Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Eztandaren ondoren, gozatzeko hamaika ekitaldi eta zortzi egun

Heldu da Donostiako Aste Nagusia, urteko biziena eta luzeena. Udalak zenbait eragilerekin batera antolatutako egitarau oparoari Piratek prestatutako zerrenda alternatiboa gehituta, aspertzeko aukerarik ez da izango Gipuzkoako hiriburuan. Adin edo zaletasun guztiek haien neurriko zerbait topatuko dute.

Buruhandiak eta erraldoiak, Donostiako Alde Zaharrean.
Buruhandiak eta erraldoiak, Donostiako Alde Zaharrean. (Jon URBE | FOKU)

Lurra, airea eta ura. Aste Nagusiaren parte diren 376 jarduerek hiru elementuak baliatuko dituzte. Gehienek, oinak altxatu gabe, hiriko kaleak eta hogeita hamar bat gune beteko dituzte. Baina batzuk lepoa gora, zerura begira, jarraitu beharrekoak dira, edo aireak hedatutakoak; eta beste batzuk, aldiz, ur gainean edo barruan jai giroz blaitzen dutenak. Azken osagaia, sua, artilleroak jarriko du, Alderdi Ederreko kanoikadarekin festa leher dadin.

Gaur udaletxeko terrazan 19.00etan bilduko direnen artean Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak dira gonbidatu bereziak. Ekitaldiko protagonista aukeratu dituzte, osatu duten denboraldi ikusgarria aintzatesteko, izan ere, Liga, Kopa eta Superkopa eskuratu baitituzte. Tradizioari jarraituz, omenduek haien ahotsa batuko dute udal ordezkarienarekin, eztandaren aurreko Artilleroa abestuz.

Egitarauak ohiko eskemari eutsi dio berriro Aste Nagusian, bere nortasun ikurrak eta erakargarri nagusiak mantenduta: erraldoiak eta buruhandiak, su artifizialak, dantza ikuskizunak, herri kirolak -Aizkolaritzako Urrezko Kopa, Igeldoko Harria eta Uliako Harria-, herritarrei parte hartzeko dei egingo dien Festara Amara, Antigua eta Parte Zaharrean, txistularien alarde tradizionala...

URUMEAREN ALTXORRAK

Nahiz eta jada klasiko bilakatuak gorde, zenbait berritasun ere badakartza aurtengoak. Urumeak garrantzia hartuko du aurtengo egitarauan. Ibaia hobeto ezagutzeko xedez, kanoaz egindako bost bisita gidatu antolatu dituzte.

Eta urarekin segituz, Kursaaleko goiko terrazan, txirrista erraldoiarekin batera, 3 eta 14 urtekoentzako ur-puzgarriak ezarriko dituzte. Gazteei bideratutako gunea izaten jarraituko du, baina ez da DJ emanaldietara mugatuko.

Kokaleku berria dute haurrentzako barrakek ere. Koldo Mitxelena Kulturuneko birmoldaketa lanak direla eta, Gipuzkoa plazan paratuko dituzte. Pasealeku Berriko barrakek, berriz, Beldur Barik kanpainarekin bat eginez, berdintasun eta errespetu helburuekin bat egiten duten musika jarriko dute, eta zenbait egunetan bi orduz itzaliko, autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonek ere gozatzeko aukera izan dezaten.

SU ARTEAN, LEHIA

Lehiaketa gastronomikoek ez dute inoiz hutsik egiten, eta sukaldaritza zaleek beste aukera bat dute. Halako jarduerek pizten duten interesaren erakusgarri da jai egitaraua, aurkeztu zutenerako bost jardueretan parte hartzeko leku guztiak beteak zirela.

Askori su artean aritzea gustatzen bazaie, bestelako su batzuek badiako zerua marrazten ikustearen zaleak ere ez dira gutxi. Gauero izango dute aukera, eta azken urteetako ildotik, jaien amaierakoa berezia izango da. Portugalgo Oleirense su etxea arduratuko da ikuskizun piromusikalaz, eta film ezagunen musikak lagunduta botako du bere bilduma.

Emanaldi horren aurretik, ordea, beste egiteko asko dituzte donostiarrek. Eta musikarik gabeko festarik ez denez, eskaintza zabala eta askotarikoa du Aste Nagusiak. Kontzertu nagusien eszenatokia, ohi bezala, Sagues izango da.

Easo plaza, gauero dantzarako lekua izango da orkestren emanaldiekin; eta astelehen, asteazken, eta ostiral eguerdian, berriz, bertso saioen plaza. Boulevardeko kioskoak ere bi ildo ditu: arratsaldetan musika bandek girotuko dute gunea; gauetan bestelako doinuak izango dira, hala nola pop, mariatxi edo filmetako musika. Hori gutxi balitz, batukadak, txarangak eta txistulariak ere hiriko kaleetan barrena ibiliko dira, festa giroa zabaltzen.

PIRATEN IPARRORRATZ

22. urtez, bestelako jai eredu baten aldeko egitarau oparoa antolatu dute Donostiako Piratek. Gaur kofradiek elkarrekin bazkaldu ondoren, Pasai Txarangak lagunduta, kalejira egingo dute, giroa berotu eta herritarrak erakartzeko. Moilaberrin, 19.00etan, Ezkila Kapitainari eta Mattiri ongietorria egingo diete, eta La Flamenka guneko gotorlekura joango dira, festen metxa piztera.

Aurten, ohore hori eta piraten «aitortza publiko eta zintzoa» jasoko du herritik eta herriarentzat sortutako Kaleko Afari Solidarioak, Donostian baliabiderik ez duten pertsonei afariak prestatzeko eta banatzeko elkartutako boluntario taldeak.

Une horretatik aurrera, ekimenez beteriko egunak eta gauak etorriko dira. Bertso saioak, kuadrillen arteko jolasak, karaokea, danborrada pirata, artisau azoka... Ikur nagusia den Abordatzea astelehenean egingo dute. Haurrek ere izango dute pirata sentitzeko aukera ostiralean, abordatze txikia iragarri baitute.

Azken su artifiziala itzaltzearekin batera, musikak piztuko ditu La Flamenkako eta Trinitate plazako oholtzak. Lehentasuna tokiko musikariei emanez, egitarau «euskaldun eta feminista» osatu dute. Jaien bihotzean ariko dira Akerbeltz, Bele, Tremenda Jauria, Albina Stardust eta Divina Comedia, Bulego, Burutik, Pelax edo Sara Socas, besteak beste.

Mugimenduaren izaera aldarrikatzailearen adibide, euskalgintzaren aurkako oldarraldia gogoan, “Jalgi belak mastara eta euskara plazara!” leloaren bidez, piratena «euskararen plaza dela» eta «festa euskalduna eta euskaltzalea» izango dela berretsi dute.

Bestalde, aurreko urteetako lanean sakonduta, Piraten Lantalde Feministak erasoak salatzeko puntu more bat jarriko du, eta pairatu duenari laguntza emango diote, Udalak Boulevardean jarriko duen artatze gunera joateko.

Jaietan ere erasorik gabeko festa eta hiria nahi duten arren, tamalez erasoak egongo direla uste dutenez, horiek salatzeko elkarretaratzera deitu dute jaien azken larunbatean, 20.00etan, La Flamenkan. Horrez gain, 12an jai gunea hartuko dute feministek. Zenbait ekintza prestatu dituzte, besteak beste, bazkari disidentea edo kalejira transfeminista.