Ane URKIRI ANSOLA
PARIS
Entrevue
Begoña Lazkano
Piraguista

«Orain, lasaiago egonda, badakit finalerdian hobeto egin dezakedala»

Begoña Lazkano (Pasaia, 1992) Olinpiar Jokoetako azken astean lehian sartu da, 500 metroko K1ean. Rio 2016 eta Tokio 2020 Jokoetatik at geratu zen, taldeko ontziekin saiakera eginda. Hirugarrenean lortu du, banaka, eta finalerdietara sailkatu da. Bihar lehiatuko da; 11.00etan izango da bere txanda eta «errendimendu ahalik onena ematea» du xede.

(BASQUE TEAM FUNDAZIOA)

 

«Disfrutatzea garrantzitsua da. Lehenbiziko egunean ahaztu egin nintzen, urduritasun asko nabari nuelako, baina jada kontziente naiz. Lasaiago nago, eta ikusi behar dut disfrutatzeko momentu bat bezala», dio Begoña Lazkanok, GARArekin Parisen izandako solasaldian. Donostia kayak taldeko piraguista da, bai eta Basque Teameko bekaduna ere. Urteak daramatza Euskal Herritik kanpo, bere ametsaren bila borrokan: Olinpiar Jokoetara sailkatzea.

Finalerdietara sailkatzea ezustekoa izan da edo bilatutako helburua?

Bilatutako helburua izan da. Maila oso altua dago. Lehenengo egunean ez nituen sentsazio oso onak eduki. Tentsioa nabaritzen nuen. Baina egunek aurrera egin ahala, lasaiago nago, eta dena emateko prest.

Esaten da Olinpiar Jokoetara iristea zaila izaten dela. Rio eta Tokiotik kanpo geratu zinen. Aurten lortu duzu. Nolakoa izan da bidea?

Bide oso gogorra eta luzea da, polita era berean. Olinpiar Jokoetara sailkatzea zaila da, lau urtetik behin egiten diren txapelketak dira. Oso bereziak dira. Batzuetan Olinpiar Jokoetara joateko maila daukazu, baina zortea ez duzu lagun eta ez duzu lortzen... Kirolari askori gertatzen zaigun kontua da. Eta lortzen duzunean, poza handia da. Oso pozik nago hemen egoteagatik. Amets bat da hemen egotea.

Amets honetan, hasierako estropadan kosta egin zitzaizun. Emozio asko zenituen?

Bai. Txapelketan sartzeko momentuan ez duzu ezer gaizki egin nahi. Urtea oso gogorra izan da, K2an aurre-olinpikoa izan dudalako, gero K1eko sailkatze kanporaketak... Urduritasun une asko izan ditut. Orain atera behar duzu urtean zehar egindako lan guztia. Eta ondo egin nahi duzu, zure denboratan aritu nahi duzu. Lehenbiziko egunean agian horrek kalte egin zidan, gehiegi pentsatu nuelako, eta txapelketan sartzea kosta egin zitzaidan. Final laurdenak hobeto egin nituen. Amaitutakoan tentsioa askatu nuen.

Denborak aipatu dituzu. 1:53.83 minutu egin zenuen final laurdenetan. Pozik, edo gehiago eman dezakezu?

Nire ustez askoz gehiago eman dezaket. Zegoen haizearekin 1:50 egitea espero nuen... Hiru segundo gehiegi da. Ez nuen nire estropadarik onena egin. Dena ondo egingo banu eta denbora hori ateraz gero, kezkatuta egongo nintzateke, ze bihar hobetzeko tarte gutxi edukiko nuke. Orain lasaiago egonda, badakit askoz hobeto egin dezakedala, nire esku dago. Helburua da hemendik denborarik onena emanda ateratzea eta nire errendimendurik altuena eskaintzea.

Duela hiru hilabete lortu zenuen Estatu espainoleko piraguista batek inoiz lortu duen denborarik onena 500 metroko K1ean, Hungarian. 1:49.49 minutu.

Poz handia izan zen. Txapelketa horretan aukera bakarra nuen: hori egitea edo Olinpiar Jokoetatik kanpo geratzea. Arerio espainolarekin jokatzen nuen txartel olinpiko bakarra, eta final berean geunden. Tentsio handia zegoen. Normalean tentsioa nire onerako izaten da, txispa ematen didalako. Denbora oso ona izan eta hori hobetzea zaila izango da. Baina, nire ustez, gai naiz berriz hori egiteko. Piraguismoan baldintzek asko eragiten dute. Haize egokia behar duzu. Haizea kontuan izanda, 1:52ko denbora ona izan daiteke. Nire denborarik onena bilatu behar dut dauden baldintzekin.

Txapelketako tentsioa ondo etortzen zaizula diozu. Irakurri dut baita ere txapelketek motibatu egiten zaituztela normalean.

Bai, maila honetan jendea oso lehiakorra da. Maila honetara heltzeko asko lehiatu behar duzu. Beraz, aurrera egiten da lehiakorra izanda. Txapelketak ekartzen dizu zure errendimendurik onena, estimulu hori txapelketak ematen dizu. Lehiakorra baldin bazara, nire kasuan bezala, zure bertsiorik onena txapelketan atera dezakezu.

Errendimendu altuko zentroan egon zara, Madrilen, Blumen. Gero, Sevillan ere egonaldia egin duzu. Zentro hauek ez dira kirolari guztientzat egokiak, intentsoak direlako. Zure kasuan nolako esperientzia izan da?

Ez da denontzako modukoa, batez ere urte asko ematen badituzu. Etxetik urrun zaude, eta horrek eragina izan dezake. Zein momentu pertsonaletan zauden, eragina dauka. Nire kasuan, esperientzia ezberdinak izan ditut. Urte batzuetan ondo eta beste batzuetan estututa bukatu dut. Baina bizitza da bere horretan, etxean ere eduki ditzakezulako momentu txarrak. Nire ustez, psikologo batekin lan egiteak asko laguntzen du, mundu hau oso lehiakorra baita. Zure kideak zure arerioak dira. Hori kudeatzen ikasi behar da. Zure burua ezagutu behar duzu, eta hori urte askotako lana da.

Pariserako modu berezi batean prestatu zara?

Ez. Niretzat azken uneko gauza bat izan da. Modu berdinean prestatu naiz, Galizian, nire entrenatzailearekin. Ahalik ondoen iristen saiatu gara, kontuan izanda denboraldia gogorra izan dela niretzat, txapelketa garrantzitsu asko lehiatu ditudalako. Forma pikoak nabaritzen dira. Ezin duzu lau aldiz urte betean zure unerik onenean egon, oso zaila da. Maiatza zen niretzat momenturik garrantzitsuena, eta nire momenturik onenean iritsi nintzen. Orain motibazioarekin eta lanarekin mantentzen saiatu gara, eta ea erakustea lortzen dudan.

Tarte horretan Pasaiara itzultzeko aukerarik izan duzu?

Aukera gutxi izan dut. Maiatzean bukatu nuenean, aste bat eman zidan nire entrenatzaileak arnasa hartzeko, familiarekin egoteko. Asko eskertu nuen. Baina segituan lanera bueltatu ginen, badakizulako denbora gutxi dagoela prestatzeko. Eta esaten duzu, zer dira ba bi hilabete gehiago honen bila bederatzi hilez jardun naizenean! Ez zait kostatu lanean jarraitzea. Motibazioz eta gogoz edozer eramaten da aurrera.