Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
UNDER THE BRIDGE

Babesik gabeko nerabeak

Benetako kasu batean oinarritzen den miniseriea; 1997an Kanadako Victoria hirian Reena Virk izeneko gaztea desagertu eta ordu gutxira hilik azaldu da. Susmagarri nagusiak inguruan dituen lagunak dira. Rebecca Godfrey idazlearen izen bereko eleberritik edan du telesailak eta arrazakeria, bullying-a eta adingabeen arteko indarkeria bezalako gaiak mahai gainean ezartzen ditu.

Asko harrapatzen duen trama nagusi horren muinean, biziki interesgarria iruditu zaidan ikuspegi soziologiko bat ere eskaintzen du: sistema eta gizarte akastun batek babesik gabe utzi dituen nerabeen bizitza suntsitua erakusten du.

Pertsonaia ugari ditu istorioak. Baina, Reena Virk hildako nerabeaz gain, Riley Keough eta batez ere Lily Gladston-en lanak nabarmenduko nituzke. Lehenak Rebecca Godfrey idazlea gorpuztu du; idazketa prozesuan murgilduta dago, eta jaioterrira itzuliko da elkarrizketa eta ikerketa desberdinen bidez liburua osatzeko. Herri txiki bateko nerabeen ezkutuko munduan sakonki murgilduko da. Bigarrenak, Gladstoneek, polizia baten rola jokatzen du. Hau aktore itzela iruditzen zait eta telesailean lan bikaina egiten du. Bere sakontasun eta benetakotasunagatik nabarmenduko nuke.

Musikak ere pisua eta indarra du telesailean. Alex Somers-en -Sigur Ros-en ekoizlea- giro-musika estiloko soinu banda ilun eta tristeaz gain, rocka, hip-hopa eta rapa entzun daitezke, 90eko hamarkadako giro jakin horretan murgiltzeko paregabeak: Sonic Youth, Cat Power, Nirvana, The Prodigy, The Cure eta abar. Giropen lanean funtsezkoa da kokalekua ere. Era honetako proposamenetan sarritan gertatzen den moduan, inguruneak -sorgindutako lekua dirudien Victoria- berebiziko garrantzia izango du.

Miniserie bikaina iruditu zait. Ez galdu!