GARA
LIZARRA

Etxarri Aranatz eta Bera, jaietarako prest; Lizarran, debekuak herri mugimenduari

Abuztuko lehen asteburuarekin iritsi dira Etxarri Aranatz, Bera eta Lizarrako jaiak. Sakana eta Bidasoko herrietan dena prest dute suziria botatzeko, baina Ega bailarako hiriburuan kontuak ez daude hain gozo: UPN buru duen Udalak ukatu egin du txosnak betiko lekuan jartzeko baimena.

Festa hasierako suziria larunbat eguerdiko 13.00ean botako dute Etxarri Aranatzen.
Festa hasierako suziria larunbat eguerdiko 13.00ean botako dute Etxarri Aranatzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Etxarri Aranatzen sei egunez luzatuko dira jaiak, bihar hasi eta datorren ostegunera arte (abuztuaren 3tik 8ra). Ohikoa den bezala, aurten ere 2023an jaiotako haurrei zapia jarriko zaie, eta ondoren festa hasierako suziria botako du Etxarri-Palestina elkartasun taldeak. Jarraian, musikarekin girotutako kalejira abiatuko da Etxarri Aranazko gaitero, erraldoi eta buruhandiekin eta Eztanda txarangarekin.

Urtero bezala, adin eta gustu guztiei zuzendutako egitaraua prestatu du jai batzordeak. Sei egun hauetan ez dira faltako herri bazkariak, herri kirolak, auzateak, zezensuzkoak, haurrendako jolas parke eta apar festak, bertsolariak eta kuadrillen arteko olinpiadak.

Musikak leku berezia izango du Etxarriko jaietan aurten ere. Kasu honetan, ez gauez bakarrik. Horrela, eguerditan honako emanaldiak iragarrita daude: Eztanda txarangaren kontzertua (larunbata 3), Chuchin Ibañez mariatxia (igandea 4), Sakana Kantuz (astelehena 5), Cumbiam Bero taldea (asteartea 6), eta Gazte Txarrak txaranga (osteguna 8). Arratsaldeetan ere izango da musika herrian zehar jai giroa zabaltzen: Gazte Txarrak txaranga (larunbata 3), Xaibor Tour 2024 ikuskizuna (igandea 4), Zidakos eta Gazte Berriak txarangak (astelehena 5), Rockalean (asteartea 6), Matraka txaranga (asteazkena 7) eta Andoni Ollokiegi (osteguna 8).

Gauetan ere, izango dute hitzordua musikazaleek, kontzertu hauekin: Howdy Bluegrass eta Gwendal (gaur bertan), Trikiteens (bihar), Pantxo Balbuena eta DJak (igandea 4), Muxutruk eta DJ Expuela (astelehena 5), Gozategi (asteartea 6) eta Joselu Anaiak (asteazkena 7).

BERAN BOST EGUNEZ

Beran, bestalde, bost egunez luzatuko dira San Esteban festak, gaur bertan hasi eta asteartera bitarte (uztailak 2tik 6ra). Jaien hasiera adierazteko altxaferoa gaur eguerdian botako dute Erraldoien taldeko kideek (gaur egun izan direnak eta baita noizbait izandakoak ere), eta ondoren jaia lehertuko da erraldoi eta buruhandiekin, Incansables txarangarekin eta gaiteroekin.

Txosnen irekierarako, berriz, gaur arratsaldera arte itxaron beharko da. Toki Onako patioan egingo da, eta bertan ere egitarau zabala eskainiko dute egun hauetan: gosari herrikoia, mozorro eguna, ginkana, herri bazkaria, jokoak…

Musika emanaldiez den bezainbatean, hauek iragarri dituzte txosnagunean: Janus Lester eta Ganibet (ostirala 2), Bengo eta DJ Fifi eta Fefa (larunbata 3), Mice eta herriko DJak (igandea 4), Atzarbale eta Xutik (astelehena 5), eta Pan con Chile eta Alarma Morea (asteartea 6).

Horrez gain, egunero iluntzeko 21.00etan dantza herrikoiak izango dira Ezpelur gaiteroen laguntzarekin, eta goizaldeko 1.00etan kalejirak Incansables txarangarekin.

LIZARRAN OZTOPOAK GAINDITU

Lizarran ere gaur eguerdian botako dute jai hasierako txupinazoa eta egitaraua zazpi egunez luzatuko da, datorren ostegunera arte (abuztuak 8). Aurtengo egitarau ofizialean hainbat berritasun izango da: astelehenetik ostegunera bitarteko entzierroak zezenkoekin izango dira, astearteko haurren egunean txikientzako idi-entzierroa antolatu da eta astelehenean Nagusiaren Eguna berreskuratu da. Bestalde, asteazkeneko bazkari solidarioan biltzen den dirua aurten Gaza iparraldeko Al-Awda ospitalerako izango da.

Egitarau ofizialetik kanpo, Lizarrako ikastolak beste urte batez egitarau propioa prestatu du. Santiago plazan ospatuko dituzte festak. Bihartik aurrera, goizero, hutsik egin gabe, entzierroa baino lehen, herri-salda eskainiko du eta arratsalde-gauetan honako kontzertuak antolatu ditu: Trikiteens (gaur), Urtz taldea (bihar) eta Lorratz erromeria eta Gozategi (etzi).

Beren egitarau propioa burutzeko zailtasunak dituztenak Lizarrako Txosnak eta beste zenbait talde dira, Udalak ukatu egin dielako txosnak betiko lekuan jartzeko baimena. Horrela, aurten UPNko Udal Gobernuak debekatu egin du txosnak autobus geltokiaren atzean jartzea, azken 28 urteetan bertan egin diren arren, eta San Benito parkera bidali nahi izan ditu. Kokapen berri honek, ordea, arazo ugari sortzen ditu, bai logistika zein segurtasun aldetik, eragile batzuek salatu dutenez jaien atarian.

Debeku honen aurrean elkarretaratze bat egin bazuten ere, Udalaren erabakiaren berri izandakoan, jaietako lehenengo egunean, gaur arratsaldean alegia, 18.00etan, manifestaziora deitu dute, autobus geltokitik abiatuta, “Txosnak lapurtu dizkigute: txosnarik gabe jai herrikoirik ez” lelopean.

Txosna jartzeko debekua jaso duen beste talde bat La Bota peña da. Azken bederatzi urteetan Santiago plazan jarri badu ere, oraingoan Udalak ukatu egin dio baimena 400 bazkide dituen eta jaietan ekitaldi ugari antolatzen dituen elkarteari. Udal erabakiari aurre egiteko, 45 ostalari eta 31 herri eragileren sinadurak jaso ditu aipaturiko peñak.