Deseroso sentitzeko gogoz?
Ernst De Geer hasiberriak ikuslea deseroso sentitzea nahi du. Horretarako, estilo oso nordikoa duen “Hypnosen “ (“Hipnosis”) komedia erromantikoa zuzendu eta idatzi du. Lan honekin konformismoari eta bikote harremanei buruzko satira zorrotza plazaratu nahi du.
Andre eta Vera lehiaketa entzutetsu batera joango dira, emakumearen osasuna zaintzen duen aplikazio bat aurkeztera. Topaketara joan aurretik, Verak hipnosia praktikatuko du, erretzeari uzten saiatzeko. Une horretatik aurrera Andreren jarrera aldatu egingo da eta ustekabeko jokabidea erakutsiko du. Iazko Txekiako Karlovy Varyko Nazioarteko Zinemaldian hiru sari eskuratu zituen: aktorerik onena (Herbert Nordrum), FIPRESCI saria eta Europa Cinemas Label saria.
HIPNOSIAREN IDEIAREKIN JOLASEAN.
Ernst De Geer-ek, filmaren premisari buruz zera aipatu du elkarrizketa batean: «Hipnosiaren ideia Donald Ahatearen marrazki bizidunak ikusten ari nintzen egun batean piztu zitzaidan, Pluto txakurra hipnotizatzen duen sekuentzia batekin». Filmaren gai nagusiari buruz galdetuta, honakoa gehitu zuen: «Nola erreakzionatuko zenuke, zure hurbileko pertsona batek, bat-batean, inolako iragazki sozialik gabeko jarrera izango balu? Hori da ikusleen artean sortu nahi dudan galdera».