I. GARATE - Z. IGLESIAS
DONOSTIA
PARISKO OLINPIAR JOKOAK

Oreka, esperientzia eta talde lana, kirolariek motxila askatzeko

Kirolari bakoitzaren atzean mundu bat dago, motxila bete bat. Beren maila onenera iristeko, sarritan, profesional talde bat izaten dute atzean, zenbait adituz osatua: kirol-medikua, fisioterapeuta, nutrizionista, psikologoa, prestatzaile fisikoa... Horien egitekoak xehatu dituzte, NAIZ Irratian, Olatz Egiguren Basque Team-eko fisioterapeutak eta Iñaki Arratibel kirol-medikuak.

Filippo Ganna italiarraren keinua, larunbateko erlojuaren aurkako saioa osatu ondoren.
Filippo Ganna italiarraren keinua, larunbateko erlojuaren aurkako saioa osatu ondoren. (Jeff PACHOUD | AFP)

«Kirol emankizunak entzutean ematen du ez irabaztearen sinonimo dela porrota. Nahiko nuke, adibidez, Maialenek [Chourraut] igandean bezalako porrota izan, bere bosgarren Jokoetan 12. eginda... Hor egon behar zara, eta milisegundo batean egin duzun akats bat da. Hori da ulertu behar duguna, zaila dela puntu horretara iristea eta hori dena kudeatzea... Askotan ahaztu egiten zaigu aurkariak ere badaudela; denak daude oso ondo prestatuta, sekula baino hobeto, eta guztiak pentsatzen ari dira dena ondo ateraz gero irabazi egingo dutela».

Iñaki Arratibel Olinpiar Jokoen zirrararekin busti da, ohi bezala. Chourrauten emaitza ekarri du gogora NAIZ Irratian izandako tertulian, hein handi batean testuinguruan jartzeko hitzordu olinpiko batera iristeak atzean dituen zailtasunak. Ariane Toro judokak eta Oier Ibarretxe boxeolariak 21 urterekin egin dute debuta eta lehen borrokan kanporatu zituzten; «ez lukete porrot bat bezala hartu behar, baizik eta beren ikasketaren prozesuko zati bat bezala».

Zita olinpikoaren zale amorratua handia da kirol-mediku tolosar hau, zeinak bere kontsultan Olinpiar Joko ezberdinetako koadroak dituen zintzilikatuta. Tradizioa duela 35 urte hasi zen eta aurrera jarraitzen du. Bera, ordea, bi aldiz egon da Olinpiar Joko batzuetan: behin, mediku gisa boluntario, udakoetan (Bartzelona 1992), eta bigarrenez, Imanol Rojo iraupen-eskiatzailearekin, negukoetan. «Olinpiar hirian hainbat kirolari elkarrekin ikustea, nazio ezberdinetakoak, diziplina anitzetakoak... nahasmen hori oso polita da», gogoratu du.

Erretiroa gertu ikusten du Arratibelek eta bere ibilbide zabal eta oparoan hainbat aldaketa ere bizi izan ditu. Orain, adibidez, kirol-mediku batek taldearen kudeaketa eraman behar du, analisien diagnostikoa egiteaz gain. Adaxka ezberdinak ateratzen joan dira, espezialistak: nutrizioa, psikologia, fisioterapia, errehabilitazioa, prestaketa fisikoa... «Garrantzitsua da nola kudeatzen den talde guzti hori. Txirrindularitza munduan dauden ikasle ohiei komentatzen nien ez nekiela zenbateraino arintzen den medikuaren lana edo zaildu egiten den hori guztia zure arlotik kudeatu behar duzuelako».

Eta harago doa bere hausnarketan, adaxka hauek batzuetan protagonismo gehiegi hartzen dutela-eta kezkatuta: kirolari baten arrakastan, talde honek eginiko lana emaitzaren parte bat soilik dela, gainontzeko faktore asko daudela tartean. Alegia, guztiaren oreka dela ezinbestekoa, elkarlan errentagarri bat. «Protagonismoak hasten direnean gauzak ez dira ongi joaten», azpimarratu du.

«KIROLAREN FRIKIA»

Arratibelek bere lehen esperientzia olinpikoa eduki zuen urtean jaio zen Olatz Egiguren lekeitiarra. Kirolarekiko pasioak mugitzen du: atletismoan aritua, heptatloian, fisioterapeuta arlotik jarraitu du kirolarekin estuki lotuta; lehendabizi Blume errendimendu altuko zentroan, Madrilen, eta orain, Basque Team Fundazioan. «Madrilen 12 urtez egon nintzen, lehendabizi atleta bezala eta ikasten, eta gero bertan lanean. Kresal apur bat behar nuen», eta etxera itzuli zen, bere kontsulta propioa ere zabalduz: Oreka Bat dauka izena, hain zuzen ere, NAIZ Irratiko tertulian bizkaitarrak gehien errepikatu duen hitzari keinu eginez.

Azken hilabeteetan Naia Laso skaterrarekin jardun da lanean, lesio bat tarteko. Aurreratu du herenegun egon zela berarekin, Fadurako zentroan, eta gogotsu dagoela Parisera iristeko. Bihar bidaiatuko du. «Naia oso gogorra da, ez da ezeren beldur», adierazi du, ze aldartetan dagoen galdetuta.

Prebentzio lana izaten da beraien zeregin nagusia, nahiz eta herritar askok mugitu ere ezin direnean jotzen duten beraiengana. «Prebentziorako gaude, talde lan bat. Askotan izaten da mugikortasun ariketak egin, deskargak eurek lasaiago joateko... Psikologikoki ere asko laguntzen diote», azaldu du lekeitiarrak, nahiz eta nabarmendu duen adaxka bakoitzaren lana bere horretan beharrezkoa dela: «Askotan, txantxetan, esan izan dut psikologia graduko lehen urtea konbalidatuta eduki beharko nukeela».

«Pertsona eta kirol bakoitza mundu bat da. Pertsonalki, atzean daukagun motxilak eragin handia dauka: psikologiak, profila, gorputza... Kirolari bakoitzaren inguruak eta horren orekak ezinbesteko garrantzia dauka», nabarmendu du. Esaterako, kontatzen du askotan lesio batekin joaten zaizkiola bezeroak eta, lehen begiratuan, kosta egiten dela horren arrazoia aurkitzea: «Hasten zara bere motxila irekitzen, lantaldeko beste kideekin hitz egiten eta informazio horrekin zerbait gehiago jakin dezakezu». Buru osasunaz gain, aho osasunean ere arreta jarri behar dela ohartarazi du.

Kirolaren frikia izanik, pribilegiatua sentitzen da. Espainiako Atletismo Federazioan ere aritu izan da lanean -Asier Martinezekin, adibidez- eta, nahiz eta txapelketa garrantzitsuetan «presioa» eduki dezaketen, berarentzat gozagarri da. Gozagarri egingo zaio ere Parisen, bertatik bertara, atletismo probak ikustea. Igandean bidaiatuko du eta lagunak animatuko ditu, ikurrinarekin batera.