Beste monumentu bat eraiki du Hassanek Parisen
Astebetean domina bana hiru lasterketa exijentetan. Brontzea 5.000 eta 10.000 metrokoan eta urrea maratoian, azken esprintean. Emil Zatopeken hiru garaipenak ez ditu berdindu, baina hiru domina irabaztea ere nahikoa balentria da, 1952tik inork lortu gabekoa. Sifan Hassanek sinatu du Parisko beste monumentu baten diseinua.
Tigst Assefak -munduko errekorraren jabeak, 2:11.53 denborarekin- azken kilometroan jo zuen erasoa behin betikoa izango zela pentsatzen zuten Les Invalideseko helmugako marran pilatu zen publikoak eta adituek. Iskinara begira zeuden, azken bihurgunean atleta etiopiarra ikusi eta txaloz harrera egiteko. Azken metroetan, baina, Sifan Hassanek sekulako esprinta jo, harrapatu, iskin egin eta pasatu egin zuen, Les Invalidesera, atzera begiratuz, garaipena ospatzeko gosez iristeko. Garaipena eta errekor olinpikoa, erlojua 2 ordu, 22 minutu eta 55 segundoan geldituta.
Sekulakoa, monumentala -ezin egokiago, Parisko jauregi eta monumentuen artean ibili baitzen-. Parisen beste monumentu bat eraiki du Sifan Hassanek. Aukera ñimiñoena ere baliatu zuen azken ekinaldiarekin irabazteko. Maratoia hasi baino 34 ordu lehenago, 10.000 metroko finala lehiatzen ari zen eta brontzea kolkoratu zuen. Egun batzuk lehenago, kolore bereko domina irabazi zuen 5.000 metrokoan. Alegia, astebetean hiru domina kolkoratu ditu. Ez da zerbait berria jatorri etiopiarra daukan atleta honengan, Tokioko Jokoetan 1.500, 5.000 eta 10.000koan urrea irabazi baitzuen.
Parisera begira, erronka are handiagoa zuen Hassanek, Emil Zatopeken balentria berdintzeko asmoa baitzuen. Atleta txekiarrak Helsinkiko Olinpiar Jokoetan, 1952an, hiru urre irabazi zituen, 5.000koa, 10.000koa eta maratoia. Emaitza bera errepikatu ez, baina hiru probetan domina bana kolkoratuta egingo du etxerako bidaia Sifan Hassanek, Zatopekez gain beste inork lortu ez duen loria dastatuta. Garaipen monumentala erdietsita.
SUFRIMENDUA
Horrela kontatuta badirudi aise irabazi zuela, sufritu gabe, baina herbeheretarrak gogoz sufritu zuen 30. kilometroko pendizan. Bi etiopiarrek (Assefa eta Shankule) eta hiru kenyarrek (Obiri, Lokedi eta Jepchirchir) jarri zuten erritmo beldurgarriarekin apur bat atzean geratu zen. Bertan bukatu ziren aukera guztiak Aguraingo bizilagun Majida Maayoufentzat ere. Ordura arte, jatorri marokoarra daukan arabarra eroso zegoen lasterketaren buruan, onenekin, baina 35. kilometrora sufritzen iritsi zen eta ezin izan zen berrindartu. Hala, erritmoa jaitsi, eta azkenerako 17. bukatu zuen, irabazlearengandik 6 minutura. Hain sasoi onean ikusita, gehiagorekin amets egin zuen Maayoufek. «Banekien 28. kilometro horretan erasoa joko zutela, baina ezin izan dut erritmoa mantendu 35. kilometroko anogunean huts egin dudalako». Hassanekin parez pare ibiltzetik, herbeheretarrak aurreko multzoa nola harrapatzen zuen ikusi zuen Maayoufek, eta honen indarrak itzaltzen joan ziren.
Etiopiarrek eta kenyarrek ez zuten probestu maldan gora Hassanek erakutsitako ahuldadea eta, behin taldera batuta, beste arerio gogor batekin egin zuten topo; are, azken kilometroetara erasorik jo gabe iristeagatik, herbeheretarra borroka betean sartzea ahalbidetu zuten.
ITZALPEAN
Sifan Hassan itzalpean egotea gustatzen zaion atleta da, bigarren maila batean, nahiz eta Parisen foku guztiak gainean zituela jabetu. Itzalpeko jarrera horretatik ere badu karismarik. Sifan Hassan da, arnasa luzeko hauspo amaiezina.
Lasterketa hasieran multzo handian mantendu zen. Hautagai indartsuek erritmoa altxatu zutenean eta tarteak irekitzen hasi zirenean, baina, estutu eta lehen multzora batu zen. Ez zen inoiz erbi lanetan ibili, protagonismoa beste atletei utzi zien, azken kolpe zitala prestatu bitartean.
Historiarako geratu da bere balentria, bi Olinpiar Jokotan, jarraian, hiruna domina poltsikoratuta, arnasa luzeko lasterketetan hauspo handiena duela berretsita. Duintasuna ere altu mantentzen saiatu zen. Etiopiarrek azken bihurguneko tirabirengatik helegitea jarri zuten, urrea Assefarentzat izan behar zela argudiatuz. Epaileek ez zuten ontzat eman, urrea Hassanek ospatu zuen eta, haserre, uko egin zion zilar eta brontzezko dominen irabazle Assefa eta Obirirekin batera prentsaurrekoan ateratzeari.