Zuriñe IGLESIAS
DONIBANE LOHIZUNE
Entrevue
MAIDER BEREAU
Arraun Lagunak-eko arraunlaria

«Mugarik gabe segitzea da taldeko espiritua»

"Lugañene" traineruak Euskotren Liga irabaz dezake asteburu honetan. Lau estropaden faltan, 23 puntuko aldea du Tolosaldearekiko. Maider Bereau (Baiona, 1989) taldeko arraunlariak esan du ez dutela «horretan pentsatzen», eta helburua ez dela «bandera guztiak irabaztea, estropada guztietan onena ematea baizik». Gaur Hondarribian arituko dira.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

 

Ur Joko Arraun Taldeak Donibane Lohizunen duen tokian entrenatzen du batzuetan Maider Bereau (Baiona, 1984) Arraun Lagunak-eko arraunlariak. Batez ere neguan pasatu ditu ordu asko ergometroan aurrera eta atzera. Horietako egun batean Bereau jo eta su ari zen ergometroan, bete-beteko entrenamendua osatzen. Nekeak jota, «ufa eta ufa» ozen ari zela, Lapurdiko arraunlariak barrez hasi ziren. Jon Salsamendi Lapurdiko entrenatzaileak, ordea, segituan isilarazi zituen: «Berak Kontxako Bandera bat irabazi du, eta zuek ez». Orduko izerdiari jada distira atera dio Bereauk.

Orain arteko estropada guztiak jokatu ditu, eta gaur Hondarribiko estropada berezia izango da baionarrarentzat, etxetik hurbil arraun egingo baitu.

Aurten asko gozatzen ari zarete?

Bai. Momentua ongi bizitzen dugu, eta beti esaten dugu: «Gozatu, gozatu eta gozatu», Eta eguna bukatu eta gero, pentsatzen dugu: «hurrengora».

Liga oso bideratuta duzue, eta asteburu honetan jada matematikoki lor dezakezue. Nork esango zuen, Zarauzko Ikurrina jokatu aurretik, liga irabazita eduki dezakezuela.

Liga hasi baino lehen edo urtea hasi baino lehen ezin da horrelako gauzarik pentsatu edo asmatu. Egia esan, hori ez dugu gure artean pentsatu ere egin. Hori da zuek, kazetariek-eta, esaten duzuena. Elkarrizketan hori esan, eta guk pentsatzen dugu: «A, bai, egia da» [barrez].

Orduan, oraintxe buruan duzuena da bandera guztiak irabaztea?

Ez da hori gure helburua. Gure lehentasuna da estropada guztietan gure onena ematea. Eta irabazten badugu oso ondo, baina galtzen baldin badugu, guk gure onena eman dugu eta ez dugu ezer gehiago egiten ahal. Eta zorionduko dugu beste taldea ere. Helburu hori lortzen badugu, bikain; ez badugu lortzen, ez da ezer gertatuko, eta segituko dugu gure lanean.

Jokatutako hamabi estropadak irabazi dituzue: itsaso mugituan, bareagoan, erlojupekoan... Denetan gailendu zarete. Ezin lapurtu bandera “Lugañene”-ri.

Joan den urtearekin alderatuta, aurten hori desberdintasun bat da. Joan den urtean bagenekien itsasoan zailagoa zela guretzat, eta mentalki ere aldea ikusi dugu. Joan den urtean iristen ginen itsasoko estropadetara hau pentsatzeko: «Ez da gure eremua, ez gara faboritoak, ez dugu lortuko...». Aurten ez. Aurten da: ahal dugu, eta lortuko dugu.

Urrutira joan gabe, Orioko azken estropadan, aurreneko aldiz Orioko bandera astindu duzue.

Bai, eta gainera estropadan, barrutik ez dugu batere bizitzen, kanpotik desberdina da. Baina estropada egin eta gero begiratu ETBko irudiak... Orduan bai pentsatzen dugu irabazi dugula, eta manera horiekin... Oso polita izan da.

Oriok indartsu hasi zuen estropada. Brankaz estropada buruan zegoen. Ziabogaren ondoren, baina, zuek kaleari eutsi, eta hor aldea handitu zenuten. Epailearen txalupa ere tartean zegoen. Baina, hala ere, oztopoak oztopo, zuek garaile.

Egia esan, epailearen barkuaren momentua bizitu nuen ETBko irudietan. Barnean ez nintzen batere konturatu horrelako momentuaz. Arraun egiten dudanean, beti begiratzen dut poparat. Beraz, ikusi dut Andrea [Astudillo, patroia] bere eskua mugituz, eta pentsatu dut badela zerbait. Baina ikusi dut ere bere aurpegia konfiantza askorekin, ez zen beldurrik bere aurpegian. Beraz, nik segitzen dut konfiantzarekin. Gero, Orio genuen ondoan. Ainhoarekin [Etxenike, Orioko arraunlaria] entrenatu naiz negu osoan hemen, Ur Jokoan. Beraz, badakit Orioren maila nolakoa den, eta normala da haiek parean izatea momenturen batean.

Tolosaldea izan da gehien gerturatu dena. Baina, Castron ere, Tolosaldea berriro parean, baina poparean hanka egin zenuten.

Tolosaldea San Pedron entrenatzen da, Trintxerpen, eta gu ere bertan uretan entrenatzen gara. Negu osoan ikusi ditugu haien entrenamenduak. Badakigu bai fisikoki bai teknikoki hor direla. Pauso bat aurrera eman dute, joan den urtearekin konparatuz. Merezi dute toki hori, eta haien lana da. Talde oso ona da teknikoki, eta kirolariak ere badira. Baina pertsonalki ere neska oso atseginak dira, eta bada giro oso ona talde horretan.

Tolosaldea hurbiltzen denean, ez zarete urduri jartzen, burua hotz mantendu eta lasai jarraitzen duzue lanean. Heldutasuna irabazi duzuen seinale?

Bai, hori segur. 2022an ez nintzen taldean, baina haiek mentalki momentu oso zaila bizitu zuten. Beraz, handik ikasi dute anitz. 2023an sartu nintzen taldean, eta ikusi dugu ez trauma baina bai... beti 2022ko urtea erreferentzia bat zela. Eta beti hauxe esaten zuten: «Ez ditugu gauzak ongi egin, hobetu behar dugu...». Aurten bada heldutasun hori. Burua hotz dugu, badakigu zer ahal dugun egin, eta gure artean bada konfiantza anitz ere. Ni dena ematen ari naiz, baina badakit nire tosta-kidea, nire aurrekoa, nire atzekoa... bagoazela denak elkarrekin. Bada taldeko giro on bat, eta taldeko indar bat, potentzia bat.

Prestakuntzan ere, gogorrago jardun duzue? Edo zein da zure sentipena?

Mugarik gabe segitu, hori da. Behin Etxaberi hau esan nion: «Sartu naiz estropadatik, egin dut asteleheneko entrenamendua, eta pentsatu dut nire gorputzarekin ez dut ezer atera eta azkenean entrenamendu on bat egin dut». Eta Etxabek esan dit: «Ez baldin baduzu zuk bakarrik eman zure muga, inork ematen badizu mugarik, zure buruak ematen dizu muga. Ez dakizu inoiz non diren zure mugak». Hori da taldearen espiritua.

Iazko urtearekin alderatuta, ez dago zalantzarik zuen errendimendua koska bat igo dela. Eta aurkariena?

Pentsatzen dut denak aurrera goazela, hori da kirolaren mundua. Bestela ez da lehiarik, ez da errekorrik... Beraz, bai, denak bagoaz aurrera. Eta gero dena da taldearen arabera. Gurean erdia, edo agian gehiago, duela urte batzuk ibiltzen dira elkarrekin, eta horrek indar gehiago ematen du. Ez baldin baduzu ongi ezagutzen zure tosta-kidea, desberdina da.

Aipatu didazu estropada guztiak irabaztea ez dela zuen helburua, baina Astudillo patroia esan eta esan ari da...

Lortzen baldin badugu, historia markatuko dugu, eta hori oso polita izango da.

Gainerakoentzat ere zerbait utzi beharko duzue ala?

Plazera [barrez].

Osatzen ari zareten denboraldiaz, zer balorazio egiten duzu? Hamarrekoa?

Ez dakit. Beti bada gehiago.

Gaurko eta biharko estropaden ostean, badator jarraian Zarauzko Ikurrina eta ondoren Kontxako Bandera. Kontxa irabaztea denboraldiari ginga jartzea litzateke?

Kontxa da beste kapitulu bat, eta badakit guretzat beste kapitulu bat izango dela, baina beste taldeentzat ere bai. Eta etorriko dira gose anitzekin, bai Kontxako Bandera irabazteko, baina baita gu irabazteko ere. Badakit oso zaila izango dela, eta hori badakigu, argi dugu. Lanean segituko dugu.

Gaurko estropada Hondarribian jokatuko duzue. Berezia izango da zuretzat?

Bai, oso. Etxetik hurbil lehena da, eta badakit lagun batzuk hor izango direla. Gainera, larunbat horretan nire urtebetetzea izango da. Beraz, ahal badute beste opari bat egin. Hartuko nuke [barrez].

Iaz batu zinen taldera, aurretik Lapurdin aritu ondoren. Tartean ere urte bat arraunean lehiatu gabe egon zinen. Aldaketa handia izango zen Lapurditik Arraun Lagunak-era pasatzea.

Bai. Alberto [Grijalba] gure prestatzaile fisikoak hau esan zuen joan den urtean: «Begira, hemen badugu tren bat, badira neska batzuk tren-makinak direnak, eta beste batzuk, horiek, (eta hor seinalatu gintuen Joana [Halsouet] eta biok), atzetik edo bukaeran etortzen direnak. Baina talde bat egiten duzue». Txantxetan esan zuen, baina egia da gu ETE ligan ibili ginenean, beti ginela azkenak edo azken-aurrekoak. Hala ere, bagenuen lagun talde bat, eta giro oso on bat. Asko maitatu ditugu urte horiek, sekulakoa izan da. Bai, emaitzak ez ziren hor, baina oso ongi pasatu genuen. Eta orain Arraun Lagunak-eko abentura da... Joana oso lagun on batekin hori bizitzea, eta orain neska horiek... Bai tosta-kideak dira, baina lagunak ere bai. Ez dakit hori hitzetan azaltzen, beste gauza bat da.

Ligan badituzu aurkari Lapurdiko taldean aritutako zenbait arraunlari.

Bai. Lapurdiko arraun taldean pena bat da nesken ontzia ez izatea, baina oso zaila da. Arraun Lagunak taldean badute azpiegitura bat, traineru bakarra dute, eta beraz, indar guztiak ontziarentzat dira. Zuzendaritza, laguntzaileak... hor dira denak guretzat. Hemen sortzen baduzu beste talde bat, bada traineru bat, badira arraunlariak, baina bada baita ere antolaketa erraldoi bat. Hori dena lortzeko, eta giro on batekin, oso zaila da luzaz mantentzea. Gizonezkoek lortu dute, eta segitzen dugu. Agian egun batean nesken taldea berriro aterako da, eta hala espero dut iparraldeko arraunlarientzat. Baina bada lana.