Ane URKIRI ANSOLA
NAIA LASO SKATERRAREN FINALA

TRIKIMAILUEN PARKEAN GOZATU ETA DIPLOMA ETXERA

Tokion estreinatu zen skate-a Olinpiar Jokoetan. Honek inoizko kirolari olinpiko gazteenak ekarri ditu, baita Euskal Herrian ere. Atzo lehiatu zen Naia Laso, 15 urte baino ez dauzkan bermeotarra. Finalera sailkatu zen, eta azkenean zazpigarren egin zuen, diploma olinpikoa erdietsiz. Arisa Trew, Cocona Hiraki eta Sky Brownek osatu zuten podiuma.

Naia Laso bermeotarra, skate parkeko finalean lehiatzen, La Concorden kokaturiko estadioan.
Naia Laso bermeotarra, skate parkeko finalean lehiatzen, La Concorden kokaturiko estadioan. (ODD ANDERSEN | AFP PHOTO)

Trikimailuen parke bilakatu da La Concorde. Edozein magorentzat eszenatoki ezin eleganteagoa izan zitekeena: Hôtel de la Mariane, XVIII. mendeko gobernu frantsesaren eraikina eskuinean; Grand Palais iparraldean eta Concordeko obelisko egiptoarra ipar-mendebalean, atzerago Eiffel Dorrearen begirada zitala dagoela. Handitasunaren parajea, aurrera begiratu eta zure burua txiki ikusteraino.

Hain paraje historiko eta klasikoan, baina, ez zen ohiko magorik agertu, bertan ikusi ziren trikimailuek hegan egiten zuten, jauzi, hankaz gora jarri eta, garrantzitsuena, bi hankak lau gurpildun xafla baten gainean egin zuten hori guztia, xafla bera iltzatuta balute bezala. Skaterrek hartu zuten La Concorde, skater gazteek -zaharrenak, Dora Varella brasildarrak, 23 urte ditu-, eta doinu urbanoz busti zen inguru klasikoa, irekiera ekitaldiaren esentziari eutsita.

LASO, ZAZPIGARREN

Nork trikimailu hobea egin, lehian bete-betean ibili zen Naia Laso bermeotarra. Duela bi hilabete lepauztaia hautsi eta justu antzean iritsi da bere estreinako hitzordu olinpikora -skatea kirol olinpikoa da Tokiotik, duela hiru urtetik- eta gainera, sailkapen fasean, finalerako txartela eman dion trukoa eginda (82.49) lunbarra pitzatu zuen: «Infiltratuta lehiatu behar izan dut». Igarri zaio ez zegoela eroso. Lehenbiziko bi saiakeretan lurrera erori ostean, hirugarrenean lortu zuen «txapelketa pozik amaitzea». 86.28 puntu jaso zituen, segituan nabarmendu ziren hiru arerioetatik urrun. Nolanahi ere, positibotzat hartu zuen Parisko egonaldia eta espero du bere azkena ez izatea.

Hamabost urte besterik ez ditu bermeotarrak. Alta, 14 urterekin jantzi du urrezko domina Arisa Trew australiarrak. Arin ibili zen, hegan egingo balu bezala, eta txanda batetik besterako atsedenaldietan egindako saiakerek bere fruitua eman zioten, hirugarrenean dena arriskatu eta arerio guztiak, faborito guztiak, gainditu baitzituen (93.18).

BESARKADAK

Giro sano eta ezin hobean lehiatu ziren zortzi finalistak. Bakoitza bere trikimailu ezkutuena ateratzen saiatu zen, kalean, orduak eta orduak horien bikaintasuna lortzen jardun diren horiek. Bataren poza bestearena ere bazen. Kirolari bakoitzak ere garaipena balitz bezala ospatu zuen bere trukoa bukaeraraino eramatea.

Bigarren brontzezko domina olinpikoa eskuratu berritan, Sky Brownek, hain zuzen ere, «elkar sustatu» behar dutela adierazi zuen, «kirol hau gero eta gehiago hazten jarraitzeko».

Ikuskizuna eman zuten, zentzu osoenean. Ez baitzuten ezer gorde, arriskuak hartu baitzituzten, arriskatu egin baitzuten. Hinano Kusaski japoniarrak azken bukatu zuen, hiru saioetan lurrera erorita, atzo burutzea ezinezkoa izan zitzaion trikimailuarekin kateatuta, baina pozik hala ere.

Beraien truko onenak atera zituztenak hiru dominadunak izan ziren. Trew, Hiraki eta Brown, hurrenez hurren, puntu bat baino gutxiagoko aldeaz hiruak, bakoitza bere langa gainditzeko ekinaren ekinez, La Concordera gerturatu zirenen gozamenerako jardun zuten. Badelako kirol ikusgarria eta Olinpiar Jokoen bide berri honen joeraren adierazle nagusia: azkarra, ikusgarria eta trikimailu onenen gordelekua.