nazioarteko testuinguru makroekonomiko eta geopolitikoa bezalako arrisku faktoreak gorabehera, Foru Gobernuak apirilean zenbatetsitako BPGaren %1,5eko datua gainditzea espero du aurten; hori bat dator kanpoko analistek esandakoarekin -hala nola Ceprede, Hispalink eta BBVA-, %1,8-%2,8 arteko hazkundeak aurreikusten baitituzte.

Oro har, «etorkizun ekonomikoa argitzen joan da», azpimarratu zuen Arastik.

Eurogunean eta Europar Batasunean, aldiz, %0,3 hazi zen BPGa bigarren hiruhilekoan, urteko lehen hiru hilabeteetan izandako hazkunde bera bi kasuetan, Eurostatek atzo argitaratutako lehen kalkuluen arabera.